Urtebetetzea

Lankideak ekarri banabar hauek zinez onak dira, jadanik bigarren platerkada janik daukat eta lekutu ezean eltze osoa hustuko dut. Sobera jan dut, honela ez dago dietistaren erranak betetzeko erarik, aste honetan ez dut gramo bakar bat ere galdu. Hori bai, limoi zukuaren ttanttak botatzeko aholkua bete egin dut, honela eltzarien burdina aiseago iragaiten omen da odolerat. Beldur naiz, hurrengo hitzorduan erranen didanaren beldur, ehun kilorekin joan nintzaion duela sei hilabete eta ehun eta sei ditut uneon, galdu beharrean irabazi. Majo gaudek, Mikel, apeza putzun!

Semea hurbildu zait, gaur urtebetetze besta dute janari lasterreko jatetxean. Janari lasterrekoa deitu ordez, hobe lasterreria lasterrekoa deituko balute, behin baizik ez naiz izan eta sekulakoa harrapatu nuen, orduantxe galdu nituen bi kilo aste batean. Dena den ez dut uste hori den modurik onena mehetzeko, dietistarekin mintzatuko naiz.

Semea hortxe dut, zain, jatetxerat noiz eramanen dudan igurikitzen, aiduru, berantetsirik.

-Aita, seietan da askaria eta dagoeneko laurden gutxi dira, jaikiko al zara nehoiz mahaitik?

Ene bada, seiak laurden gutxi dira, hiruretan hasi naiz bazkaltzen… ia hiru oren eman ditut jaten, hori bai, hasierako gatzozpina eta banabarrak baizik ez. Erregimenari atxikirik, edo Mikelen erregimen bereziari atxikirik, jaki koipetsurik gabe, lehen platerari behar duen garrantzia emaiten, alegia.

-Aita!, aita! Otoi! Seietan dut besta eta oraino Leire eta Iñaki hartu behar ditugu bidean harat eramaiteko!—semeak lantegiko ardurarenak dirudien ozentasunaz hitz egin dit.

-Banoak, lasai motel! Berehala hartuko ditiagu hire adiskideak. Non da askaria? Non hartuko ditugu hire adiskideak?—erran diot mahaia ahal bezain laster biltzen dudaino.

-Askaria Donibaneko Oilaskoenea jatetxean da—erran dit semeak esaldia biga bortzetan errepikatu duenaren etsipen doinuaz.

Oilaskoenea!?, Keaskoenea izena egokiago litzaioke. Duela hiru urte su gaitz batek suntsitu zuen eta arras berritu bazuten ere, geroztik badauka halako ke usain sarkorra, aretokoen egonaldia zeharo baldintzatzen duena, ene aburuz. Janaria ez da izar bat irabazteko modukoa, egia, baina ezin dasta daiteke ja ere ke usain hori nabaritu gabe, ni bezalako sudurluzeok ez dezakegu erre usaina baizik adi plater bat ateratzen digutelarik. Tabakoa debekaturik egon arren, lehengo tabernena baino aisa itogarriago suertatzen zait jatetxeko giroa. Ezin dut. Gaurkoan, zorionez, soilik taxistarena egin behar dut, hots, semea eta adiskideak utzi eta gero, bukatu dutelarik, etxeratu. Hondar ogi puska irentsi dut, zapore ona uzten dit ahoan eta, bidenabar, hortz eskuilarena egin dezake ez baitut betarik hortzak garbitzeko. Berokia hartu eta semea harena jartzen lagundu dut, gero orrazkera lipar bat txukundu. Prest gaude.

-Prest gaudek, Txomin, ongi orrazturik joan behar duk halako jaietarat suerta baitaiteke halako egoera ona…badakik…

-Aita, ez hasi—semeari ez zaio batere eder nik haren bizimodu sentimentala antolatzea.

-Ongi, baina jakin ezak hobe dela garbi eta txukun joaitea, badaezpada ere.

-Buf—semearen erantzunak argi erakusten du nazkaturik daukadala ene joerarekin

Beribilerat abiatu gara, sabelean halako ekaitza antzeman dut, ibilgailurainoko bidea baliatu dut barnekoa askatzeko.

