Zakur arriskutsua

Egun handia zen, jendeak bere jantzirik egokienak prestatu zituen, jakina, egun berezia, kanta bereziak, jai berezia… baserritar jantzian zihoan talde osoa. Ez da egunero suertatzen den kantaldia egun hartakoa. Berezia da, ez dakit norainoko eragina duen erlijiotasunak ala soilik jendearen besta nahia den horretara bultzatzen duena, nolanahi ere den urtero jendetza elkartzen da abesbatza gisan karriketan barna.
Ohitura handia da herrian, hagitz jai errotua da gurean; lanean edota ikastolan piper egin daiteke, nire psikoanalistak osasungarria ere badela erran dit behin baino gehiagotan, haren ustez kontsulta batek bezainbat balio dezakeen isunak merezi du. Astearte buruzuri batean huts egitea eta etxean egoiteak edo herria ustiatzeak Freuden beraren dibanak baino terapia hobea egin diezaguke, ene psikoanalistaren aburuz betiere. Baina Agata Deuna egunean ezin huts egin daiteke, lur jota egonik ere, istripua izanagatik, hileroko nazkagarriaren minek arras minberaturik egon arren, joan beharra da. Urtean behin baizik suertatzen ez den jaia da eta soilik egun horretarakoxe balio dute orduko kantuek. Hamaika aldiz bildu gara abestiak prestatzerat, bai, denetan txoil ongi egon gara, baita, baina karrikaratu ezean horrek guztiak ez du jatarako balio.
Aitzineko egunetako izerdiak akitu dira, egin beharreko zintzur-xahuketak eginik dauzkagu, txistulariak ere prest dira, danborra joilea ekin zaio bere 2/4ko erritmoari. Txistulariak bigarren konpasean-edo hasi dira. Ondotik jendea: 

Zorion, etxehontakodenoi!
Oles egiteragatoz…

Aitzin eguneko entrenamenduak bere emaitzak utzi ditu, ongi ari gara, ondo dihardugu (halaxe erran berri du Durangarrak), ahotsen mihiztadura erabatekoa da, mihiztaturik gaude, alajainkoa!

Errematea heldu zaigu:

Harenlaguntzazbetegentzake
egunhontakojarduna
.

Bitxia abesti honena, hamaika bertsio ezberdin anitz dago, aurten hauxe hautatu dugu. Edo, bertzerik gabe, herriko bakoitzak badu bere bertsioa eta bozketari esker, eta soilik bozketari esker, adosten ahal izan dugu kantatu beharrekoa.

Karrika-dantza aitzina doa, eztiki-eztiki, derrigorrezko geldialdiak egin behar ditugu gurea herri ttipia da eta orok nahi du koplaren bat bere etxearen parean. Oraingo honetan pilota lekuaren ondoan suertatu da, batzuek geldialdia baliatu dute paperak ordenan paratzeko, bertze batzuek frontoiaren ondoko iturrian zintzurra bustitzeko. Naiarak, aldiz, bere ihesalditxoetarikoa burutzeko baliatu du geldialdia. Urte betea duen arren, hagitz arina da, korrikan joaiten da toki guztietarat. Itxura zinez xelebrea dauka gure abeslaririk ñimiñoenak: soinekoa handiegi zaio, abarkak ere halatsu, gainean jarri dioten berokia ere erabat estaltzen du. Halarik ere, higidura lasterraren eraginez, hainbertze jantziren azpitik egonagatik, maiola hagitz ongi nabaritzen zaio. Ez du ipurdi handirik, beraz, maiolak lan gaitza burutu du orain arte sekulakoa baita “estalki” horien azpitik antzemaiten dena.

Ziplo kantakide batek oihu egin du, Naiara bixi-bixi doa arrunt gogoko duenarenganat. Alboko etxe baten atarian zakurra ikusi du eta, beti bezala nehori baimenik eskatu gabe, haren baitaraino hurbildu da. Zakurra halako telesaio sentsazionalistetan agerrarazten dituzten arriskutsuetarikoa da. Rottweiler horietarikoa. Ez-dakit-nongo-sarraskian halako triskantza egin zuen haren parekoa. Etxeko nagusiari izterrezurra hautsi zionaren leinukoa.
Ospe txarrekoa, nehondik ere. Nagusiak ere halakoxea omen du, ergeltzat jotzen dira txakur mota horiek dituztenak, edo uste hori zabaldu dute telebistakoek.

