Pisu egokia eta sendabelarrak

Farmazialarien Kontseilu Nagusiak, bukatzen ari den ikasturte honetan sendabelarren gaineko ikastaro bat antolatu du. Kanpainan, autonomia erkide guztietako 4.000 farmazialari baino gehiagok parte hartu dugu. Eguberriak baino lehen, digestio-arazoak eta sendabelarrak gai hartuta eskola eman genuen. Aste Santua baino lehen, berriz, loezina eta estres asalduak eta sendabelarrak izan ziren ikasgaiak eta, azkenik, uda baino lehen, pisu egokia eta sendabelarrak izan dira garaturiko gaiak.

Jarraian, azken saio honi buruz Farmazialarion Kontseiluak prestaturiko txostenetik ohar batzuk aterako ditugu: pisua eta sendabelarrak alegia. Gehiegizko pisua gertatzen da jaten duguna gastatzen duguna baino gehiago izaten denean. Gorputz-masaren indizeak gure pisuaren maila neurtzen du: 18,5 baino gutxiago bada, gutxiegizko pisua dugu; 18,5-24,9 bada, pisu normala dugu; 25 baino gehiago, berriz, gainpisua edo obesitatea.

Bestetik, gerriaren inguruak (zentimetrotan), arrisku kardiobaskularraren berri ematen du: gizonezkoetan 102 baino gutxiago, eta emakumezkoetan 88 baino gutxiago bada, ez dago arriskurik. Inguruaren neurriak altuagoak badira, arriskua handiagoa da.

Pisua gutxitzeko, lehenik eta behin, motibazioa oso garrantzitsua da, pisua benetan jaitsi nahi izatea, alegia. Ahalegin pertsonala beharrezkoa da. Mirarik ez dago. Bizi ohiturak aldatu behar dira.

Saiatu beti ordu berean jaten. Ahal delarik, fruta edota barazki bost anoa egunero hartu. Koipetan eta azukretan aberatsak diren elikagaien kontsumoa murriztu. Oliba-oliotan eta gantz-azido esentzialetan aberatsak diren elikagaiak jan, hala nola arrain urdina eta fruitu lehorrak. Ariketa fisikoa egin (azkar ibiltzea, gutxienez): gazteak 60 minutu egunero gutxienez, eta helduak 150 minutu astero.

Sendabelar batzuek jateko gogoa gutxitzen eta ase sentsazioa handiagotzen dute, esaterako, plantagoa, glukomananoa eta fukusa. Otorduak baino 30 minutu lehenago hartu behar dira. 150 mililitro urarekin, gutxienez. Sendabelar horiek dituzten muzilagoak direla eta, handitu egiten dira eta hesteetatik igarotze prozesua laguntzen dute. Halaber, kolesterolaren eta glukosaren xurgapena gutxitzen dute. Fukusek, gainera, dituen fukoxantina, polifenoleak eta iodoa direla eta, gastu energetikoa handiagotzen du.

Beste sendabelar batzuek berriz gantz metaketa gutxitzen dute eta gantz horren kanporaketa handiagotzen, hala nola, te berdea eta guarana. Sendabelar horiek dituzten kafeina eta katekinak direla eta, absortzioa gutxitzen dute lipasak inhibitzen dituztelako.

Garzinia izeneko sendabelarrak azukreak gantz-azido bihurtze prozesua gutxitzen du, eta gantz-ehunean metatzea ere bai.

Beste landare batzuk zenbait kasutan mesedegarriak izan daitezke. Esaterako, orburuen hostoek digestio-funtzioak hobetzen dituzte, eta gainera diuretiko arinak dira. Ortosifon izeneko landareak likidoen euspena gutxitzen du. Anisak eta mihiluak duten anetola dela eta haizeen kanporaketa errazten dute. Badira ere landare antsiolitikoak, esaterako pasiflora, garraiska eta belar bedeinkatua edo baleriana. Horiek irenste konpultsiboa moteltzen dute.

Pedro Iturria Sarasibar