-Aita, otoi, ez hasi honekin—semeak etsipenak erran dit esaldia—arazoak badituzu banabarrekin ez jan gehiagorik.

-Baina ezin kontrola zezakeat hau—nire burua zuritu nahian nabil

-Bada, baliatu tarte hau, ea, lasai, ez zaitez sar kotxean, bota orain bota beharreko guztia gero bidaia lasaiago egiteko, adiskideen aitzinean ez lotsatzeko moduan.

Ahalketurik jaramon egin diot eta aparkalekuko txoko batean jardun dut barneko gas guztiak kanporatzen. Eolok berak berdinduko ez lukeen indarraz atera da gibel-hats sorta. Txokoan sortu den giroa nardagarri bezain arnas eragozlea da. Ez dakit bizirik aterako naizen ataka honetatik, ene bada!, semeak arrazoi du, ez nuke banabar gehiagorik jan behar. Zorionez hau gogorra izanagatik, agudo bukatu da.

-Dena bota duzu?—semeak galde egin dit erantzunak lasaituko ez duen ustea daukatenen urduritasunaz.

-Bai, den-dena. Lasai egon haiteke.

-Orain Leire eta Iñaki hartuko ditugu jatetxerat eramaiteko.

-Non?

-Atarrabia etorbidean, ikastolaren ondoan.

-Ongi da, goazen bada.

Semaforo pila dago hiribide honetan, alfer lana da arinago ibiltzen saiatzea, behin ere ez ditut berde ikusi semaforo guztiak, beti dago bat edo bertze geldiarazteko prest. Bideo klubaren ondoan gelditzea egokitu zaigu. Bideo kluba, lehen asteburuko geraleku ia derrigortua zena, egun itxita dago. Gogorat etorri zait behin gertatua, Txomini azalduko diot lehengo giro “kirastua” egurasteko

-Behin honat etorri gintuan, astebururo bezala, pelikula bat alokatzerat eta hagitz kontu bitxia suertatu zitzaiguan.

-Eta orain kontatuko didazu, naski—semea zeharo asperturik dut neure kontuekin, oraingo honetan, aldiz, ez dut amore emanen, irria ikusi nahi dut haren begitartean.

-Bazuan gizon zahartxo bat, ortziralero-ortziralero pelikula bat alokatzen zuena. Berehala ohartu ninduan zer gisako filmak zituen gogoko: hagitz ildo puritanokoak, erlijiosoak bainoago lehengo erregimenaren eredua goresten zutenak. Horrela astero hutsik egin gabe. Behin—bidenabar ohartu naiz semea adi-adi darraiola azalpenari—kutxako zinta aldatzea otu zitzaidaan eta bertze gisa bateko pelikula bat sartzea, alegia azalean jartzen zuena ez zegokioan benetan eraman zuen pelikulari. Aldaketa egina nian.

-Eta zein jarri zenuen?—jakin-mina piztu zaio semeari.

-Badakik, lizun horietako bat.

-Lizuna? Puritanoari, zeinen ona!—semearen aldartea zeharo aldatu da, onerako jakina—eta zein zen?

-Ene bada, nola zen ? zera… “Suhiltzaileak sekulako mangera dauka”.

Izenburua bota bezain agudo barrez lehertzen hasi da semea. Neu ere, gertatua gogoraturik eta semearen poza ikusirik.

-Pentsa zer nolako istilua antolatu zuen agure moralistak biharamunean bideoklubean. Bere moral gogorra bizkortuko zukeena eraman beharrean beti, itxuraz behintzat, gorrotatu duena etxeratu zian. Emaztekiak tinpanoak izorratuko zizkioan, gaixoa.

Barre giroa handituz doa, barrez lehertzear gaude. Ziplo nehoiz egoki suertatzen ez dena irristatu zait

-Aita, otoi, ez al duzu erran den-dena bota duzula aparkalekuan?, mesedez orain Iñaki eta Leire hartuko ditugu eta, zera, itoko ez bagenitu, hobe. Jaits ezazu leihatila haienganainoko bidean beribilaren barnekoa egurats dadin.

