IPUIEN ONURAK

Askotan irakurri dut ipuinek dituzten onuren inguruan. Gatazkak konpontzen laguntzen dute, entzutea garatzen dute, lengoaia aberasten dute… Baina, aurrekoan ohartu nintzen, espazio sakratuak sortzeko lagungarriak ere izan daitezkeela. Eta sakratua diodanean ez naiz erlijioaz edota fundamentalismoetaz ari, misterioarenganako errespetuaz baizik. Hau da, majikoa eta esplikaezina den ororenganako errespetuaz.

Baina, zoritxarrez, garai hauetan, sakratua ez dago modan. Garai hauetan ez da misterioaz hitzegiten. Arrazoimen eta logika garaiak dira hauek. Informazio gehiegi baina ezagutza gutxiko garaiak. Argitasun iraunkorreko garaiak, hori bai, elektrikoa. Telekomunikazio eta tele- harreman garaiak. Misterioak lekurik ez duen garaiak, alegia.

Hala ere, ziur nago, misterioak beti egingo duela aurrera, logika guztien giltzarria bai da. Beti aurkituko du zirrikituren bat esplikazioaren harresian, ipuin forman bada ere.