Autopistan

Ez dakit nori ezta zergatik bururatu zitzaion, eta ez dakit zer ziok bultzaturik burutu zen, baina lehen hain ongi zegoen errepidea biribilgunez bete izanak batere gogoko ez dudan autopista erabiltzerat behartu gintuen. Ez naiz batere autopistazalea, helmugarat laster iritsiagatik batere ikusten ez duzulako. Ezin dasta ditzakezu bidean gaindi dauden herriak, ezin sar zaitezke benetako tabernetan (autopistetan daudenek, taberna izan ezik, edozer gauza emaiten baitute), belarriek ezin goza ditzakete tokian tokiko hizkera ezberdin bezain aberatsak. Kontu on bakarra irratia entzun daitekeela errepideari guti erreparatu behar zaiolako. Oraingo honetan, aldiz, CDa paratu diagu. Asturiesen erosi genuen Skanda taldearena dantzugu. Zinez ona. Autopistarekin loturik dagoen esaldia irakurri berri dit semeak

-Hara, aita, zer dioten Skandakoek “Unpaisaxeconquístasecolasuela’l zapatu, non colesruedes del coche” eta gero, beheitiko aldean, William Faulker jartzen du.

-Txoil esaldi bikaina, ados negok Walker horrekin.

-Faulker, aita, Faulker.

-Berdin zaidak, ongi zegok esaldia. Nik, aukeran, astopista nahiago autopista baino.

-Bada, orduan, asteburua bidean emanen genikek —erran dik Jonek bozgorailuak emaiten dion ahots metaliko horrekin.

-Bai, arrazoi dun, Paris lekutan zegon, bide luzeegia astoz joaiteko, baina autopistak nazkatu egiten nain.

Horrela segitu diagu itzuliko bidaian. Paristik duela ordu zenbait atera gara eta orain, arras ilundu duelarik, autopistari esker ezin jakin dezaket non arraiotan gauden. Frantziar Estatuko isunak ospetsuak dira, hobe lastertasuna kontrolatzea bidaia garestiago atera ez dakigun. Kontu bitxia zeren ehun kilometro orduko abiaduran oro aitzintzen baitzait, berriki halako kamioneta xahar bat iragan da, hippien itxura zuena, lore eta kolore anitzez margoturik eta gibeleko aldean barnean 60ko hamarkadako ikurra zuena. Barrendik kea zerion bake, maitasun eta belar zaleen ibilgailuari. Bururat Grace Slick etorri zait eta haren Somebody to love entzutetsua. Erabateko maitasuna, bakea, militarren aurkako mugimendua … Ene bada! Orduan nik adats ederra neukan, ia gaurko soilgunea baino nabariago.

-Ez larritu, baina komunerat joan nahiko nikek —Jonen ahots metalikoak urrundu naik San Francisco hiriko giro askatzailetik.

-Laster behar dun? Badakin nola den kontua autopistetan, zerbitzuguneak ez zeuden behar ditugunean —irriño batez lagundu dut esaldia, lasai nago duela hamar bat kilometro halako gune baten iragarkia ikusi baitut.

-Eutsiko zioat, baina gogoratu, mesedez.

Oraingo afera zailxeagoa da, komun ona ediren behar dugu. Gure Jone elbarria da eta usu, usuegi egia erran, erabili behar dituen libralekuak ez daude batere egokiturik. Kartela ongi gogoratzekotan, hamar bat kilometro urrun da hurrengo bide-kafetegia. Ea ongi prestaturik dagoen edo sekulako komeriak egin behar ditugun maiz bezala.

-Ongi etorriko zaiguk horrela, bidenabar, kafetxo bat edanen diat, logaleari aitzi egiteko, bidaiaren aspergarria! —neskalagunak erran du nagiak ateratzen ditueino.

-Kontxo, bizi haiz? Tarte ederra eman dun lotan, Parisko pomme hori jan ondotik lo zorro geratu haiz, ezta, Edurne…Zuri? —kontuaren bitxia, gure Edurnek oso gogoko ditu sagarrak eta gaurkoa jan baikoz lotan geratu da. Hortik xextoa.

-Bai, ederki egin diat, gero, nahi baduk, neronek gidatuko diat.

Zerbitzugunerat iritsi gara. Argiak pizturik daude, hogeita lau oreneko zerbitzua eskaintzen dutenetarikoa da gune hau. Ikusiko dugu benetako zerbitzua emaiten duten.

