Hatsaren Poesia edo Herriaren hatsa

Jakin badakigu zaharrak ez direla beti hobeak, baina “Zaharrak eta onak bi aldiz onak” dio gure atsotitz zaharrak eta ez zaio, ene idurikoz, arrazoirik falta. 1.999an, Auxtin Zamora senpentarraren inguruko olerkari multzo batek “Hatsaren Poesia”  izeneko lehen olerki-liburua plazaratu zuen eta ordutik hona, urtez urte, horrelako bat ekarri dute urtero euskal literaturaren plazara. Jadanik, hamazazpi urte dira, beraz, iragan den igandean, hau da, apirilaren 12an, Senperen aurkeztu zutena hamazazpigarren liburua izan da. Ez da uzta makala!

“Gure xedea da urte guziez, Euskal Herriko ahal bezainbat, poesia-idazle guziekin, olerki bilduma berri baten agertzea” —erraiten zuten lehen liburu hartan, irakurleari zuzendutako aitzin-solas modukoan, eta horrela egin dute, urtez urte, liburuz liburu. Aurtengoan laurogeita hamabi olerkarik heien olerkiak edota bertsoak plazaratu dituzte. Opari ederragorik!

“Gorostitik datorren landareak berritz bertze gorosti-zuhaitz bat osatzen duen bezala, uste dugu irakurlea idazle bilakatzen dela. Horra zergatik, irakurle, itxaropena dugun datorren urteetako bildumetan zuk idatzitako zonbait olerki argitaratuko ditugula ere.” —aldarrikatzen ziguten lehen aitzin-solas hartan. Eta horrela izan da, garai hartako gorosti landare sortu berria gaur zuhaitz sendo eta mardula baita, urtero indartzen eta eraberritzen ari zaiguna. “Zer erein, hori jaso” —dio beste atsotitz batek, eta gaur Hatsaren Poesiako adiskideak jasotze lanetan dabiltzala erran beharra daukagu. Zorion zuei, beraz, eta ainitz urtez izan dadila!

Zer gehiago erran Senpereko-Amotzeko Larraldea etxaldean aterpe eta kabi duen olerkari taldeaz?  Erantzunik onena, menturaz, aurtengo liburuaren hastapenean Auxtin Zamorak berak idatziriko gogoetan aurkitzen ahal dugu. Horra hor:  “Biziak egunero bere tirabirekin sortzen digun ezinbesteko amniotiko ur lohitsua olerkigintzak garbitzen, gardentzen, zehargitzen digu, penak, xagrinak, bihotzeko minak, hitzen oihuekin hondoratuz, bai, edertasuna eta alaitasuna irrien hots idatziekin urgaineratuz. Hamazazpigarren  olerki bilduma honek etorkizunera daramatzala gure baitan ditugun barne-barneko tirain bortitzak, bai, azalean ditugun uhain arinen kresalak…  Ez dugu aztarnarik utzi nahi munduari, berea duen izaitearen oihartzun bat baizik.”