Halaxe egin dugu, baina urtarrila da eta kanpotik heldu den haizeak ibilgailua (eta gu) hozteko arriskua dago. Hobe semeari galde egitea zer nahiago duen

-Aizak, hotz gaitza zegok kanpoan, mugitzen bagara leihatila jaitsirik hormatzeko arriskua diagu. Hain gogorra iruditzen zaik usaina?

-Mesedez, orain adiskideak etorriko zaizkigu eta kirats hau usainduz gero, badakizu nolako ospea izanen dudan institutuan? Txiro izaitea baino ospe txarra makurrago.

Arrazoi du, bi adiskide horiek orori, joanari eta jinari azalduko liekete Txominen kotxearen barnean usaindu zutenaren berri. Leihatilak jaitsirik eginen dugu falta zaigun puska. Hurrengo biribilgunea hirutan egin dut bidaiari-lekua hobeki haizatzeko.

-Aita, baina zertan ari zara? Ok egiten hasiko naiz bertze itzuli bat eginez gero.

-Lasai, horrela kiratsa lekutuko diagu. Ez al huen horixe nahi?

-Nahi duzuna, baina goazen agudo adiskideen bila, bertzenaz, berant iritsiko baikara.

Badirudi kotxea usain txarretik askatu dugula. Laster iritsiko gara ikastolarat, hantxe geratu omen dira elkartzekotan. Ikastola, zeinen erraxa zen dena Txomin han zegoen garaian, zintzoaz gain (orain ere, horixe egia, zintzoa dugu geure semea), lasaiagoa zen, beti zegoen pozik, beti aldarte onean eta, hauxe garrantzitsuena, nehoiz ez zuen lotsatzen nik egindakoak. Beti alde, beti alai, beti prest edozer egiteko aitzakiarik edo kontrako arrazoirik jarri gabe. Orain denak ahalketzen du, eginiko orok herabetzen, are gehiago nik egina bada.

Hementxe gaude, ikastolaren parean, hainbertzetan seme-alaben zain egon ginen kafetegiaren parean aparkaturik. Bi minutu gabe Leire eta Iñaki agertu dira. Baita Miren ere, Iñakiren ama. Gezurra irudiagatik emakume hau eta biok adinkideak gara. Haren adatsak, haren begiek, haren hanken nahiz gerriaren bihurgunek, haren sotiltasunak ederki ezkutatzen dute daukanadina. Mintzatzeko moduak ere laguntzen du, hain aberats eta orekatua, ene bada, hau emakumea! Dagoeneko hamar urte eman ditut bereizirik, bizi-alargun, donado. Hamar urte betiko hitzartu genuen hura hautsi zenetik, urte gehiegi da. Geratu zaidan kontu on bakarra da gure artekoa ez zela eten era txarrean, hobe, batez ere Txominendako. Halarik ere geroztik ez naiz gauza izan emakume bati hurbiltzeko, nire egoerak, gertatu zitzaidanak lotsatu bezala egiten nau. Ez ninduke lotsatu beharko, eta ez dakit zehazki lotsa den sentitzen dudana, baina bertze harreman bat hartzerat uzkur naiz, hagitz.

Kafetegiaren ondotik abiatu eta hurrengo semaforoan gelditu behar izan dugu. Barnean, hartzara, bertze ekaitz bat antzeman dut. Beribila martxan jarri behar badut puzkerka hasiko naiz, hura egoera! Ea geldiunea luzatzen den. Ea argi berdea izorratzen den. Ea aitzinekoa ez den ohartzen eta luze dirauen geldirik. Ene ergela! Semaforoa berehala jarri da berde. Behar ez delarik, orduantxe. Ez dut zangorik altxatu nahi ipurdia ireki dakikedalako. Egoeraren zaila, azeleragailua zapaltzen badut arriskua dago puzker bat itzurtzeko, geldirik segituz gero gibeleko kotxeduna klaxon jotzen hasiko da eta, seguru asko, oihuka. Zer eginen dut? Hirugarren abiadura jarriko dut, horrela ibiltzen hasteko unean beribila gelditu eginen da, motorra itzaliko da. Denbora irabaziko dut. Nola edo hala hurrengo argi aldaketa arte hemen geratu behar dut puzkerrik botako ez badut. Hirugarrena paratu, enbragea ohi baino lasterrago askatu eta, potto, motorra da itzali. Berriz pizten saiatu naiz, baina txoil era kaxkarrean. Gibelekoa luzesten hasia da, leihatila jaitsi, burua atera eta biraoka hasi zait