-Aurrena zerbait hartuko dugu eta gero komunerat joanen gara? —gure Jonek, aiherrak egonagatik, bukaerarako utzi nahi ditu komunarekikoak.

-Ongi dun, edariak eskatuko ditinagu eta gero eramanen haugu.

Zerbitzaria hurbildu zaigu, nik Jone ondoko mahai bateraino eraman dut eta behar ditugun aulkiak hurbildu ditut. Edurne ere gurekin da. Nehork ez du zerbitzariarekin mintzatu nahi, Patxi gurekin dugu, beharrik! Institutuan ikasi frantsesera baliatuko du gure egarria asetzeko. Edurne eta biok semeari begira gaude, halako harrotasun punttu batez gure ondorengoak nola ikasi duen ikusirik. Patxiren aurpegiak, aldiz, ez dik itxura onik. Egonarria ez duk haren tasunik onena. Eramanaren kontua gaizki darama aldamenean duenak kasurik egin ezean. Tabernariarekin solasean ari da, eta liskarrean, edo ia.

-Patxi, Patxi, zer duk? —lasaitzeko asmoz hurbildu natzaio.

-Xenekonpran pa, xenekonpran pa. Ez daki bertzerik erraiten! De kafe o le eta de boteil do eskatu dizkiot. Gaizki ahoskaturik ere, ez dua ulertzen gizon honek? —semea arras koleraturik dago.

-Badakik hori guztia idazten?

-Axotarik baduzu?

Jonen baitaraino hurreratu eta haren zorrotik arkatza atera dut. Salmahaitik paperezko ezpainzapia hartu eta semeari eman diot. Kontu handiz, bertzenaz papera zimurtzen baita, idazteari dakio. Bukatu duelarik zerbitzariari dio eman.

-Aaa! Oui, oui, de kafe o le et de boteil do.

Patxik zur eta lur segitu du oharraren irakurketa. Niri so daukat.

-Baina, baina, ez al diot nik horixe eskatu?

Ez dut su hori kitzikatu nahi. Bego. Oraingo honetan tabernari hizkuntzalaria egokitu zaigu. Edo gorra, nork daki. Gure urak eta kafesneak bukatu ditugunean komunerat abiatu gara. Ea nolako egoeran dauden.

Ez dakit noizkoa den zerbitzugune hau, baina komuna egokitua tabernatik urrunxko paratu zuten, western filmetan agertzen diren komun berezi horietarik emaiten du, gela bakar bakartua, ate bakarrekoa eta gainerako gauza guztietatik bereizita. Lehendabizi neroni sartu naiz ikusteko xahu dagoen, maiz suertatu zaigu komuna ederki “apaindurik” egonda gogotik garbitu beharra gure Jonek erabiltzen ahal izaiteko. Oraingo honetan halaxe dago, gaizki erabilirik. Hau egin duenak ongi dauzka gorputz atal guztiak, ez dun neholako elbarritasunik. Eserlekua ez ezik, komunaren barneko paretak ere zikindu ditu, eta artez. Egin duena arteza izan da, doike, bere beta ederki baliatu du artelan hau burutzeko. Pena izan da, aldiz, artista harrapatu ez izana, gustura asko zorionduko nukeen. Komuna bere horretan utziko dut, komun-ontzia da ikuziko dudan bakarra. Paretan dagoen paperetik puska handi bat hartu eta uretan busti dut, gero xahutzeari nakio. Jone gaixoa!, denetarik ikusi behar du halako toki egokietan. Jendeari ezin burura dakioke zer den ezinbertzean eseri behar duenarendako komuna garbi aurkitzea. Eta zeinen zaila! Heldu denari ez zaio gogoratzen gero erabiliko duenik eta dena kakaz beterik uzten du.

Nola edo halako garbiketa amaitu dut. Joneren bila noa. Hantxe dauzkat bidaide guztiak, nire zain. Edurnek buruz halako galdera keinua egin dit, egoera jakin nahian. Nik, buruz ere, ezetz erran diot. Berehala ulertu du. Gurpildun aulkia hurbildu dugu. Atea meharregia da, kanpoko kartela gorabehera, komun hau ez dago egokiturik. Zenbat halako! Iduritzen zaie kartela paratzea aski dela elbarriek lasai erabiltzen ahal dezaten. Ene bada! Jone besoetan hartu eta barnera sartu dut. Zintzilik daramat bizkarrezurra iltzez eta burdinez tinkotu ziotenez geroztik haren hankek ezin eutsi baitezakete. Komun-ontzirat noa, Edurne aurreratu zait eta hondar garbiketatxoa egin dio esertzeko tokiari. Jone dugu kokatu.

