Berriozarren barna

Berriozarko saihets bidea egin zutenez geroztik, hagitz gutxitan iragaiten gara herrian barna. Denbora behar baita osorik iragaiteko. Zirkulazioa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Dauden semaforo guztiak musker kolorea oraino asmatu gabe zegoen garaikoak dira, gorria baizik ez omen dute eta. Gainera, semaforotik semafororat ehun bat metro exkax egoiteak nahiz haien arteko koordinaziorik ezak are jasangaitzago bihurtzen dik gidatzea. Guztiaz ere hori barkagarria litzateke bertze eragozpen bat ez balego herri handi eta jendetsuan, trena.

Burdinbidearen ondoan bizi direnek pairatu behar duten dezibelio sorta gaitza da, zinez. Lo arinekoek nekez eginen dute amets onik herriko lurraldea bitan zatitzen duen garraio azantz-egileari esker. Haren burdinazko gurpilek egiten duten asotsari, gidariak entzunarazten duen txirrinaren zarata gorgarria erantsi behar zaio. Emaitza The Who taldeak bere urterik zaratatsuenetan sortzen zuenaren antzekoa da.

Artikako mugatik Berriobeitirako norabidean abiatuz gero, soilik gorri kolorea ez ote duten susmoa sortzen diguten semaforo guztien ondoren, burdinbideak errepidea zeharkatzen du eta, jakina, trafikoa ez ezik, bertze edozer zein edonor ez izorratzeko halako trenbide-pasagunea dago. Egun dena automatikoki dabil, herriratu baino kilometro bat lehenago halako tramankulua bide dago emaiten duen seinaleak trenbide-pasagunea itxiarazten duena.

Beti ez da horrela izan, ordea. Gogoan daukat pasagune hori gizon batek maneiatzen zuen garaia. Burdinbidetik txoil hurbil (hurbilegi, ororen ustez) bazuen, Berriobeitirako aldean, etxolatxo bat, eguraldia egokia ez zenean babesteko. Gizon horrek jaisten zituen bidea eragozten zituen burdinazko haga modukoak. Hantxe egoiten zen trena urrundu arte eta, orduan, berriz zutik jartzen zituen haga berezi haiek.

Lanpostu hori desagertu baino lehen, gizon hark, ez aspertzeko-edo, txakur bat eramaiten ohi zuen lagun zezan. Txakur dostaria zen, arras arraia, beti jauzika egoiten zen. Nagusia edozein jardueratan egonik ere, belarriak miazkatu nahiko balizkio bezalako dantza egiten zuen txakur hark. Batzuetan aldameneko lantegi tzarraraino joaten zen ea langileren batek ogitartekoa ahantzi zuen ikusterat. Lantegi handia zen, jende anitzek lan egiten zuen eta kamioiak dozenaka sartzen ziren zamatzerat. Beraz, bertako beharginek nahiz garraiolariek beti emaiten zioten zerbait txakur dantzariari.

Gaur egun batek-daki-nork kontrolatzen duen auskalo-nongo ordenagailuaren lana lehen txakurraren nagusiak egiten zuen eta kontu handiz ibili behar zuen burdinazko zaldia iristen zenean. Jendea babesteaz gain, bertze zerbaitez ere kezkatu behar izaten zuen orratz-zainak.

Trena antzemaiten zuelarik, txakurra arras urduri jartzen zen. Barrendik halako indar erraldoiak mugiarazten zuen iparretik hegoalderat eta hegoaldetik iparralderat, halakoxea baita burdinbidearen norabidea. Ehun metro iparralderat egin, ziplo gelditu, zerbait usnatu eta hegoalderantz itzultzen zen. Nagusia ohituta ei zegoen lasterketa hauekin. Etxolatxoaren ondoan lasai geratzen zen ora korrika hasten zenean. Trena hurbil zen uste zuenean, txakurraren norabide aldaketaren aiduru egoiten zen eta bere txabolatxoaren aitzinetik iragaiten zenean lepotik hartuta, barnerat sartzen zuen.

Trena heldu zen orduan, trenbideaz ekialde aldean zain geundeino, oraino oroit naiz, bagoien arteko tarteek begiratzerat uzten gintuztenean, txakurra ikus genezakeen etxolako leihoñotik begira, gibeleko bi hanken gainean zutiturik, aitzineko hankak eta sudurra kristalari itsatsita, kontra. Batzuetan atzaparka aritzen zen, kristalaren aurka, atera nahiko balu bezalako saio urduriak eginez. Batere paretarik ez zuten bagoitariko bat iragaiten zenean, argiago ikus genitzakeen txakurra jauzika eta jabea lasaitu guran. Laztan egiten zion nagusiak txakurrari, eta honek, fereka eskertzeko, halako musu edo zurrupatze maitasunezko baina ekurugaitzak itzultzen zizkion. Iduri zuen txakurrak ez zekiela zein ekintzari eman lehentasuna, trena behatzeari edo nagusia musukatzeari.

Munduko tren guztiak akitzen baitira, Berriozarren gaindi ibiltzen zirenek ere bazuten amaiera. Orduan, hondar bagoia berrehun bat metro urrunduta zegoenean, nagusiak etxolako atetxoa irekitzen zuen eta, hura ikuskizuna!, ipurdian pipermina sartu baliote bezala jalgitzen zen txakurra, zaunka nahiz lastertasun bizi-bizian, trenaren lorratzaren bila.

Orratz-zaina bere lanari ekiten zitzaion, trafikoa berriz higitzen zen. Hasierako buxona eztiki-eztiki lasatzen hasten zenean txakurra itzultzen zen, nekaturik, mingaina lurreraino eroria, baina pozik.

Halakoak gogoratu zaizkit gaur trenak iragan behar zuenean Berriozarko trenbide-pasaguneko ekialdeko aldean geratu behar izan dudanean. Gero batek-daki-non dagoen ordenagailuan bi haga bereziak jaso ondoren, eskuinerat begiratu dut, etxolarat, erabat jota dagoen etxolarat, ttotton salarat, gibelean dagoen lantegi gaitz eta husturat, ora elikatzen zuten langilez nahiz garraiolariz beterik zegoen lantegirat. Lantegiaren asturugaitza!, egunero tonarik asko saltzetik salgai egoiterat pasatu da.

Gure herrirat abiatu gara, beti laketu eta laketuko zaigu Berriozar, baina ukaiten ahalko zukeen etorkizun itxaropentsuari apoita nagusitu zaio.

Idazleak ederki idatzi zuen:

oilaritean, jadanik, ez naute txapazko trenaren burrunbak, ez lantegiko adarrak iratzartzen. Ez zuten joritasunaldi urteetako batere hondarrik utzi.