Bentako komuna

Arratsaldeko bortzetan geratu gara herriko plazan biltzekotan. Goizeko partida ikusita, bidean bazkaltzea xedatu dugu. Betiko bentetan eskatu dugu tokia. Leku ona da, gure jomugatik hurbil dago eta sukaldari bikaina dute. Gaur, aldiz, ez nago hagitz ongi. Goizeko esnea urdailaren gainean daukat oraino. Txegostea ez da burutu. Ea bazkaria nola suertatzen den.

 

Zerbitzariak gure mahairat eraman gaitu. Menuak banatu ere dizkigu. Ez dakit zertarako, beti gauza bera eskatzen baitugu. Ziplo, bigarren plateren zerrenda hamaika aldiz ikusia aztertzen ari nintzeino, lurrikara moduko zerbait nabaritu dut sabelean. Hara, orain zirineria, doike!

Komunerat abiatu naiz. Kontu bitxia, benetan, hondar urteetan ia hilero etortzen garen arren, oraindik ez dut benta honetako komuna ezagutzen. Gaur probatuko dut, estreinakoz. “Komunak” jartzen duen txartela gainean duen atea zabaldu dut. Gelatxo txipi bat da uneon ikusten dudana, ezkerreko aldean konketaño bat dago bere bi txorrotekin, hotza eta beroa, xaboi potea eta aldamenean, paretan eskegita, eskuak beti busti uzten dizkizuten lehorgailu horietariko bat. Papera aurreztu behar da, ongi, baina zergatik dira hain txarrak lehorgailuok? Zergatik idortu behar ditut eskuak praketan, benetan idortu nahi ditudanean? Misterioa.

 

Orain aukeratzeko unea iritsi da. Eskuinekoan emakumeena dago, ezkerreko aldean, gurea. Lehenbiziko atearen erdia baizik ez den bertze ate bat ireki dut. Iraganbideño estu txipi bat dago. Eskuineko aldean argi-etengailua, botoi luzea diren horietarikoa, posizio bakarrekoa. Ezkerreko aldean, berriz, komuna-pareta zintzilikatua, zolaraino ailegatzen ez diren horietarikoa. Sabeldarioa ate joka (uzki joka!!) ari zait. Pareta eta pareta-komunaren artean nekez, baina iragaitea erdietsi dut. Bertze ate txiki bat daukat orain aitzinean. Zabaldu dut eta hor daukat helburua: komuna, tronua, “libralekua”. Kanpoko bonbillak nekez argitzen du komunañoa. Eskuineko aldean gela honetako etengailua ikusi dut. Argia dut piztu.

Lantegiko mekanikaria gogoratu zait: “ingeniariek-eta, makina bat diseinatzen dutelarik, sekula ez gaitiztek gogoan mekanikariok, gero, konponketak egin behar ditugunean, torlojurik xinpleenak tokirik iritsezinenetan zeudek”. Hemen gauza bera gertatu delakoan nago. Arkitektoek-eta, eraikuntza hau diseinatu zutelarik, ez zituzten aintzatetsi gizakion neurri estandarrak. Gnomoendako egina iduri du. Erdi-erdian, ezkerreko paretari itsatsirik dago eserleku zuloduna. Haratago, metro laurden exkax bat urrundua, pareta. Eserlekutik eskuineko paretarat, ordea, metro laurdenari luxu iritzirik nonbait, are leku urriagoa utzi dute. Ateak ere Ingeniaritza karreran tesi oso bat mereziko luke. Astuna da, arras, lurrean oztopatzen da eta nekez ireki daiteke. Gainera, barneko alderat zabaltzen denez, itxi nahi izan dudalarik komun-ontziaren gainean jarri behar izan dut.

 

Hondarrean, hertsi egin dut. Argia itzali egin da, piztu egin dut berriz. Goiko estalkia jaso dut, ene aitzinean etorri denak ez du ur ponpa askatu, lehengo mokordoa hor zegoen, hurrengo bezeroaren aiduru, zelatan. Ponpa erabili dut. “Bidaiaria” abiatu da bere helbiderat. Argia itzali egin da, piztu egin dut berriz. Kontxo! iraupen mugatuko etengailua paratu dute, aurreztu nahi omen dute. Gerrikoa laxatzen hasi naiz, gero erdiko botoia eta, azkenik praken txirrikitua. Argia itzali egin da, piztu egin dut berriz. Ederrak gaudek! Hemen nekez egin nezake etxean hain gogoko dudana, komunean irakurri.

