Erlantz Urtasun Antzano (k.o. 2014)

451. urteko ekainaren 20an,

hau da, Antzin Aroa Erdi Arotik

banatzen duen tarte luze, bihurri eta ilun hartan,

gudu beldurgarri bat izan zen, non eta

historikoki Katalauniako

eta batzuetan Mauriaceko esaten dieten zelaietan;

zelai horiek gaur egungo frantziar estatuaren iparraldean leudeke;

zehazki, Chalons-sur-Marne alderdian,

zenbait historialariren arabera,

Troyesko herritik ez oso urrun

edo Mery-sur-Seine inguruan.

 

Hala, behintzat, egun horretan, eta balizko toki hartan,

bi armada erraldoi borrokatu ziren era basatian.

Alde batetik, herri askotatik etorririk,

oraindik erromatar agintarien mendekoak agertu zirenak,

eta, beste alde batetik, Atila hunoaren,

inbasioa agindu zuenaren, ingurukoak.

 

Talka lazgarria suertatu zen.

 

Honelaxe kontatu zuen Jordanes historialariak ehun urte geroago:

 

“Zer dela eta mugitu zen halako jende kopuru eskerga?

Nolako gorrotoa zioten denek elkarri horrela armaz ekiteko?

Argi gelditu zen gizakiak bere legeak dituela; izan ere,

aski izan zen gizon bakar baten erokeria hainbeste herri hondatzeko,

eta errege harro baten apetak

alferrik galdu zituen, istant batean,

Naturak hainbeste mende luzez eraiki zuena”.

 

Azken batean, milaka eta milaka soldadu hil ziren,

hainbeste herriren emaitza bikaina;

Atilak atzera egin zuen, eta geroago, Italiari eraso zion;

hala, Erromatar Inperioa desegiten joan zen handik aurrera ere.