SOZIOLINGUISTIKA I

Soziologiaren funtsa oso zabala da, eta jakina denez gizartearen eta gizarteak inguratzen dituen arlo guztiak (edo ahal dituenak) ikertzen ditu. Askotan kolokan jartzen dira soziologiak ikertzeko erabiltzen dituen tresnak. Askok metodo zientifikoa erabiltzen ez duela egozten diote, baina ikerketak eta soziologoek erakusten digutenez, soziologia zientzia bat bezala ulertu behar dugu. Argi dago soziologoa pertsona bat dela eta pertsona bezala subjektu dela. Subjektuak ez dira inoiz izango objektuak, beraz ikerketak, idazkiak… ez dute inoiz izango guztizko ikuspuntu objektibo bat. Pertsonak garen heinean gure subjektibotasuna islatuko dugu gure idazkietan, jokabideetan edota gure pentsatzeko moduan. Antzeko zerbait gertatuko zaie historialariei, gizarte langileei edo edozein pertsonari.

Ikertzeko tresnak asko garatu dira azken urteotan, eta noski, garrantzia handia eman zaio subjektibotasun honi. Inkesta kopuru handiago batekin edota inkesta eredu ezberdinekin objektibotasuna asko garatu da. Azken finean soziologoek orokortu behar ditugu gizartean ematen diren errealitateak hauek azaldu ahal izateko.

Zientzia honetan pixka bat landu dudan arloa soziolinguistika izan da. Soziolinguistikaren xedea hizkuntzen errealitatea gizartean azaltzea da, hau da, nola hizkuntzak erabiltzen diren gizarte ezberdinen araberan. Hizkuntza berbera ez dute maila berdinean erabiliko gizonak eta emakumeak, klase altuko edo klase baxuko pertsonak, ezkertiarrak edo eskuindarrak, kristauak edo musulmanak… Beraz soziolinguistikak azalduko digun errealitatea hizkuntza batena izango da, baina beti testuinguru sozial zehatz batetan kokatua. Soziolinguistikak ez du inoiz azalduko hizkuntza baten egitura edo gramatika, hauek hizkuntzalarien helburuak dira.

Behin guzti hau gainetik azalduta, idazki honen helburua nire gradu amaierako lanaren laburpen bat egitea da. Azkeneko sei hilabetetan murgilduta egon naiz soziolinguistika ikerketa proiektu batean, eta proiektu honek “euskararen erabilera sare sozialetan Nafarroako d ereduko ikasleen artean” izenburua izan du.

Testuinguru bezala (proiektu hau azaltzeko) eta behin azalduta soziolinguistikaren helburuak, funtsezko termino bat azaltzen zaigu: diglosia. Diglosia terminoa soziolinguista askok erabili dute XIXgarren mendean Jean Psicharik lehenengo aldiz erabili zuenetik. Diglosiak gizarte zehatz batetan ematen den egoera azaltzen du, hots, gizarte batetan bi hizkuntza existitzen direnean eta hauetako batek prestigio handiagoa duenean bestea baino. Prestigio handiagoa duen hizkuntzak erregistro formaletan erabiliko da eta askoz formalizatua izango da; eta prestigio gutxiko hizkuntza erregistro ez formaletan izango du nagusitasuna. Adituen arabera, diglosia eta elebitasuna ez dira sinonimoak, baina hau ez da izan ikerketa honen ardatza. Aztertu beharko da zer faktoreek eragiten duten diglosia egoera batek, eta Nafarroan “Euskararen legea” izan daiteke adibideetako bat; hau da, nola administrazio batek sustatzen duen hizkuntza batek erregistro formaletan erabiltzea eta bestea erregistro ez formaletan.