Taldekide guztiok geldi-geldi eta isil-isilik gaudeino, Naiara zakurraren aldameneraino iritsi da. Begira geratu zaio. Zakurra etzanda dago. Naiara buztana begiratu eta erakutsi du, gero guri halako keinua egin digu potots eta behatz erakuslearekin buztanaren neurria nolakoa den adierazteko. Irri ere egin du. Gu hagitz urduri gaude, nork daki zer egin liezaiokeen zakurrak gu neskatikoaren bila arrapaladan ikusiko bagintu. Bertan geldirik segitzea erabaki dugu, ea bitartean nagusia agertzen den eta zakurra etxeratzen duen. Naiarak irri eta irri segitzen du zakurraren ondoan. Bat-batean zakurra zutitu, nagiak atera eta eseri egin da. Naiara barrezka hasi da, txoraturik dago bere adiskide berriarekin eta gu zirineriak jota. Beharbada hauxe izan liteke Naiara bizirik ikusten dugun hondar aldia. Orain neskatikoa da zakurraren aitzinean eseri dena, mintzatzen hasi zaio haren erantzuna espero balu bezala. Buruaren higidura ikusirik, galdezka ari zaiola erran liteke. Zakurrak ez dio jaramonik egiten, bere eremua aztertzen ariko balitz bezalako jarrerari deutso. Umeñoak arreta bereganatu nahi du, zakurrak kasurik ez. Umeñoa kantari hasi zaio, zakurra entzungor. Bat-batean gure protagonista ausartak zakurraren lepamagalean kolpeka hasi da, txalotzen balihardu bezala. Pozik dago, jolas berria gogoko du nonbait. Gu adi gaude, argienak Agate Deunaren makilak haurrei kendu eta prestatu dira zakurra jo beharko bagenu ere. Umeñoaren ama gure ondoan dago, urduri ia dardarka, deusek ezin ekura dezake, sudur-zapia eskuetan du eta eskuak ahoan eta ahoa isilik eta haren isiltasuna denok entzun dezakegu eta haren larritasuna geure egin. Naiarak bere horretan segitzen du. Orain halako abesti berezi bat asmatu berri du

-Tta-tta-tta-tta …

Eta txaloka-edo ari da zakurraren papar aldean. Amak ezin du gehiago, bikote bereziarenganat abiatzen hasi da. Neskatikoak hor dirau, bere horretan

-Tta-tta-tta-tta …

Eta orduan, dena galduta zegoela geundelarik oraren nagusia agertu da. Etxetik atera da, sukaldean ari ei zen mandarra eranzten agertu baita atarirat. Amaren (eta gure) aurpegi urduria ikusita harritu bezala egin da. Amak ez dio ja ere erran baina haren keinuak erreguak dira. Nagusiak ulertu du eta zakurrari hots egin dio

-Ttipi! Tor!—nagusiak Ttipi deitu du, Ttipi! Hiruretan hogei kiloko zakurrak Ttipi du izena

Behin baizik ez dio erran eta zakurra neskatikoarengandik urrundu eta nagusiarenganaino joan da. Honek laztan egin du, belauniko jarri eta musu eta guzti eman dio. Neskatikoa negarretan hasi da, orain! Denok urduritu ondotik, gure sabeldarioa bizkortu eta gero, ia hileta elizkizunak prestatzen hasi ondoren, negarretan hasi da zakurra joan zaiolako.

Ama alabañoa kontsolatzerat bermatu da, musukatu eta ferekatu egin du. Haurñoa lasaixeago dago, zakurraren nagusia zaie hurbildu, ama hitz egiten hasi zaio

-Zakurra kontrolatu beharko zenuke. Gure alabaren bizitza arriskuan egon da, zakurrok loturik egon behar dute.

-Zakur hau oso lasaia da, harekin ikastaro bat egin nuen txikia zelarik. Ohituta dago haurrekin egoiterat, sekula ez du erasoko nik prezeski agindua eman ezean. Ez dago zakur guztiak kritikatzerik, areago, nik erranen nuke arriskutsuak ez direla zakurrak, nagusiak baizik.

Ama, alaba besoetan duela, guganaino hurbildu da. Zakurra berriz etzanik geratu da eta nagusia etxerat sartu da.

Guk itzulian segitzea xedatu dugu, Naiara, amaren soinburuaren gainetik, agurka aritu zaio zakurrari arras urrundu garen arte.