-Orain badakizue… —Jonek, era disimulatuan, intimitate-eskubidea aldarrikatu digu.

Kanporat atera gara. Edurnek zigarroa piztu du. Zupada bakarra eginda, bota egin du.

-Noiz utziko dun? —badakik gogorra dela utzi nahi duenari gogoratzea utzi behar duela, galdetu bezain agudo zait damutu.

-Arrazoi duk, orain gutiago erretzen diat, baina lehen baino garestiago zaidak zupada bakarra eginik botatzen baitut.

-Bukatu egin dut —Jonek jakinarazi digu komunarekikoak eginik dauzkala.

Komeria orain bertzelakoa da, nik eutsi diodaino Edurnek prakak igan dizkio, baina orain nola garbituko dizkiogu eskuak hain konketa zikinduan? Ahal izan dudan moduan, eskarmentuz erdietsiriko teknikari esker gibeletik heldu diot Joneri eta Edurne eskuak txukuntzerat hurbildu zaio. Berantegi, ordea, ezin kontrola ditzakeen eskuek konketaren gaineko kaka gunea ukitu dute. Edurnek, nola edo hala, lasaitzen saiatu nahi izan du

-Hara, norbaitek nata egin du

-Nata? Nola nata?, esnegaina!?, norbaitek esnegaina harrotu du? Ez dun batere barregarria —Jonek haserre. Ulertzekoa da, beti makurren daudenek jasan behar baitituzte halako egoera nazkagarriak.

-Ekialdean “nata egitea”, kaka egitea dun…

-Ulertuko dun nik nata edo esnegain berezi hau probatu ondotik eri punttak zurrupatu nahi izaitea —kinka gaizto honetan egonagatik, irriño ttipi bat agertu zaio gure Joneri.

Eskuak garbitzeko xaboi-potea hutsik dago, Edurnek beribileraino joan behar izan du halako xaboi-pastilla baten bila. Bitartean Joneren gorputzari ongi atxikitzerat bermatu behar dut. Ez naiz gauza kanporaino eramaiteko han, aiduru dagoeino, jar dadin. Gero ezin ekar nezake konketaraino. Nire gerria minberatzen zait, gero eta usuago, horixe egia, zahartu gara, “ohartu gabe heldu gara mugara”.

Hor gaude bi adiskideok, ispiluaren aurrean, elkarri begira. Denbora tarte hau hobeki iragaiteko, nire eskuez bizar mozteko makina banerabil bezalako keinuak egin ditut, baina Joneren aurpegian. Mazelatik tiraka azala tinkotu diot belarriaren ondoko bizarra moztu nahiko balio bezala.

-Ile hauek beti zail suertatzen zaizkidan.

Jonek irri egin du. Gero sudurpekoa moztuko banio bezalako mugimenduak egin ditut.

-Bidenabar, sudur punttako iletxoak ere moztu —Jone barrez lehertzen hasi da.

Zail da ulertzen nola egin dezakeen barre bere ataka gaizto horretan, alegia, betiko (betidaniko eta betirako) ataka gaizto horretan. Zaintiratu txiki bat edukita saindu guztien izenak errepasatzen ditugunok nekez uler dezakegu biziarteko zigor hau pairatu behar dutenen aldarte ona. Egokitze prozesua zer den ederki aski azaltzen digute egunero.

Edurne zaigu itzuli eskuan xaboia dakarrelarik. Jone lasaiago geratu da.

-Mikel, mesedez, orain komun arrunterat joan nahiko nikek —harriturik harrapatu nau Jonen eskaerak.

-Komun arrunterat?, baina ez zegon egokiturik, aisa makurrago moldatuko gaitun.

-Erkatu nahi ditiat bi komun motak, elbarriena eta arrunta —irmo erran du, badakit nekez aldaraziko dudala asmoz. Joaitea erabaki dut.

