Ahaide delizius hontan

Urteak dira Txingudi Ikastolako ikasleekin joaten garela Zuberoara maskarada ikustera eta beraien kultura eta geografia ezagutzera; horretarako 3.DBHko ikasleekin borondatezko tailer bat antolatzen dugu, bertan, muxikoak, kantak eta informazioa helarazten diegularik. Oso tailer arrakastatsua da eta autobus bat beteta, horra hor, abiatzen gara hiru egunez, Zuberoarat.

Igandean, esan bezala, maskaradaz gozatzen dugu, astelehenean Eretako eski estaziora joaten gara eta gauean Niko Etxart kantaria hartzen dugu Irabarneko gazteluan; asteartean Holtzarteko zubirantz abiatu eta, bukatzeko, Azkorria gaznakagia bisitatzen dugu. Hori da gure bidai ofiziala baina, urteak joan urteak jin, komentatzen aritu gara gure artean, arreta eman digun fenomeno batez: Zuberoan, han-hemenka ezagutzen ari garen minbizi kasuez, hain zuzen.

Prefosta, norbaitek esan dezake: – Kontxo! ba begiratu Hegoaldean ere nola dagoen zabalduta! eta arrazoi du; azken bi mendetako izurrite bilakatu da, baina ez dakit zergatik Zuberoara joaten garenean, autobusetik erreparatzen dugu Pirineo mendikatea bere elur zuriekin, landa berde guzti horiek, baserri ejerrak, industriarik ez, ardi manexak nonahi, jende gutxi, natura nagusi; eta guzti hori lotzen dugu inkonzienteki garbitasuna, pakea, arnas garbia, bizitza osasuntsuarekin….baina ez, aire delizius honek badu zerbait iluna, Zuberoako teilatuen arbelaitza bezain iluna.

Bisitatzen dugun gaznategiko lagun bat iaz joan zitzaigun, min biziz; aurten Irabarneko gazteluko langile baten hiru sendiko ere minbiziz jota daudela jakin izan dugu; kantari famatu baten sendiak ere gaitzaren bisita izan du, eta hainbat kasu gehiago…

Bazkal ostean, gai honetaz mintzo ginelarik, gutako irakasle batek, dezente ezagutzen duena Iparraldeko eta, bereziki Zuberoako errealitatea, bota zigun: bada teoria bat esaten duena Pirineo mendikatearen harresi naturalak bereganatzen dituela, bai Frantzia erdialdetik (Jakin badakigu Frantziak, energia nuklearraren bidez, bere beharren %78 inguru ekoizten duela eta munduko bigarrena dela, EEBBen ondoren. Potentzia nuklearra dugu, beraz, bere ondorio kaltegarri guztiekin ere) zein Espainiatik ( Iruñea, Zaragoza…) industriak eta zentral nuklearrek sortutako partikula kutsakorrak, pozoitsuak. Haizearen norabideak berebiziko garrantzia du partikula erradioaktiboen eta industrialen hedapenean, eta hori izan zen gure solasaldian agertutako arrazoi nagusia Zuberoako airea hain delizius ez izateko.

Jauzi egiten badugu planetaren beste toki batera, Everestera hain zuzen, edota Himalayara, ikusiko dugu antzeko prozesu batek arsenikoz eta kadmioz kutsatu dituela bere elur birginalak, lurra eta baita airean dagoen hautsa ere. Zer dela eta? New Scientist aldizkari zientifikoak kaleratutako indusketa batean frogatzen du elurretako ekosistema hau, itxuraz hain indartsua, izatez hauskorra dela oso, eta Asiako eta Indiako industrien isurketek, era guztietakoek, haizearen bidez harresi natural honetan trabatu eta finkatzen direla, hodeiek euriarekin egiten duten bezala. Gainera, guzti honi gehitzen badiogu, Everesten kasuan, turismoak erakarrita, 8000 pertsona inguru bisitatzen dutela eta normalean uraren iturri nagusia bertan dagoen elurra dela, ikus daiteke zer nolako kutsadura prozesua zabaltzen ari den, ez bakarrik turisten artean, baizik eta nepalien eta bertako ibaiek garraiatzen duten ur pozointsu horretan.

Kutsadura, zoritxarrez, fenomeno globala da baina ez dugu zertan etsipenean erori behar; bakoitzak bere harria ezarri behar du guk gizakiok sortutako prozesu horretan eta urratsak eman ingurune egoera ezkor hori itzulikatzeko, bestela Amalurrak bere neurriak hartuko ditu, hartzen ari da, gure osasuna kaltetuz, Lur planetan bere dinamika propioak egokituz, gure espeziaren geroa kolokan jarriz.

Postaletako Zuberoako irudiek, hain gustuko dutenak frantses erretiratuek eta guk geuk ere, manexok, ez dute ziurtatzen Zuberoaren paradisu idiliko, artzain giroko hori salbu dagoenik kutsadura globaletik, zoritxarrez.

Naturak ez gaitu behar, guk Natura behar dugu ordea. Zain dezagun, Zuberoa osasuntsu, Euskal Herri osasuntsu baten mesedetan.

Ahaide delizius hontan bi berset geit tit kantatü

Ene bizitze mulde gaitza mündü orori deklaratü

Ihün sos bat ebatsi gabe ez eskandalik txerkatü

Zortzi urten galeretan nahi ükhen naie sarthü.

(Pierre Topet Etxahun- Barkoxe-1786-1862)

Ahaide2