Xuxurlariak

Akupuntoreareneko itxarongela, beti bezala, jendez mukuru dago. Txokoan geratu den aulkia neure egin ondotik, orrazkideak (orratz kideak) kontatzeari nakio: hamasei (16!). Aulkien biribilaren erdian dagoen mahaitik utzi duten aldizkari bakarra hartu dut eta begiratzen hasi naiz. Ez dakit zergatia, baina zergatik egoiten dira beti halako kontsultetan ia bertze nehon ikus ez daitezkeen aldizkariak? Zer axola dute belauneko mina sendatu nahi duenarendako ez dakit nongo aberatsen gorabeherek? Zer hondar telesailean agertzen den xalantaren alabaren barrabaskeriek?

Berezia da nola ergelesten dituzten bezeroak itxarongeletan halako agerkariak uzten dituztenek. Jarririk dauden hamasei (16!) orrazkideen irakurgaiak aztertu ditut lipar batean, denek dute halako kazeta arrosaren bat, arrosaroa bada nonbait, arrosarioa nik egin dudana, bai horixe!, nire aitzinean sartu berri denak du zientzia-agerkari edo dei genezakeen bakarra, elikadurari buruzkoa, alegia. Nire aitzinean sartu izanak erran nahi du, seguru asko, hondar aitzinekoa dela, gainerako guztiek beren txanda akitu ondoren sartuko dela eta, jakina, hura kontsultarat sartu arte ezin neuregana dezakedala nire buruko neurona bakarra bizkor diezadakeen zorioneko aldizkaria.

Etsirik Italiako dirudun baten xelebrekeriak ikusten hasi naiz, beti kontu bera, ederki apainduriko etxea agertzen da argazkian, soinean bainu-jantzia baizik ez duten neskatiko gaztez inguraturik ageri da ez-dakit-zeren handikia. Makurrena, ordea, ez da hori, makurrena da nola azaldu duten aldameneko testuan gizon haren jarduera: enpresari eredugarria, ezdeusetik hasita sekulako lantegi andana antolatu zuena … Gazeta barik, “gauzaezta” honen kazetariek hobe lukete adieraztea nola erdietsi duen eredugarri horrek bere dirua, hobe beren lana hobeki eginen balute, kazetari gabe, hobe “kazehiztari” (ene bada, nola idazten da hitz hau?) balira eta informazioa behar den bezala bildu ondotik orori, joanari eta jinari, kontatuko baliete nola aritzen diren gorputz-txikiteoan gero etxea santuz beterik daukaten gisa honetako gizon eredugarriak.

Hobe arreta desbideratzea bertze zereginetarat. Hurrengo eria deitu dute. Hark utziriko aldizkaria hartu dut albiste berriak irakurriko ditudalakoan. Alfer lana, ordea. Oraingo honetan italiar gonazalearenak ez ezik, bertze ospetsu batzuen ergelkeriak ere agertzen baitira. Bukaera aldean dagoen sudoku jolasa egiten emanen dut deitu arteko denbora.

Txirrin hotsa aditu da, sendagilearen laguntzaileak atea ireki du, botoiaz. Bi emakume adineko sartu dira. Elkarrekin solasean ari dira. Barnean gaudenok ikusi gaituztelarik apalago mintzatzen hasi dira, xuxurlatzen. Laguntzaileak berariaz ateratako bi aulkietan eseri dira solasari gogotsu diotseteino. Ni, aldiz, berantesten hasia naiz, badakit bi orenetan nuela hitzordua eta oraino biak laurden gutxi direla, badakit zenbat gaixok pasatu behar duen ni deitu arte, badakit beti berant dabilela sendagile hau txoil profesionala izaiteagatik, baina urduri nago nire txanda noiz egokituko zain. Komunerat joaitea erabaki dut, barneak libraturik aiseago igurikiko dut.

