Partxea begian

Igerilekuan, jauzi-oholen eskaileretatik gora, goraino. 10 metro altuera duen tranpolinera. Salto egitera zoaz, argi duzu!! Salto egitera zoaz, seguro zaude!! Salto eginen duzu,ausarta zara!! eta hori gutxi balitz, lagunak begira dituzu. Behera begiratu duzu, orain lagunak txikitxoak ikusten dituzu, txikiegiak, ura oso urruti sentitzen duzu, urrutiegi,hotza,baina ezin duzu atzera egin eta pauso bat aurrera ematera zoaz, dardarka hankak, garunaren mezuari kasurik ez, ez dira mugitzen, blokeatuta, eta adimen propioa balute bezala pausoa atzera eman dute.
Gauez, kale ixil eta heze batetik oinez, bakarrik. Kalea ilun, kalea hutsik. Urduri zaude, albo guztietara begira, txoko izkutu bakoitza miatuz. Bapatean, kolpe baten zarata, pausoak. Bihotza segundo pare batez eten egiten da, sabeletik hasita gorputzeko bazter guztietara zabaltzen da sentsazio kilikor bat, milaka inurri gogaikarri zainetan.
Beldurrak…beti beldurrak.
Aurrera begiratzean…beldurra. Atzera begiratzean ere…beldurra. Zer etorriko den ezjakintasuna batetik eta iraganean bizitakoa ez errepikatzeko arriskua eragiten duen antsietatea bestetik.
Pausoak atzera emateko beldurra, lotsa. Itsaso zabal batetan ontzi eder, eroso eta seguru bat da zurea. Ondotik, horren ederra ez den eta arriskuz jositako batela, ordea, zure gorputzeko zati denak txalupa hortan egon nahi dutela diote. Baina zergatik joan? Hemen ondo nago eta.Zer esango dute bestela?
Aldaketak datozenean. Aldaketen aurrean ere beldurra. Nor bere baitan aldaketei edo inguruko aldaketei. Nahiz eta aldaketa horiek aukera berriak edo zaharrak eskeini, errazagoa da ikustea ate horiek irekitzean suertatu ahal diren arriskuak. Eta gainera… zein nekeza den aldatzea… orain ez dut denborarik! Eta gainera… zer esango dute?
Kolore eta forma guztietako beldurrak daude, beldur zentzudunak eta beldur ulergaitzak, baina denak orokorroean, helburu ezagun edo ezezagun batetara heltzeko trabak baino ez dira, izarretara bidea oztopo lasterketa bat bihurtuz.
Baina arriskua… ai ama arriskua!! Zeinen pikantea eta aldi berean zeinen goxoa!! Tranpolinetik jauzi egitea,abenturaz abentura bizitzea, itsas piraten antzera, zeru mugarik gabeko mundu batetan,haizea gidari, beti altxor handiago baten bila, hainbat porrot eta hamaika garaipen.Partxe bat begian beldurrak ez ikusteko, bestea libre,soilik norabidea begiratzeko.
Izan zaitez pirata,partxea jantzi eta abordatu ontzia, batek daki zenbat altxor dakartzan.
Gora Piratak!!!