-Hasberri halakoa, zergatik ez duk kotxea saltzen mottel horrek?

Hogei urteistripurik gabe eman ondotik halakoak jasan behar izaitea ere! Lasai, Mikel, orain lasaitasuna duk garrantzitsuena. Urduritzen hastekotan, pikutarat kontzentrazioa eta harekin baterat giro usaintsu eta osasuntsua. Eutsi, hamar segundu baizik ez dituk behar. Gakoari so geratu naiz era agerikoan, edonork ikusteko gisan, baita atzeko gidariak ere. Errua gakoari leporatu nahi diot. Ekaitza sendotuz doa, nabaritzen dut. Hiru, bi, bat, gorri. Gorri dago semaforoa berriz. Berrogei segundo baditut gauzak ongi antolatzeko. Batzuetan halako jauzitxo bat eginik gogoa xumetzen da. Motorra piztu dut, bidenabar, sortu duen zarataren erritmoa baliatu dut jauzitxo bat egiteko. Emaitza ez da izan nik nahi nuena ordea. Gogoa areagotu zait eta irtenbide bakarra bururatu zait: hankak gurutzatuko ditut, estu-estu uzkiak zeharo itxirik iraun dezan. Semaforoa berriz berde dut, zeinen laster iragan diren berrogei segundoak. Enbragea ahal ukan dudan moduan zapaldu dut, lehen abiadura paratu eta joan egin gara. Izugarri neketsua zait abiadurak aldatzea gorputz honekin. Barneko digestio aparatu guztia irudikatzen ari naiz, puzturik, lantegiko sutarako mangera bezala, biribilduta, baina beterik, urez beterik. Bururat etorri zait lankide bati suertatu zitzaiona: sute bat jazo eta mangeraren bila joan zen. Ikusi zuenean, bildurik dagoen kutxaren kristala hautsi eta mangeraren mutur askatutik tiraka hasi zen. Mangera askatu eta toki batetik bertzerat mugitzen (eta gauzak hausten) hasi zen, suge erraldoi eta anker baten antzerat, pozoia gabe, ura bortizki jaurtikitzen. Halaxe irudikatzen ditut uneon neure hertzeak. Puzturik, norbaitek noiz askatuko zain, lantegiko mangeraren antzerat, bere barnekoa barreiatzeko prest. Miren mintzatzen hasi zait

-Non dute askaria?

-Bar-ka-tu?—ahalbezain ongi erraiterat bermatu naiz. Nekez, indar gehiena azpiko zuloa ongi ixteko behar dudalako.

-Bazkaria non duten?—era ezinago eztian errepikatu du—Iñakik ez zekien seguru non zen.

-Halako jatetxe berezian, badakizu, janari lasterra emaiten duten horietarikoan.

Berehala isildu naiz, gehiago mintzatzen banaiz indarra galduko dut eta ondorio okaztagarriak agudo sortuko. Lasai, Mikel, iristen ari gaituk; berrogei metro exkax eta dena bukatuko zaik; semea, adiskideak eta Miren utziko dituk eta, aitzakiaren bat erran ondotik, etxerat joanen haiz lasai-lasai, askatu beharrekoa askatzerat munduko komunik onenean, etxekoan.

-Ederki, iritsi egin gara. Mun-duguz-ti-aas-kal-tze-rat—erran diet jubilatuak Zarautzerat-edo daramatzan gidariaren antzerat, alaitsu eta ozenki.

