ITURISSA

Duela bi urte inguru ohiko komunikabideek Auritz-Aurizberri alderdian baskoi hiri bat “kausitu” bide zuten.

Aski ezaguna, halere, hamaika historia ikerlan lekuko, duela hogeita bortz urte hilerriko indusketa ere burutu egin zuten, Otegi zelai aldean, alegia.

Edonola ere, aurkikuntza pozgarria da, hiria handia balitz “saltus-ager” topikoa berriz ere kolokan bailitzateke, hots, bultzatzen ohi duten Mendialdea-Erribera eta euskara-erdara banaketa zuria, faltsua, ahulduz.

Halaber, erromatar aldian nafar lurraldeak hagitz populaturik zeudela berriz ere baieztatuko luke, balizko “isolamendua”, “baskoien bazterketa” deuseztuz.

Gure sena, nortasuna, jite, izaera, kultura, hizkuntzaren biziraupena, berezko antolaketa, arau, lege, foru eta bertze ez diogulakotz “isolaturik bizi izatea”ri zor, alderantziz baizik.

Prentsan, edonola ere, zentzurik gabeko ohiko astakeriak karrikaratu zituzten:

“Pirinioetako lehen bi miliariumak aurkitu dituzte”, “Antigua ciudad romana situada a las faldas del Pirineo navarro”, “los antiguos moradores romanos de esta población”, “la ciudad estaba habitada por soldados vascones que actuaban como auxiliares del ejército romano”, “ha habido una continuidad de la ciudad a lo largo de los siglos, primero habitada por los vascones y luego también por los romanos”.

Beraz, kasu, batzuek ez baitakite zer den baskoi, zer erromatar…

Eta zergatik zaie garrantzitsuagoa “Iturissa” hau Irunberri, Oibar, Kastejon edo Tutera esparruetan agertzen dena baino? Haiendako “baskoagoa” delakotz?

Ene aldetik, Juan Mari Martinez Txoperena ikerlari bikaina eta Arantzadi Elkartea biziki zoriondu nahi ditut, haien lanak gure historia aberasten baitu!