 

Orain heldu zaidana, aldiz, zailago da. Prakak jaisten baditut ezin jarriko naiz komunean eserita, nola pasako nuke ezker hanka komun-ontziaz ezkerralderat galtzazpiak orkatiletan izanez gero? Libratzen hasi aitzin egin beharko dut. Halaxe egin dut. Argia itzali egin da, piztu egin dut berriz. Iraupen murritz honek nazkatuta nauka. Hemen nago, komuna gibelean eta pareta aitzinean. Nekez sar ditzaket bi hankak leku ñimiño horretan. Prakak eta galtzazpiak, batera, jaisten hasi naiz. Beherako bidean, komun-ontziaren uztaren gainean trabatu zaizkit. Berriz goititu ditut, lehen ohartu ez banaiz ere, ez dago sobera xahu. Paperez garbituko dut. Argia itzali egin da, orain, aitzitik, ez dut piztu. Paperaren bila harrapatu nau argi-eteteak. Egoeraren bitxia, hankak komunaren alde banatan dauzkat, prakak irekirik baina goian, argirik gabe paper xerka dihardut eskuineko pareta haztatuz. Borobila den zerbait harrapatu dut, goiko aldeko estalkitxoa antzematen saiatu naiz. Ez du, edo nik ez dut harrapatzen jakin. Azkenean argia piztu egin dut. Nik paper-kutxatzat neukana, apalategiño xume bat da, bertzerik gabe. Deusik ez duen apalategiño xixtrin bat. Papera gordetzen duen kutxa beheitixeago dago. Estalkia goititu dut eta paper txiki bat hartu dut, komunaren gainean jartzeko. Argia itzali egin da, piztu egin dut berriz. Argia piztu denean ikusi egin dut. Papera komun-ontziaren barnerat erori zait, ez zegok gaizki, horrela motelduko dituk geroko zipriztinak. Berriz papera hartu beharko dut. Argia itzali egin da, madarikazioka hasi naiz nor ostiari burura dakioke hain denbora tarte txikia jartzea? besoak indarrez higitu baititut, paperaren gaineko apalategiñoarenak egin du. Lurrean da uneon. Gustura zapalduko nuke, hanka ezin aska dezaket baina. Paper berria hartuta, etengailua berriz zapaldu dut, eteteak berriz papera jartzen ari naizenean harrapa ez nazan. Azkenean kokatu dut. Berriro dator komeria prakak jaisteko. Hartzara geratu dira trabaturik komun-ontziaren ertzean. Indarrez beheitiraino erantzi ditut. Prestatu dudan papera, bidenabar, bere bikia agurtzerat joan da, komunaren barnerat, alegia.

 

Kakapirriak atera nahi du, luzetsirik, berantetsirik eta, ondikotz, indarberriturik. Esertzea lortu dut, bizkarra komuneko zisternari lapa eginda dagoeino, belaunek topo mingarria egiten dute aitzineko paretarekin. Kontzertua hasi da, halako ur jauzi hotsek eta burrunbada galantak emana. Zirineria erabatekoa da. Argia itzali egin da, ez dut ipurdia sobera mugitu nahi aldameneko paretari gotelerik ez emateko. Piztu egin dut enegarrenez. Sabeltxoa lasaitua hartzen ari da, barneko tentsioa laxatuz doa. Gerriko gogortasuna ere beraztu da, ezin nuen gehiago. Gainera gela txiki honetan kontuok hirukoizten dira, ezin sartu izan naiz agudo, ez, pareta-komuna saihestu behar izan dut. Ezin eseri izan naiz lasai libralekuan, ez, sekulako zirkoa egin behar izan dut kokatu, erantzi eta esertzeko. Eta, gainera, iraupen llaburreko argi-etengailua.

 

Dena ongi joan da, bukatutzat eman dezaket saioa. Argia itzali egin da, piztu egin dut. Eskuineko aldeko papera hartu dut eta garbitzen hasi naiz. Zutitu naiz eta komun-ontziaren gaineko uztaia ipurdi-masailetan itsatsirik baitzegoen, enekin baterat goititu da, gero, beherako indarra ipurdiarekiko itsaskortasunarena baino indartsuago zenez, uztaia bere lehengo tokirat itzuli da. Argia itzali egin da, piztu egin dut. Oso egoera deserosoan nago. Garbitzen dihardudan bitartean, hankak luzatzen baditut, mina sentitzen dut zangabeetan, makurtuxe uzten baditut, berriz, belaunak dira paretaren kontra mintzen direnak. Ene bada, ez dakit zer sentituko duten saskibaloi jokalariek halako komunetan, baina urrikaldu zaizkit.

 

Ur ponpa askatu dut. Prakak orkatiletatik jasotzerat makurtu naiz. Argia itzali egin da, nik, prakei eusten segitzeagatik mazelatakoa hartu dut, ezker-mazelakoa hain zuzen ere. Geldi nago, praken goiko aldeari heldu nahi diot, ezin pitz dezaket argia, ezker mazela paretari erantsita daukat. Praken gerri-aldea harrapatu dudanean, goititzen saiatu naiz. Gorako bidean uztaia goratu dute. Nazka eginda nago. Prakak utzi eta argia piztu egin dut. Bizi-bizi, ahalik eta erarik lasterrenean, prakak beren tokian kokatu ditut, gorako bidean uztaia jo dudanez gero, askatu denean hots ozena egin du komun-ontziaren aurka talka egin duenean. Zuloari so egin diot. Barneko aldeari. Zikin xamar geratu da. Erratzatxoa erabili beharko dut. Argia itzali da. Tira, ene buruarekin dihardut, lipar batean burutuko dut, ikusi dut non zegoen, ez dut argiaren beharrik. Ene ergela! Non fida, hantxe gal! Erratzetxo-ontzia lixibaz beterik utzi du komun-garbitzaileak, garbitzeaz gain desinfektatu behar dela uste duten horietarikoaomen da garbiketa arduraduna. Praken aztala aldea nola bustitzen zen ohartu naiz. Gaur arte beltza zen arren, jagoitik nabarra izanen da. Areago, erratzetxo-ontziaren barruko isurkari guztia lurrerat erori da. Argia piztu egin dut, argitasuna behar dut ongi garbitzeko. Komuneko papera hartu dut, metroka. Zola garbitu dut, behearen gainekoa behin eta berriz xahutzen eta xukatzen dihardut. Bukatuko al da lokamuts hau?

