Larrainean arinena

Azken bi minututan ginen eta zure ezpainetako irribarre arina ikusten nuen. Amets batean bezala, zu, denbora zaharreko uztan bezala, ikusten hasi nintzen, zaldi zuri handi bati uztartutako organ. Uztailaren eguzkitan, zure ile beltzak haize beroan zenituen, inoiz baino arinagoak.

Zure begi argiek urrezko izpiak botatzen zituzten norabide guztietan, gari zamak hartzen eta arinki pilatzen zenituelarik orgaren aurrealdean. Guk denok, zeharo liluratuz, usaian baino hamar aldiz fiteago mozten genuen, izerdi patsetan, fiteago bukatzeko eta larrainera etortzeko.

Orga beterik, arinki jauzi zinen lurrera eta bat-batean dantzan berriz nintzen, zurekin. Baina zenbat denborarako? Lehen aldiz ikusten zintudan plaza honetan, hondartzaren gainean, graziarik handienarekin dantzatzen.

Dantza guztiak dantzatuak zenituen, mutxikoak oin arinez, fandangoak aireko zangoez. Gonbidatua zintudan Tafallako jota dantzatzeko eta izugarrizko arintasunekin zure gorputz liraina sentitua nuen, zure eskua nirean, baltsaren itzulietan.

Eta orduan, dardaretan larrain-dantzara zu gonbidatu ondotik, hemen zinen nirekin azken itzulietan, belaunikatu aurretik eta nire bihotzaren taupadetan, nire buruari galdetzen ari nintzaion berriz ikusiko zintuzkedan.

Tximista batean bezala entzun nuen: datorren igande arte!