Ixebarenean

Amarekin ixebaren baitarat joan naun. Aspaldian geundenan elkartu gabe, betiko kontua dun: zahartuz joanez gero ahaideekin gero eta harreman xume eta tartekatuagoak izaten ditinagu. Gaur, aldiz, bisita egitea xedatu dinagu. Herrirat sartu garelarik lehen Mendia zeritzan kaskorat igan gaitun, egia erran beti laketu zaidan ixeba Karmenen etxea bertatik ordoki gaitza ikus baitaiteke. Kaskotarrek aise kontrola litzaketen ordokitarrak nahi izanez gero, nork zekik ez ote den halako zerbaitengatik iritsi gaurdaino herria bitan banatzeko sailkapen hori, herria-hiria, goikoak eta mendi-behekoak…

Ixebaren etxea leku aldapatsuan zegon, sukalderaino iristeko zurubi luze-luzea zegon (ez Alostorreakoa bezain luzea, baina bai nekatzeko modukoa). Atean jo ondotik amaren lehengusinak ohiko harrera amultsua eman zigun. Musuak, ferekak, besarkadak. Sukaldean jarri gaitun, sortu dugun azantzak oxaba din iratzarri eta gureganaino etorri zaigun. Haren agurra epelagoa izan dun aspaldi erraldoian baitago ia arras itsu, gixagaixua.

Solasean hasi gaitun herriaz eta haren jendeaz. Nahi gabeko haurdunaldi xelebreenez eta adopzio bitxiez (ordokitar batek minbiziak jota dagoen herriko kaskotar baten alabañoa bere gain hartu din).  Uholdeak eramaniko erreka-ontziaz (duela berrogei urte gertatuagatik, jendeari oraino gogoratzen zaion!). Eztei berriez eta …  hiletez.  Herrian txoil ospetsua izan zen gizona hil dun. Ohatzean, lasai-lasai. Deus berezirik ez zeukanan. Zaharreriak eraman din. Amak, hilaren izena entzun bezain agudo, biraoa bota din, kontuaren bitxia ez baitu nehoiz halakorik botatzen. Gaur, aitzitik, ez din kontrolatu nahi ukan gogo hori, nahita bota din biraoa. Nahita eta ozenki. Ixeba ama lasaitzerat bermatu dun, giroa eztitzerat edo asotsa apaltzerat bederen. Orduan ama, lehengusina ez mintzeko, era lasaiagoan mintzatzen hasi dun. Estatu kolpeak herrian eginiko sarraskirik ankerrenetako partaide izana zunan hil berria. Torturak ere burutu zitinan eta alargunarazitako batzuk bortxatzen ere ibilia zunan anitz urtez erregimenak babesturiko zigorgabetasunean. Kasurik gaitzenak aipatu ditizten, aldameneko alargunarena, haren alabarena hamasei urterekin bortxatua …

Bertze kasu batzuk agertu ditun eta oraindik argitu gabe daudenak. Amak mutil batena aipatu din. Urlia gaztea zunan nazionalek herria menperatu zutelarik. Etxeko heian kukutu zunan harrapa ez zezaten. Egun batean, aldiz, hilik agertu zunan Intxarteko ezpondan.

Nehork ez zekin nork hil zuen—erran din amak.

Ixebak keinu adierazgarria egin zion amari, jende gehienak ez jakinagatik, ezagun omen dun nork hil zuen. Amari kopetako ximurrak ia desagertu zaizkion harridurak bekainak zeharo goititu dizkiolako. Jakin-nahiak din eukurugaiztu, jakin-goseak erantzunari berantetsarazi, izena behar din. Hainbertze urteren ondotik Urliaren hiltzailearen izena ezagutu gura din.

Hondarrean, ama mailua baino astunago aritu eta gero, ixebak aitortzea erabaki din. Baina lehen haren jarrerak hagitz estonatu nain. Zegoen aulkitik leiho baterat joan dun, errezela poxi batez kristaletik urrundu eta kanporat so egin din nehor entzuten ari ez zela egiaztatzeko. Ondoren sareta jaitsi din. Gero sukaldeko leiho guztietan berdin aritu dun. Ama, dagoeneko, erabat luzetsirik zegon. Lehengusina hurbildu egin zaion, elkarri begira geratu ditun une batez, amak bukaezin iritzi dion une batez, ixebak luzatu nahi zuen une batez, niri pixagalea areagotu didan une batez. Ixebak belarrira xuxurlatu zion erailearen izena. Xuxurlatu! Leihotik nehor hurbil ez zegoela egiaztatu eta saretak jaitsi eta gero xuxurlatu egin zion izena.

Etxerainoko bidaia amaren arrosarioa entzuten eman dinat. Oren beteko arrosario saioa. Amak ez zidan erran nahi ukan izena. Biga bortzetan garai hartakoa nolakotsua izan zen azaldu badigute ere, halako egoerek gertatu zenaren herena ere ez dakigula ohartzeko balio ziguten.