 

Erratzetxoa bere tokian utzi dut. Paper bustia komunerat botata, ur ponpa berriz erabili dut. Ahal bezain modu duinean bi hankak, eta gorputza, jakina, komun-ontzia eta atearen artean paratu ditut. Amaitu da komeria, ez dut atea ireki behar baizik alde egiteko gela itogarri honetatik. Maratila ongi askatzeko argia piztu dut hondarreko aldiz, hala espero dut behintzat.

 

Atea barneko alderat zabaltzen da, ahantzita neukan. Berriz libralekuraino hurbildu naiz, atea ezari-ezarian ireki dut eta, hara, ustekabea, gizon potolo bat pareta-komunean dago, puxika arintzen, ezin joan naiteke, bukatu arte han itxoin beharko dut. Pareta-komunaz haraindian bertze gizon bat dago sartu nahian. Arras berantetsirik, zangoak aldian tolesten aldian luzatzen dihardu, gogoari ezin eutsiz. Bi eskuez hankartea ere estutzen ari da, pixagalea baretu nahi du, beldur da eskuak kenduz gero barneko guztia ez ote zaion isuriko.

 

Pareta-komunako pixagileak bukatu dut bere lana. Orain atera nahi du. Kanporago daukan hurrengo erabiltzaile luzetsiak, ordea, ez du kendu nahi bere lekutik. Buruan daukan gauza bakarra eserleku askatzaileraino iristea da. Nehork ez du bidetik aldenduko. Zuzen-zuzen joanen da, bertzenaz, akabo!

Gizon potoloak ateratzea lortu du. Orain ene baitarat heldu da lehiaketa honetako hurrengo esku hartzailea. Hemen gaude biok. Beno, hirurok. Gizon berantetsia, pareta-komuna eta, barneratuena, neroni. Gizona jauzika ari da, keinuz zokora nadin eskatu dit. Bazterrera nadin, alegia. Haren lehia ulertzen dut. Pareta-komuna eta hondar komuneko atearen artean dagoen tarteño exkax horretan izkinaratu naiz. Bizkarra paretari kontra, besoak ere hari itsatsirik eta esku ahurrak gibelerat jarririk. Gure lasterketa honetan brontzezko domina jasoko duena ene aitzinetik iragan da. Ni kanporat abiatu naiz, konketañoraino, eskuak ikuzterat. Komuneko atea nola ixten zen entzun dut, eta oihu bat ere, birao bat, argia eta iluntasunari buruzko bertze bi birao eta gero erorketa baten hotsa. Barnean dagoen gizonaren eskuak antzeman ditut atearen aurka, haztaka, etengailua bilatu nahian, naski. Papera hartu dut eskuak idortzeko. Barneko liskarrak badirau, era ozenean, alajainkoa!

 

Komun-ontziaren estalkiaren talkak entzuten dira, papera barnean daukan tramankuluaren talka zolaren kontra jo duenean ere ederki entzun da. Oihuak aditzen segitzen dut, Goikoari buruzko aipamenak, argiari buruzkoak, zola irristakorrari buruzkoak ere. Atearen azpiko aldean geratzen den zirrikitutik, gizonak argia piztea erdietsi duela ikusi dut. Gero lasaitasun-hasperena ere aditu diot barnekoari. Bertako baldintzak jakinik, poxi batez igurikitzea erabaki dut. Hemezortzi segundu gabe argia itzaltzen ikusi dut. Barruko tigrearen orroak hasi dira, lehen baino are era basatiagoan. Atearen kontrako ahurkadak ere lehengoak baino bortitzagoak dira.

 

Barre egiten hasi naiz, barre urduria da. Ia histerikoa. Kontrolagaitza. Hagitz urduri izan naiz komunean, beraz bere denbora behar duen ekintza gisa zinez itogarrian burutu dut. Orain, sartu berri den gizonaren egoera idurikatzean, barrea deskontrolatzen didan sentsazioa daukat. Gogo ematen dit mailu gaitz bat hartu eta pareta guztiak eraisteko. Hobe litzateke mendian egitea halako leku txikian baino. Lasaitua barik, estutua hartu dut. Estutu handia, zinez.

 

Mahairaino hurbildu naiz. Eseri egin naiz eta ezpainzapia izterraren gainean kokatu dut. Sardexka hartu berri dudalarik emazteak galde egin dit:

-Orain hobe zaude?

-Hobe ez kontatzea. Has gaitezen jaten, bortzetan herriko plazan egon behar dugu eta.