Aulkian jarri eta komun arrunteraino lagun egin dut. Lehen baino komeri handiagoak egin behar izan ditugu sartzeko. Besapetik hartu eta nesken komunen “ezkaratzean” gelditu gara, goizeko oren tipiotan ez dago nehor, beharrik, batek daki zer erranen lioketen ni bezalako gizon motroilo bati nesken komunen erabiltzaileek.

Jone so dago. Eskuinari, ezkerrari. Usainari ere erreparatu dio

-Mikel, itxi eskuz nire sudur-ziloak, otoi —Jonek nazka aurpegia jarri du hau ziostaino.

-Berehala —lasaitu nahian erran diot. Egia da komunaren barneko kiratsa higuingarria dela, ahalaz nik ere sudurra itxiko nuke.

Ziplo ezusteko ederra eman digu Jonek, puzker gaitza bota du.

-Hi, baina, zertan ari haiz? Ni hemen naukan, gibelean —erran diot arnas hartzeari nekez eusten nioino.

-Bakoitzak bere “sinadura” uzten baitu, nik ere neronena utzi nahi nian. Beti kontrolatzen, beti kontu handiz, beti gauzak zuzen eta artez egiten ibili behar dugula zioskutek gero ongi dagoen jendeak dena nahi duen bezala egiten duen arren. Elbarriok normalizazioa aldarrikatu diagu beti, oztoporik gabe bizitzeko eskubidea, denabertze edonork bezala egiteko erraxtasuna edukitzea. Ongi daudenek eskubidea badute gure komuna beren zikinkeriaz zikintzeko, guk geronek ere haien komuna pozoitzeko eskubidea eduki behar diagu. Honetan ere berdintasuna aldarrikatu nahi diagu elbarriok. Hor konpon!

Aldarte onean, baina sumindura antzemaiten zaio Joneri. Urte anitz eman du egoera honetan, eta, ontsalaz (ontsalaz!), emanen ere. Nazkaturik daukate jendearen begirunerik ezak, makurrago dagoenarekiko elkartasunik ezak, utzikeriak, gizatasun gabeziak. Mendekua burutu du. Bejondeiola. Harekiko konpromisoa-edo sendesteko Edurne eta biok ere puzkerka hasi gara. Bilbok berak ere, bere urterik industrializatuenetan ere, ez zukeen halako kiratsik pairatuko, ez horixe!

Nola edo hala Jone gurpildun aulkian arrajarri dugu. Beribilari buruz abiatu gara. Bet-betan emakume bat etorri zaigu, lasterka, arnasesturik, izua begietan islaturik

-La bategiesmor, la bategiesmor —frantseseraz ari zait. Antza denez, Patxi seme ikasle bikainari esker ulertu dut emakume larrituak ziostana, beribilaren bateriari indarra akitu zaio “la batterieestmorte” edo antzeko zerbait erran omen dit.

Keinuz lasai dadin azaldu diot eta gero beribilaren barnean esertzeko. Keinuz, munduko hizkuntzetan den unibertsalenean, bigarren abiadura seinalatu, eri erakusleak neronen burua erakutsi eta bi eskuez bultzatuko dugula adierazi diot. Berriz neronen burua (bularra zehazkiago) erakutsi diot eta gero autoren gainean bi kolpe eman ditut, emakumea destatu dut ondoren eta belarriak eta…

-Apre de kops, relaxelenbrajax —Patxik erran dio, aitaren ezdeustasunak nazkaturik.

Emakumeak ulertu bide du. Pototsa goiti jarririk bigarren abiadura prestatu du eta “lenbrajax” zapaldu. Jone toki seguruan utzi ondotik, beribila bultzatzen hasi gara haren gainerako hiru bidaideok. Lastertasuna, eztiki-eztiki bada ere, handituz doa. Egokia iduritu zaidalaik bi kolpetxoak eman ditut.

-Orain —oihu egin diot.

-Aita, ez dizu ulertuko, frantsesa da —Patxik etsipen handiz erran du esaldia, nireganako mirespena arras galdurik baleuka bezala —mentnant, mentnant!

Emakumeak enbragea askatu du eta kotxeak bi puzker bota ditu. Motorrak, aldiz, ez du piztu nahi izan.

-Segi, segi, bultza gehiago, ea hurrengoan…

Beribilaren lastertasuna egokietsi dudalarik bertze bi kolpetxo eman ditiat

-Mentnant, mentnan! —Patxi da orain oihukatu duena.

