OLENTZERO, JENTILAK ETA NEGUBURUA

Oso garai zaharretatik euskaldunok sua gurtu dugu eta sua erabili izan dugu solstizio eta ekinozioen inguruko jai erritualetan. Jondoni Joane edo San Joanen udako solstizioan sua da jaun eta jabe, garbitzaile eta berritzaile ber denboran. Inotean (edo inauterian) ere, sua indar handiz dagerkigu. Berak finkatzen du udaberriko ekinozioaren amaiera eta halaber, ziklo berri baten abiapuntu bilakatzen zaigu.

Neguko solstizioan ere sua protagonista dugu, eta gure arbasoek abenduaren 24ko gauean enbor handi berezi bat erretzen zuten etxeko tximinian. Subilaro, Olentzero edo Eguberri enborra deitu izan zaio eta orain dela oso gutxi arte oso zabalduta izan den usaia edo ohitura dugu. Oraindik ere, zenbait etxetan egin egiten dute. Errito hau eguzkiaren jaiotza ospatzeko egiten zuten, edo beste modu batez esanda, eguzki jaioberriaren ohorez.

1.- Neguko solstizioa jentilen garaietan.-

Aro zahar ilunetan euskal jentilek jai erritual handiak burutzen zituzten eguzkia gurtzeko. Nekazaritza edo laborantzatik bizi zirenez gero, urtearen zikloa, lau urtaroak, egunaren eta gauaren txandatzea, ilargiaren aldiak, naturaren gurpila… aztertzen zituzten, eta eguzkiaren beharraz konturaturik, urtaroen arteko banatzaile diren solstizio eta ekinozioetan jai handiak antolatzen zituzten.

Urtearen bukaera aldera eguzki zaharra, Ekihotz deitu izan dena, pittaka-pittaka ahultzen eta indargabetzen da, eta azkenean, hil egiten da. Neguko solstizioaren inguruko egunetan eguzki berria jaiotzen da, udaberri aldean berotzen hasiko dena eta uzta berriak ekarriko dituena. Hauxe zen gure arbasoek ospatzen zutena, eguzki berri baten jaiotza, ziklo berri baten hastapena. Eta horretarako su berritzaile eta garbitzailea pizten zuten etxe guzti-guztietan.

Garai hartako euskal jainko-jainkosak biziki loturik ziren naturarekin, eta euskal jentilek dibinitate haiek (In -edo Inko-, Egu, Eki. Ilargi…) aipatu festetan gurtzen zituzten. Badirudi Eguberri hitza bera zahar-zaharra dela, Egu dibinitatearen kultuarekin erlazionaturik dena. Eguberri hitzaren esanahia ulertzeko ziklo berria aldarrikatzen duen sinesmenetara joa beharko genuke. Kristauek data horietan, nahitaz, Natibitate eguna ezarri zutenean bi kosmogonien arteko sinkretismoa bilatzen zuten, hori dela eta, Eguberri izen zaharra baliatu zuten euren sinbologia berrirako.

2.- Kristauen etorrera eta ezarketa.-

Ekialdetik erlijio sendo indartsua etorri zen eta pittaka-pittaka Europa osoan hedatu eta inposatu zen, baita gure Euskal Herrian ere. Erlijio berri honek kosmogonia berria ekarri zuen, animismo-naturalismotik urrun zena. Jesus salbatzailea zen kosmogonia berri honen ardatza, euskal jentilek Kixmi (tximino edo tximu omen) deitu izan zutena.

Erlijio berriak errito zahar anitz bere baitan eraldatu eta onartu bazituen ere, beste anitz galarazi eta bazterrarazi egin zituen. Esan beharra dago, euskal jentil askorentzat erlijio berria sinesmen zaharren jarraipena izan zela, beraiek horrela sentitu zuten, bederen. Adibidez, Mari gure jainkosa handia Maria bilakatu zen.

Kristauek jakin zuten euren sinesmenak aurreko sinesmen jentilekin nahasten, eta euren errito eta jaiak naturaren inguruko errito eta jai zaharrekin parekatzen. Horrela, solstizio eta ekinozioen inguruetan euren jai nagusiak ezarri zituzten: Jesusen Natibitatea (edo Eguberria, jentilen izen zaharra beraientzat hartuz) neguko solstizio irian, Garizuma eta Aste Saindua (inotearen ondoren) eta Jondoni Joane edo san Joan udako solstizioaren irian.

Eguberri kristauetan ez da eguzki jaio berria gurtuko, Jesus jaioberria baizik, eta aitzineko sinesmen zaharretan Eki edo Eguzki baldin bazen ardatza, zeruan jaio, hazi, hil eta arrapizten zelarik, kristauen zikloan gauza bera izanen da, baina Jesus izanen da jaio, hazi, hil eta arrapiztuko dena.

3.- Olentzeroren mito zaharra.-

Ziklo animista-naturalista zaharraren eta ziklo kristauaren artean kokatu behar dugu Olentzero izeneko pertsonaia. Batzuen ustez, ziklo zaharra irudikatzen du, hau da, ekihotzaren heriotza eta eki edo eguzki berriaren jaiotza. Kristauen ustez, berriz, Olentzero azken jentila da, sinesmen zaharren amaiera eta Jesukristoren sinesmen berriak iragartzera datorrena. Hortaz, hauxe dugu, garai haietan gertatu zen sinkretismoaren adibiderik onena. Ziklo bat bestearen gainean, kosmogonia bat bestea estaliz.

Joxemiel Barandiaran Ataungo antropologo zaharrak Olentzeroren mitoa ahozko oroitzapenetatik jaso eta bizirik iraunarazi du gure egunetaraino. Horra hor:

Badirudi euskal jentilek ez zutela begi onez ikusten kristautasunaren etorrera eta zabalkundea, euren herriaren eta sinesmenen amaiera ekar zezakeelakoan. Hori dela eta, anitzetan, gure haran eta ibarretan gero eta ugariagoak ziren baselizak erasotzen zituzten mendietatik harritzarrak jaurtiz.

Behin, jentilak Aralarreko Argaintxabaleta izeneko lepoan bilduta zeudela, beraiengana hurbiltzen zen izar edo hodei distiratsu bat ikusi omen zuten. Jentil zaharrenak, hura ikusiz, honela esan omen zuen: “Kixmi jaio da. Gure arrazaren amaiera iritsi da. Bota nazazue amildegi horretara, jadanik, ez baitut zer egiterik mundu honetan” Gogoaren kontra bazen ere, jentilek horrela egin zuten, jentil zaharra zulo handi batera amilduz. Gero izuturik, lasterka egiteari ekin zioten. Horietako batzuk erori egin ziren mendi magaletik behera zihoazela, lubizi bat sortuz. Euren gorpuak Arrastarango Jentilarri trikuharriaren azpian omen daude ehortzirik.

Jentil horietako bat, Olentzero izena zuena, ez omen zen lubizi hartan hil, eta berak zabaldu omen zuen Kixmiren jaiotzaren berria Euskal Herri osoan zehar, herriz herri eta etxez etxe. Istorio horretan dugu Olentzeroren mitoaren adierazpena.