Komunetik atera naizelarik egoerak bere horretan dirau, eri mordoa zain, aldizkari on bakarra lehengoaren eskuetan eta bi xuxurlariak jo eta ke etengabean, solasturi gaitzak dira. Orain kontua da asmatzea nola egonen naizen hurrengo minutu bukaezinetan, zer eginen dudan sobera ez aspertzeko. Bi xuxurlariak hor ari dira, mintzatzera eta mintzatzera. Ez dira isiltzen, ez nekatzen, ez mintzagairik gabe geratzen. Zertaz mintza daiteke hainbertze denboraz? Ala gai berari hamaika errepaso eman diote? Nolanahi ere den nazkatzen hasia naiz erleen burrunba gogoratzen didan bi emakumeen solas xuxurlatuarekin. Egundaino ez dut gogoko izan hitz egiteko modu hori. Nau ekurugaizten, artegatu egiten nau. Zarata hori entzutekotan ez naiz gauza arreta bertze deusetan paratzeko.

Lasai, motel, onena sudokuarekin jarraitzea izanen da. Buruan behar ditudan zenbakiak ordenatzen dihardut, jarri behar nuenak ez dauka lerro honetan egoiterik eskuineko laukiko lerro berean baitago, goiko laukiak emaiten didan informazioa, aldiz, exkaxegia da, bertze lauki batekin hasiko naiz… Burrunba ez da xumetzen. Bi adiskideek elkarri sekretuen kontatzen segitzen dute elkar orain dela hogei urte ikusi ez balute bezala. Dena dute kontatzeko, baita xehetasunik xumeena ere. Ene bada! Isilduko direa noizbait?

Erizaina atera da eta hurrengo gaixoari hots egin dio

-Pedro Abarka jauna, mesedez.

Pedro Abarka? Kontuaren bitxia. Baserritarra izanen al da, hizkera aberatsekoa, gauza izanen da kaletar orojakileei azalpenak zehatz-mehatz emaiteko? Buruan honen Maisu Juan nor izanen den idurikatzen ari naizen bitarte onirikoan Abarka jauna aulkitik jaiki eta kontsultarat abiatu da. Bikote xuxurlaria da haren ibileraz ohartzen lehena, elkarri xuxurlatze hitza merezi ez duen bertze zerbaitez ari zaizkio iritziak trukatzen

-Praka zirtzilduekin etorri dun—erran du atsoetariko batek.

-Horrela agertzea ere!—gaineratu du bertzeak.

-Aitzurra utzi berri din, doike, ez zuen kalamidade honek eskuak xahutzeko denborarik ere izanen? Beti horrela etortzen dun.

-Sendagilearen baitarat igandeko arroparekin etorri behar dun, kontxo.

Nik, eskuin behatz erakuslea ezpainetarat eramanik, isiltzeko keinua egin diet. Gure Peru Abarkak hondar une arte eutsiko zion egin beharreko lanari, Ama Lurra nagusi gaiztoa da, ez du ordutegirik errespetatzen. Gustura galdetuko nion abereen hiztegiaz eta abildadeaz. Gustura txikierdi baterat gonbidatuko hitz batere ez asperturen bat harekin egiteko. Tamalez sendagileak berehala hartu du eta barnerat sartu.

Abarka jaunak ez zuen aldizkaririk eskuetan, itxarongelan egon den denbora eskuez hankak ferekatzen eman du, ahurrak garbitu nahiko balitu bezala. Lanetik eta lanera beti nola ninteke hain ero, kalera alde egin edo sartuko naiz gerrillero abesten du Euskal Herriak alferkeriaz desegiterat utziko duen Oskorri talde paregabeak. Ez dakit zer pentsatuko duen Abarka jaunak bere ogibideaz, baina daukat enetzat ez duela sobera astirik hausnartzeko egiten duenak balio duen ala joputzarat eraman duen jarduera den.