Beribilak bere horretan dirau, pot eginik. Emakumea autotik jalgi da, etsirik, bidaia egin behar du eta hemen dago jota, nehongo eremuan. Atea erdi irekirik utzi duela baliatuz, soinburuz bultzaka hasi naiz ondoan zerbitzuguneko aparkalekua bi estaitan banatzen duen aldaparaino eramaiteko. Aldaparen goiko aldean nagoelarik beheiti abiatu dut ibilgailua lastertzen hasi bezain agudo barnean sartu naizelarik, gidari. Gero eta arinago dabil, gibelerako ispilutik beribilaren nagusia dakusat, korrika nire atzetik, kilometro-kontagailuan 40 ikusi dudanean bigarren abiadura jarri dut eta enbragea askatu, halako durrunda bitxiaren ondotik motorra piztu egin da. Aparkalekuko goiko alderaino joan naiz eta emakumearen zain geratu naiz azeleragailua behin eta berriz zapaltzen dudaino. Gaixoa izerditan iritsi da, atea irekita aholku batzuk erran behar nizkiolarik, soinburutik tiraka kanporat bota nau, gidariaren besaulkia aitzineratu du (bi ateko beribila da) eta gibeletik sehaskatxo bat atera du

-Ma fil! Ma fil! —mafille, ma fille; ene alaba, ene alaba!, semeak azaldu didanez.

Musu bat eman dio haurtxoari eta gero haren tokian kokatu du. Ongi lotu ondotik gidariaren besaulkia egokitu eta niri begira (eta destatzen) geratu da. Zerbait erran nahiko balit bezala ari da, arnasestuka. Izerditakoaren eskuin mahukaz ahoko habuina garbitu du, gero arnas sakona egin du, ezker eskuaz goitik beherako keinua egin du “ez du merezi” erran nahi izan balu bezala, ibilgailuan sartu, segurtasun uhala paratu eta alde egin du.

Zur eta lur geratu naiz, laguntza eman diogu, “bategimor” (la batteriemorte) zeukan beribila piztu diogu eta eskerrik ere ez digu eman. Baina, baina, zer uste zuen? Alaba ebatsi behar nion uste zueina? Motroilo, erdi burusoil eta itsusia izan ez banintz eskertuko zidakeen, doike, baina potolo, txikia eta, aurpegiz behintzat, Frankenstein bezalakoa naiz. Diskriminaturik dakusat neronen burua ez, menturaz, gure Jone (eta gainerako elbarriak) bezainbat, baina diskriminaturik. Itsustasunak, elbarritasunak bezala, batzuek uste ez duten arren, zokora ere gaitzake. Zer eginen dugu! Nirekiko begiruneari egindako mespretxua adierazteko puzker sorta bota dut laguntza eskertu ez didan (ez digun!) emakumearen gorazarrez.

Ekuratu behar dut, ekuratu, naretu, artegatu, lasaitu behar dut bideari ekin aitzinetik. Gure kotxetik gero eta hurbilago gaude, hemendik alde egin eta etxeratzeko aiherrak nago. Joranez. Oporrak gogoko ditut, are gogokoago etxerat itzultzea. Zehazki non gauden ez badakit ere, gidatuz orenak agudo pasatuko zaizkigulakoan nago. Bihar igandea da, ez dago lanerat joan beharrik, ongi lo egiteko egun aproposa. Ederki. Ez da kontu ona oporren ondorengo lehen lanegunaren aitzinekoa bidaian emaitea, lehen egunean atseden ederki harturik hasi behar dugu, lehen egunean bederen.

Beribileraino iristear gaudelarik gizon mehar eta apal xamarra zaigu hurbildu. Eskuetan mapa bat zekarren eta aurpegian zalantzak argitzeko halako galdera-itxura. Txirrindulari jantzian heldu zaigu, beltzez, ez dazagudan talde baten maillota. Ezin uler dezaket zer jartzen duen letra txikietan, Strade Bianche, Siena. Hiriaren izena ulertu dut: Siena. Toscana aldeko hiri ederra. Handik etorriko zen txirrindulari mehar hau?

