Euskal pastela edo pastiza

Osagaiak:

Pastelaren oinarria eta estalkia (galleta, alegia):

  • 400 g. irin
  • 200 g. Erromero ezti
  • 125 g. gurin
  • Arrautza oso bat
  • 2 arrautza gorringo
  • limoi edo zitroin azal baten birrinak
  • gatz pixka bat

Barreneko krema:

  • 1/4 litro esne
  • 80 g erromero ezti
  • 35 g irin
  • 2 arrautza gorringo
  • kanela pixka bat

+

  • Arrautza 1, pastela labean sartu baino lehen “margotzeko”

Galleta” orea nola egin:

Hasi baino ordu pare bat lehenago, utzi gurina guritzen, gero hobeto nahasteko. Lehenik, gurina (200 g.), bi arrautza gorringo eta arrautza osua nahasten hasiko gara. Arrautza-gurinak ondo nahasiak direnean, eztia (200 g.) gehituko dugu, pixkana. Ondoren, limoiaren edo zitroinaren azala marruskatu, eta gehitu birrinak. Gatza botatzeko momentu ona da. Irina iragazi ondoren (haizea-edo hartzeko), pixkana gehitzen dugu (300 g.). Pastizaren oinarria egina da.

Krema nola egin:

Berotu esnea (1/4 litro) eltze batean. Bitartean, gehitu ontzi batean bi gorringoak iztiarekin (80-100 g.), eta ondoren irina (35 g.). Esne pixka bat ere har dezakegu, gorringo, irin eta eztiak errazago nahasteko. Esnia bero dagola, pixkanaka, aurreko osagaiak diren ontzian isuri, pixkana nahasiz, etengabe eraginez. Ondoren, jarri berriro eltzean nahasketa, eta nahasi su ttikian gelditu gabe, eta ibili bueltaka, krema lodiago egin arte. Eltzeari ez itxekitzeko, beti aritu beharra dago eragiten. Bukaeran, kanela pixka bat gehitu daiteke. Krema egina da

Orain, orea eta krema “antolatu” behar ditugu moldean:

Moldearen azpia eta aldeak estali behar ditugu ore geruza fin batekin. Koilarea edo, besterik gabe, eskuak erabil ditzakegu horretarako, orea zein itsaskorra dagoen. Zaila balin bada, irina erabil dezakegu eskutan, orea hobeki gobernatzeko; edo, besterik gabe, oreari irin gehiago ezar diezaiokegu, eta erraxago erabiliko dugu.

Orain, beraz, moldea orearekin estalia dugu. Kremarekin beteko dugu, bertan isuriz, besterik gabe.

Azken urratsa: krema berriro orearekin (galleta-masarekin) estali behar dugu. Pazientziarekin egin behar da hau, pixkana, ore puska ttikiak hartuta, eskuetan zanpatu eta fin-fin dagoela, kremaren gainean jarriz. Pixkana egin, krema guztia estali arte. Beste modu bat izan liteke orearen puska handi bat halako paper itxekitzen ez den horietako batean zabaltzea, eta geruza fina egitea, gero krema horrekin estaliz.

Labian sartu baino lehen, arrautza batittu behar dugu, eta, koilare batekin edo pintzelen batekin edo, pastelaren azala margotu behar dugu. Horrek pastelari itxura distiratsua emango dio.

LABEA:

Labean sartzen dugu, 180-200 gradura, 40-50 bat minutuz edo. Onena da tarteka begiratzea, kontrolatuz: itxura ona duenian, orduantxe atera.