Munduko asti guztia baizik ez dutenak bi emakume zaharrak dira. Laboraria joan bada ere hor diraute, mintzo eta mintzo, bereak eta asto beltzarenak erraiten Pedro gaixuari buruz. Xuxurlatuz ari dira berriz ere, gainerakook entzuten ditugun arren, xuxurlatzen segitzen dute, dena ulertzen eta gaitzesten bazaie ere, xuxurlatzen segitzen dute, gelakide guztiok nazkatuagatik, xuxurlatzen segitzen dute. Ni buruko minak nago, bi atsoen ahots-asots zorrotzak belarriak mindu dizkit, burmuina sutan paratu, adinekoei zor zaien begirunea pikutarat igortzeko estakurua muturren aitzinean jarri didate eta hartzear nago. Basamortuko kriskitin-sugeek ez lukete hainbertze urduritasunik sortuko nigan, xuxurlatze hori… xuxurlatze hori… lipar batez isiltzerik balego. Oxabaren oilategian sartzen nintzelarik oiloei isiltzeko agindua emaiten nuenean une batez, une zoragarri batez, denak batera mututzen ziren. Bi emakumeok, aldiz, ez dakite zer den hezibide ona, ez dira ele egitetik gelditzen.

Hurrengo bezeroa eraman dik akunpuntoreak. Oraingoa neskatiko gazte ongi apaindua da. Janzkera zaindukoa, ederra izanagatik batere iradokizun lizunik sortzen ez duten jantziez apaindurik. Haren adats luzea lotu gabe eramaiteak sortu du berriz zarata urdurigarri etengabea. Neskatiko gaztea da orain kontsultarat sartuko dena, seguru asko kaleko mandeuli-gizonak ostiaka aldenarazi beharko dituena. Aferaren gaiztoa, mandeuli-gizonen begirada nahiz iruzkin okaztagarriez gain, hainbat emakumerenak ere pairatu behar dituzte eder sorturiko neskatikoek, ona dena biziarteko zigorra ez ote den pentsarazi arte. Ezin uler dezakete halakoak direnik, ezin barnera dakieke ez dutela deus berezirik egiten horrelakoak izaiteko, areago, nehoiz ez dute balioetsiko aisa erakargarriago bilatuko lituzketen jantziak saihesteko, ez janzteko egiten duten ahalegina. Xuxurlari gupidagabeek beren epaia ebatzi dute:

-Hara nolako urdanga! Bazekin nola berotu gizonak!

-Gero gertatuko zaionaren errudun bakarra bera izanen dun.

Oraingoa ez da batere iruzkin xuxurlatua izan, orok aditzen ahal izan du. Gogoari ezin eutsiz erantzun egin diet:

-Aski da, hamabortz urte exkax baditu! Soilik buru zikindunak berotuko lirateke halako neskatiko gazteekin, eta horren erruduna ez da bera, zikindunak baizik. Horiek dira errudunak, beti lizunkeriatan pentsatzen dabiltzanak, zuekin ere berotuko liratekeenak. Ala zuek ere gizonak berotu nahian al zabiltzate?

-Zantar halakoa!

Une batez isilik geratu dira bi atsoak, xuxurlatzeari utzi diote. Barealdiak, aldiz, minutu txiki batez baizik ez du iraun. Lanean hasi dira berriz, lehen baino ozenago, oraingoa solas arrunta da, zuhurtzia bazter utzirik hor ari dira den-dena kritikatzen. Solastun astunak dira, benetan. Hasmentan neroni bakarrik nazkatzen nindutelakoan nengoen arren, orain ziur naiz ororen egonarria gainditu dutela.

Jendea kontra jarri zaie, ezin eutsi dakioke gehiago egoerari. Zorionez, gainerako anitz baino berantago sartu badira ere, sendagileak deitu ditu. Eta orduan aspaldiko ez bezalako giroa sortu da; egia da jendeak arrosakeriak irakurtzen segitu duela; egia, ere, nik nahi dudan aldizkaria ezin neureganatu izan dudala; egia seguru aski bertze bi oren gutienez eman beharko dudala itxarongelan; baina jendea lasaiago dago.

Adats ederreko neskatikoak ordaindu eta alde egin du. Gaixoa, zer pairatu beharko duen buruan lehen gaueko eskubidea nola beretuko luketen hausnartzen dutenengandik, zer ederra eta urdanga gauza bera direla sinesten dutenengandik, zer halakoekin nahi den guztia egin daitekeelako ustean daudenengandik. Gaurkoa iragan du. Bizirik eta onik atera da oraingoan.

Gure txandaren zain gaudelarik, nehoiz ikusi ez dudana gertatu da, sendagileak atsoetariko bat kanporatu du:

-Baina, nolatan utziko nauzu kanpoan?