Beribilerat goaz eta txirrindularia badatorkigu, gero eta hurbilago dugu. Meharra bada ere, orenotan hurbiltzen den orok izu sortzen du, are gehiago bi emakume eta haurtxo batekin joanez gero. Hondarrean bidea eragozteko moduan kokatu zait, aitzinean. Eskuetan zeraman mapa erabat zabaldu du eta Firenze hiria erakutsi dit. Gero bere bular aldea ukitu du eskuin pototsaz, banago ez ote didan adierazi nahi nongoa den, Florentziarra. Bururat “Arno” ibaia etorri zait, ederra litzateke halako ibai bat ikustea, alegia, urez barik, arnoz beterik. “Arnoederra” litzateke Bakedano ondoan balitz. Ergelkeriok ergelkeria, ez dakit zehazki zergatik erakutsi didan florentziarrak mapa hori. Eni begira daukat, ihardespenaren zain balego bezala. Nik, aldiz, ez dakit zer erantzun ez baitit galderarik egin. Buruko keinuaz zer nahi duen galdetu diot. Hark ulertu ez dudan zerbait erran dit italieraz. Edo nik italieratzat jotzen dudan zerbaitez. Soinburuak goititu ditut adierazteko ez dudala fitsik ere endelegatu. Txirrindulariak eskuin eskuaz gu guztiok ukitu gaitu, baita bere burua ere. Gero eri erakusleaz lurra seinalatu du eta gero mapa.

-Aita, uste dut jakin nahi duen non gauden —semeak argitu dit, seguru asko bere amarengandik jaso duen neurona sorta erabiliz.

-Esker aunitz, ez zioat ja ere ulertzen. Eta orain zer eginen dut, zehaztuko diot mapan non gauden?

-Doike.

Guti goiti-beheitiko kokapena egin diot, errepidearen zenbakia baliatuz nontsu gauden azaltzen ahal ukan diot. Txirrindulariak (uste hutsa baizik ez da, ausaz ez da txirrindula egundaino ibili eta, hagitz litekeena da, soilik erosoago egoiteko erabiltzea maillot eta kulota) aldameneko ibilgailuan lagundu beharrean behearen gainean lagundu nahiago izan du. Buruz lehengo galdera bera egin dit. Nik esku-behatzez autopista erakutsi diot eta gero, haren keinuren baten aiduru nintzelarik, ezustean harrapatu nauen zerbait egin du txirrindulariak. Tira, egin baino, bota egin du. Puzkerra bota dit sudurretik metro exkax bat urrundurik, azalpenak egiteko hurbilago jarri natzaion bezain laster, haren erantzuna hobeki ulertzeko burua hurbildu berri diodalarik. Hura kiratsa! Eta higuina! Eta narda! Eta ok egiteko gogoa! Gure solaskidea (kide atzizkia ez dakit egokiena den, kidetasunetik guti baitu egin berri duen ekintzak) lasai dago, deusik ere egin ez balu bezala, areago!, sekulako lasaitasun aurpegia geratu zaio bota duena bota ondotik. Azalpenarekin segitzea xedatu dut, autopistatik non atera behar duen zehaztu diot. Ziplo bertze sortatxo bat bota du, bere behatz erakusleaz nik azaldu ibilbidea segitzen zuen bitartean, uzkerka segitu du. Patxi barre egiten hasi da

-Baina, baina, zertan ari da urde alaena? Ito eginen gaitu! —erran du sudurra nabarmenki ixten dueino.

Nik eri erakuslearen eri-mokoaz hiru kolpetxo egin ditut sudur punttan zeinen usain txarra dagoen erakutsiz. Toskanarrak ez dit jaramonik ere egin eta mapari begira segitu du. Mapari begira eta noizean behin puzkerka. Jonek, bere elbarritasunak uzten dion higiduraz, eskuz sudur-ziloak itxiz gero erortzeko minduen mugimenduak egin ditu. Goiti eta beheiti hasi da, ok egiteko itxura ere burutu du eta… miraria, orain, orain gelditu zaio txirrindulariari puzker botatzeko gogoa eta alde egitekoa piztu. Lasterka eta korrika abiatu da bere ibilgailuraino, barnera sartu eta ziztu bizian joan da.

Beribileraino iritsi eta Jone haren tokian kokatu dugu, ondotik bidean segitu dugu, bidaiari garraizkio.Komunerako bisitatxo lasterra beharko zukeena sobera luzatu zaigu eta orain nekez etxeratuko gara oilaritea baino lehen.