Hiru gazteak jaitsi dira, Miren ondotik. Atea itxi bezain laster alde egin dut, ez naiteke gera hemen, askatasuna behar dut egin behar dudana egin dezadan. Askatasun erabatekoa, lekukorik gabekoa, aire zabalean, harresirik barik. Hertzeen mangera lasaitu behar dut, barnean daukan guztia barreiatu berriz ongi biribiltzen ahal ukaiteko. Hurrengo semaforoa gorri harrapatu dut. Berdin zait, orain bai. Orain bakarrik nago eta kontzertua hastear. Ez dut bidaiderik, ez nago nehongo leku publikoan, puzkerra bota arren, ez diot nehori azalpenik eman behar, ez barkamenik eskatuko. Hor konpon, nire beribila nirea da. Presta ditzadan belarriak orain adituko dena Wagnerren obra osoa baino are gorgarriago izanen baita. Dena prest dago. Ez dago eragozpenik. Ez? Gibelerako ispilutik Miren ikusi dut, nire baitarat bizi-bizi. Semaforoaren gorri koloreari jaramonik egin gabe alde egitea erabaki dut. Ez dut nehor behar uneon, barnekoa askatu nahi eta behar dut. Urruntzen ari naiz, ongi. Hamar metro gabe, ordea, udaltzain batek geldiarazi nau. Espaloiari itsatsirik utzarazi dit kotxea. Eskuin eskuaz iguriki dezadan adierazi dit, isunen kaieraren bila joan bide da. Amatxo maitea, orain isuna! Miren ez dut hurbil, ez da gutxi, nire betebeharra burutzeko hobe hura urrun egoitea. Hondarrean, egoerak gainditurik, ezin eutsi ukan diot eta puzkerka hasi naiz. Hau zarata, hau kiratsa, hau askatasun sentsazioa. Jaietako suziriena bezainbateko burrunba sortzen ari naiz. Beethovenen borzgarren sinfoniaren bukaera baino hagitzez ere zaratatsuago, Mussorskyren Kieveko Atea baino (zergatik ez?) aisa handientsuago. Beribilaren barneko giroa zinez nardagarria da. Neketsu suertatzen ari zait arnas hartzea. Sarri udaltzaina etorriko da eta atea irekiaraziko dit, usainduko du, bejondeiola. Bitartean kotxearen paperak eta gidabaimena gertu izanen ditut, pasatu beharrekoa agudo pasa dadin. Ezkerreko leihatilatik so nago, aiduru, noiz etorriko zain. Dena laster eginez gero kirats gutxiago usainduko du eta, nork daki, agian isuna eztituko. Ez dakit norat joan den. Ez dakusat. Udaltzainaren ibilgailua hor dago, baina udaltzaina, ez. Kontzertuak badirau, alafedea! Baina non da herriko autoritatea, menturaz hobe izanen da kanpoan igurikitzea lehengo banabarren ondorioak dasta ez ditzan. Segurtasun gerrikoa askatu dut. Ezkerreko atea irekitzear dut eskuinekoa ireki denean. Agur, Mikel, hireak egin dik, orain isuna paratuko ditek eta, seguru asko, punttu batzuk kenduko semaforoa gorri zenean iragan dualako.

-Mikel, ah, ah, jatetxe hori oso txarra da—Miren da, arnasestuka ari da ni harrapatzeko lasterka etorri delako, ahotik arnasten dihardu aire gehiago hartzeko, sudurretik egiten ez duen bitartean, ongi—pentsatu dut zerbait edan genezakeela aldameneko tabernan…

Egin du, sudurretik egin du. Usaina aditu du, kiratsaz ohartu da, eskua sudurrerat eraman du eta ahoa estaltzen saiatu da goragaleari eusteko. Negar egiten ere hasi da

-Baina, baina…

Joan egin da, erdi irekirik neukan atea zabaldu dut haren atzetik joaiteko. Ez dut osorik irekitzerik izan, udaltzainak isunen kaiera eskuan duelarik eragotzi didalako.