EUZKADI MEREZI ZUTEN – KOLDO IZAGIRRE

“Frontoipetik Zugasti kankailua etorri zen lasterka, brusari korapiloa eginda, itokarrean, “erregina, erregina!” deiadar. Haur batzuek korri egin zuten etxe barruetara. Kalakan ari ziren emakumezkoak banandu egin ziren, tokan ari zenak lurrera utzi zituen fitxak, plazako guraso guztiak urduri saiatu ziren ipurzikinketan ziharduten haurrak biltzen. Haur guztiak izkutatu ziren supito hartan, eta lando beltza errauts batean heldu zen, hankaz gomazko zorrotan bilduak zituzten bi zaldi zurik ekarria, gatza bezain zuriak. Eztul batzuk egin ziren, eskuak begietara eraman. Atso batek esan zuen ez zela erregina. Zapelak jantzi ziren. Haurrak gordegietarik irten ziren, eta sosketa berritu zuten, tokalariak fitxa bila iduri. Neskato batek aurkitu zuen gelditzen zen sos bakarra, zanpatua. Anaiari erakutsi zion urrundik, ematekoa eginez, irrifartsu”.