Jendarmak heldu badira…

Aintzineko zutabean esplikatu bezala burrasoek harreman hestua zuten errefuxiatuekin eta gogoratzen naiz hoietarik ugari ezagutu genituela haurtzaroan. Garat arrestatu ondotik beste atxiloketa batzu burutu ziren hain lasaia zirudien lur puska huntan, eta gurekin ikastolara joaiten ziren Parot familiako Ama eta Aitak presondegiratuko zituzten.

Sekulako inarrosaldia izan zen Iholdi ta bere auzo herri guzientzat. Erran gabe doa jendartearen gehiengo “Gaulistak” begi txarrez ikusten zituela “Enbata zikinak” deitzen gintuzten euskaldun abertzaleak. Orroitarazi behar da errefuxiatuen harat hunetaz gain, iparraldean “Iparretarrak” deituriko talde armatuak gero ta ekintza gehiago burutzen zituela. Kontestu hori, ez zen abertzaleen ideiak gizarteratzeko aproposena segurrenik ere, garai hartan.

Aurretik erran bezala, burrasoek lehen apartamendu edo pisu bat erosi ahal izan zuten Baionan, zenbait urte berantago Armendaritzeko Laharraga arraberritu aintzin. Pisu hori alokatu zuten prezio ezin hobean nik uste, errefuxiatu famili bateri, edo hobeki erranda senarra kartzelaratu zuten bi haur gazterekin geratzen zen emazte bakartu bateri. Z familia ia hogeitahamar urte egongo zen apartamendu horretan.

Beraz, ikusiz burrasoek, errefuxiatu eta abertzale munduarekin zuten harreman hestua, eta horrez gain burutu ziren azken atxiloketa ezberdinengatik, aitak somatu zukeen zerbait gerta litzaiokela hurrengo egun edo asteetan. Zentzu horretan, gure bi anaiak Kanboko Xalbador kolegioko barnetegian ziren aste baten erdian, bixkiek partekatzen genuen ganbara edo logelara hurbildu zitzaigun ohikoa ez zen moldean. Eseri zen ohe baten gainean eta zera erran zigun: -Sustut jendarmak heldu badira gauez, ez zaiztela beldurtu, eta ahalaz ez ezazuela nigarrik egin… Ez zaizue deus gertatuko beraz egon zaizte trankil.

Aita, ganbaratik atera zenean, nik uste efektu kontrarioa senditu genuen gure baitan, beldurra eta arrangurek gure gau hura laburtu zuketen dudarik gabe, loa ez baigenuen errexki kausitu. Zorionez jendarmak ez ziren etorri gau hartan ezta hurrengo asteetan. Etorriko ziren ordea, hortik hogei bat urte berantago, arrazoi ezberdinengatik…