-Hamaikatan erran dizut isilik egoiteko, zure adiskidea artatu behar badut haren ahotsa baizik ez dut aditu behar, ezinezkoa zait arretari eustea aldamenean liztor bat baldin badut. Gera zaitez itxarongelan nik bukatu arte—azaldu dio sendagileak.

Lasaitasuna eta egonarria bere jardueraz beti predikatu dituena ere nazkatu dute bi xuxurlariek. Ezinezkoa izan zaio orratzak behar diren tokian paratzea eriaren laguna ez baita isildu. Nola edo hala eutsi dio, ordea, orratzak bigarren atsoaren mihian jartzeko gogoari, ez da guti. Denok eginen genukeen. Gustura.

Oraingo egoera kafkiarra da: sendagile honenganat etorri garen guztiok, bizkortzeaz gain bertze zerbait bilatzen dugu, lasaitasuna, arriskurik gabeko medikuntza, sendabide naturalak, oreka… orain, berriz, ezin lasai gaitezke, denok gaude urduri, lehengo xuxurlaria bafadaka ari da, haserre, zizpak harturik, haren hitzek behien bafadak edota marrukak emaiten dute. Berriki arte xuxurlatzen ibili dena erasorat pasa da eta gainerakooi honat ekarri gintuztenak ahantzarazi dizkigu, sendagileak bere lana ahalik eta lasterrenean buka dezan nahi dugu, gaizki eginagatik, norbait (haren kidea, jakina) bizkortzen ez den arren, gero ospitalerat eraman behar badute ere, bi atso xuxurlari nekaezin hauek joan daitezen nahi dugu!!! Diztela!!!

Kontsultako atea zabaldu eta sendagilea agertu egin da, izerditan, atorraren goiko bi botoiak irekirik eta zapi batez kopetako izerdia garbitzen. Zirrikitutik barnerat begiratu dugu emakume zaharra oraino bizirik ote den jakin nahian. Sendagilea gure ondoan eseri da, bere laguntzaileari bikoitz kobra diezaion agindu dio, edonork aditzeko moduan, ozenki, ia oihuka.

Barnetik atera den atsoak nazka aurpegia erakutsi die sendagileari nahiz haren laguntzaileari:

-Ez nauk harrapatuko berriz hemen, ez horixe! Bikoitza kobratzea ere lau orratz paratzeagatik!—erran dio arras koleraturik laguntzaileari dirua emaiten zion bitarte liskartsuan.

-Moldatuko naiz zu gabe, ez larritu—erantzun dion bihotz taupadak beren onerat itzultzen saiatzen ari den sendagileak—gauza izanen naiz zuek gabe bizitzeko. Adio. Baina se-ku-la-ko!

Gero negarretan hasi da sendagile gixagaixua. Aldamenean eseririk zeukan emakumea hurbildu eta besoa gainetik jarririk zera erran dio:

-Herrian nehork ez ditu jasaiten bi atsook, dena hipermerkatuan erosten dute dendariek ez baitituzte ikusi ere egin nahi.

-Bai, banekien, baina eutsi beharko niokeen gogoari, kode etikoak halaxe eskatzen dit, are gehiago gurea bezalako medikuntzarenak, horrexegatik egin nintzen akunpuntore. Baina gaurkoa gehiegizkoa izan da, beti urduritu naute, beti ekurugaiztu eta gaizto bihurtu, baina banekien eusten. Gaur, aldiz, sobera izan da, Larraineko adiskideak zioen bezala: godaleta hagünezgaintüdüzü, edalontzia aparrez gainezkatu da.

-Lasai, seguru asko ez dira gehiagotan itzuliko, horixe irabazi duzu—kontsolatu du aitzinean zuen bezeroak.

-Alde on bakarra!, bada zerbait—erran du sendagile alternatiboak egoera berriaren abantaila azpimarratu guran—gaurko gainerako kontsultak ene kontura, urririk. Pasa bedi hurrengoa.

Gertaera astun eta artegagarri honek bukaera ona ukan du, gaurko kontsulta ez digu kobratuko eta oso litekeena da atso horiek betiko urrundurik egoitea, poz bikoitza.

.