Nerabezaroa, arazoen prebentzioan azpimarra

Nerabezaroak berez ekarriko du haurrak lortutako orekaren nolabaiteko desegonkortzea. Heldu bilakatzeko igaro beharreko prozesu osoan zehar gertatu bezala, etapa bat atzean utzi eta hurrengoari heltzeko muga zeharkatu beharrak berez baitakar nolabaiteko krisia. Baina krisiaren maila, ondorioa eta eragina ezberdina izanen da haurtzaroan zehar oreka sendoa eraikitzea lortu duen nerabearengan edo oreka hauskor baten babes ahularen pean dagoen horrengan. Nerabezarora iritsita haur bakoitzak izan dezakeen krisiaren nolakotasuna eta neurria erabat aurreikus daiteke, beraz, eta, horregatik, arazoen prebentzioan azpimarra eginen duen haziera-eredu bat aldarrikatu behar da lehenengo ezinbestean, arduraz jokatu nahi badugu.

Nerabezaroak egiten duena ez baita arazo berriak sortzea, lehendik azpian baina sarri ezkutuan zeuden horiei ikusgarritasuna ematea baizik. Haurtzaroan zehar eraikitako defentsa-sistemaren desegonkortzea gertatzen da, hortaz, bai eta horrekin batera azpian latente zeuden sintoma fisiko askoren edota jokabidearekin lotutakoen azaleratzea ere; lehenago agian ikusi ez arren, jada eragiten ari baitziren. Identitatearen azken zehaztapena edo definizioa burutu behar denez, ezin izango zaio inoiz gehiago ni horren nolakotasunari ez ikusiarena egin. Ageriago geratuko da osatzen eta hazten ari den ni horren ahulezia edo sendotasuna. Niaren hauskortasunaren kontrako txerto eraginkorrena haurrak inguruan dituen pertsona garrantzitsuekin afektiboki lotura estuak ezarri ahal izatea da. Haurtzaroan atxikimendu segurua eraiki izana, alegia.

Nerabezaroak azalera ekar litzakeen arazo horiek indar handiz agertuko dira, gainera, nerabezaroaren ezaugarri ere badiren aldaketa hormonal indartsuak izango direlako eta karga libidinal handiak oso bizkortuta eta indartuta datozelako. Nerabezaroan gertatzen diren eztanda askoren ikusgarritasuna gaztaroaren ezaugarri horri leporatu ahal zaio. Haurtzaroaren lehen etapetan gertatu bezala, gorputzak aginduko du, berriz ere, nerabearen bizitzan. Oraingoan, baina, bat-bateko aldaketa erraldoiak gorputzaren bulkada are uholde ere bilakatuko du, eta erraz egingo dio gainez arrazoiaren bitartez alderdi fisikoa baretzeko nerabeak egin lezakeen edozein saiori. Gorputzak hartzen du agintea, eta garunaren alde kortikalak garrantzia galduko du, zirrarez edo bulkadez arduratzen den alderdi horren mesedetan. Gorputzean aldaketa erraldoiak gertatuko dira; eta horiek ulertzen asko lagun lezakeen buruko arrazoimena, ordea, eskas geratuko da. Sistema fisikoaren eta psikikoaren artean, banaketa dramatikoa gertatuko da.

Norberaren baitan ongi edo gaizki sentitzeko hormonen gorabeherek daukaten zerikusia ongi ulertu ahal izateko, aski genuke menopausia edo antzeko prozesu hormonal indartsuei begira jartzea. Nerabeengan gertatzen denak ez dauka horretan parekorik, baina, hori horrela izanagatik ere, txikiak dira inguruak gertakari horren aurrean erakusten dituen ulermena eta etorkortasuna. Nerabearen pertzepzio-sisteman ere eragiten du, gainera. Prozesu hormonalaren uholdearen eta garunean prozesu linbikoa nagusitu izanaren arteko batuketak oso komunikazio modu berezia dakar emaitzatzat. Ia horrek soilik ulertaraz diezaguke nerabe asko eta askoren jokabideetako ugariren zergatia.