Homeopatiaren aldekoak eta aurkakoak

Bartzelonako Unibertsitateak 2004tik ematen zuen homeopatiako masterra aurten bertan behera utzi du, ebidentzia zientifikorik ezagatik. Erabaki horrek bazterrak nahasi ditu. Berriro ere homeopatiak hautsak harrotu ditu.

Samuel Hahnemann medikuak homeopatia sortu zuen, 1796an. Antzekotasunaren legean oinarritzen da, hau da, medikamentu batek gaitz bati aurre egiteko, antzeko sintomak sorrarazi behar ditu gorputzean. Diziplina terapeutiko honen helburua gaitzei aurrea hartzea, tratamendua ematea eta gorputzaren berezko ahalmen sendatzailea estimulatzea da. Kaltetuta dagoen gorputzaren atal zehatzari edo gaitz zehatzari tratamendu eman beharrean, medikamentu homeopatikoak nolabait gizabanakoaren asaldura bere osotasunean hartzen du.

Homeopatiaren sendatzeko ahalmena dela eta, askotan sortzen da eztabaida munduko edozein herrialdetan. Horiek horrela, Bartzelonako Unibertsitatearen erabakiaren karietarat, Juan José Rodríguez Sendín, Espainiako Medikuen Erakundeko presidenteak esan du homeopatia inolako ebidentzia zientifikorik ez duen prozesua dela, eta medikuntzaren mundukoa ez dela, sinesmenen mundukoa baizik. Valèrie Poinsot, Boiron homeopatia-enpresa ezagunaren zuzendariak, berriz, esan du medikamentu homeopatikoen akziobideak ikertzen segituko dutela, horiek frogatuta duten sendatzeko ahalmena hobeto defendatzeko.

Profesional sanitario askok uste dute Osasun eta Zientzia Fakultateek ebidentzia zientifikorik ez duten diziplinak ez dute irakatsi behar. Homeopatiaren aurkakoek esaten dute prozesu horren zenbait kontzeptu eta fisika eta kimikaren kontzeptuak bateraezinak direla, zenbait erremedio homeopatiko hain diluituta dauden non substantzia eraginkorraren molekularik jadanik ez duten, eta uste dute produktu horien eragina plazeboenak baino handiagoa ez dela. Plazeboak osagai sendatzailerik ez duten substantziak dira, baina pazientea erabat sinetsita baldin badago plazebo hori sendatzen duen medikamentu bat dela, baliteke plazebo horrek eragin sendatzailea izatea. Sugestiaren munduan sartzen gara.

Badira, bestalde, homeopatia elkarte asko, anitz mediku, farmazialari eta albaitari homeopatak. Sanitario hauek esaten dute homeopatia medikuntzaren alderdi bat dela, patologia askotan erabiltzen dena eta gaitzari aurre egiteko baliabide terapeutikoak handiagotzen dituena. Mediku homeopaten arabera emaitza onak lortzen dira patologia akutuetan, esaterako, gripea, eztula, beherakoak, migraina-krisiak, baita patologia kronikoetan edo tratatzeko zailak diren gaitzetan ere, hala nola, alergiak, dermatitisa, asma, erreuma edo antsietatea. Homeopatek gaineratzen dute milioka gizakik medikamentu homeopatikoak hartzen dituela munduan, medikamentu seguruak direla, emakume haurdunek, haurrek, adinekoek, paziente polimedikatuek eta zenbait tratamendu kontraindikatuta dituzten pazienteek ere hartu ahal dituztela.

Medikamentu horien legezko egoerari dagokionez, Medikamentuen eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak medikamentu homeopatikoei buruzko arautegiaren zirriborroa jakitera eman zuen, 2013ko bukaeran. Zirriborro horren arabera, medikamentu homeopatikoak eta laborategi ekoizleak kontrolatu eta ikustatuko dira, eta medikamentu horien kalitatea eta segurtasuna ebaluatuko dira, baita zenbait kasutan, horien eragina ere. Proiektu hori ez da oraindik onartu. Europan, produktu homeopatikoak araututa daude, 1992tik. Izan ere, zuzentarau batek erregistratzera behartzen ditu. Espainian, zuzentarau hori erregulatu zen Errege-dekretu baten bidez, 1994an. Dekretu hori esker, eta berariazko arauketa onartu arte, jadanik komertzializatuta zeuden produktu homeopatikoak baimenduta daude eta gaur egun anitz errezetatzen eta dispentsatzen dira.

Pedro Iturria Sarasibar