Gure bazterrak

Baionatik Armendaritzeraino joan ziren beraz parezkakoak sortu ondoren. Autoz berrogei bat minutu behar dira gehienik 500 biztanle inguruko herri ttiki horretara heltzeko. Nahiago izango nuen Baionan gelditu bagine, baina hala izan zen eta “barnekaldea” deitzen dugun Ipar Euskal Herriko parte hortan handitu beharko ginen.

Herria berez aski polita da, plaza eder bat dauka etxe tipikoez inguratuta. Komertzio familiar bakar bat du eta egia erran ez dago gauza handirik egiteko bertan pilotaz aparte. Beharrik gure bizitza ez zela herri ttiki bakar batean mugatzen frangotan auzo herrietara joaiten baiginen. Ipar Euskal Herria, frantses estatuko lurralde guzien gisan, kantonamendutan zatitua da. Gure herria Iholdiko kantonamenduan kokatua da eta auzo herria denez Iholdi, gure haurtzaroko parte on bat han pasa dugu. Beste auzo herrietarik bat Heleta zen, eta otto edo osaba han genuenez, amaren sortetxean, kasik astero hara joaten ginen bazkari baten estakuruarekin. Azkenik Donoztiri eta Mehaineko herriak genituen auzo herri gisa baina egia erran handik pasatzen ginen bakarrik eta ez dugu haurtzaroan guttienez denbora ainitz igaro bertan.

Iholditik bostpasei kilometrora Irisarri zegoen. Heletarekin kantonamenduko herri politenetarik bat. Berezitasun bat zuen azken honek jendarmeria bat baitzuen. Normalean jendarme komisialdegiak kantonamenduko hiri buruetan baldin baziren ere gurean Irisarrin kokatu zuten baina ez zuen horregatik nehork ere, nigarrik egin, segurrenik Iholdi ta Armendaritzen ez baitzen Irisartarrik…

Laharraga ez zen beste etxeen antzekoa. Beti amestu izan dut etxe normal bat ukaitea, erran nahi baita xuri eta gorri diren etxe hoien gisako bat. Laharraga harrizko etxe handia zen. Gela guziak ez ditugu behar bezala ere erabili segur aski gehiegizko tokia baitzegoen sei pertsonendako. Osoki arraberritu bazuten ere, aitak amaren benedikzioarekin dohaika, moda xaharreko laborantza edo nik dakita ze ofizioko tresna parrasta batez bete zuen etxe hori. Zinez ikusi beharra dago benetan hortaz behar bezala ohartzeko. Etxe guzia “moda xaharra” deitzen genuen garaiaren adierazgarri ezin hobea da eta maleruski aita hil zen egun hartan, tresna gehientsuenen izenak eraman zituen harekin.

Pentsatu izan dut behin baino gehiagotan museo bat egin genezakela bertan. Garai zaharren adierazgarri litaiken euskal museo bat.