EZ NAIZ IDAZLEA

Ez naiz idazlea. Ez dakit idazten. Ez dut ohiturarik. Eta abar luze bat. Baina aitzakiak alde batera uzi eta hitzak aske uzteko garaia heldu da. Bilatu ez ditudan hitzak baina neure baitan sortuak izan direnak. Lur hartu nahi duten hitzak edo eta hegaldatu nahi dutenak. Bultzatu gabe, arrastaka doazenak, edo lau gainean, hurrena arrapaladan irteten direnak, hitzak azken finean. Beraien erritmoa eta izaki propioa dutenak.

Hitzak ez doaz bakarrik, ez baitaude hutsik, hitzak ernaldurik daude. Beldurra, oroitzapenak, ametsak, zauriak, poza daramate barruan.

Batzuetan sutsuak dira eta hurrena eztiak, gazi-gozoak, baina beti burugogorrak. Beraien bidea egin nahi baitute, inoren esanetara makurtu gabe.

Batzuetan mutu geratzen dira, edo totelduta, baina hurrena naiz eta isilduak izan, behin eta berriz suspertzen dira eta ura lurraren zirrikituetatik sartzen den bezalaxe, ustekabetasunaren zirrikituetatik sartzen dira eta bere ahotsa aurkitzen dute. Bilatu ez diren hitzak dira, baina bizirik iraun nahi dutenak. Txalorik espero ez dutenak. Agian, argia besterik nahi ez dutenak, iluntasunean sortuak baitira.

Baina oraingoan esker oneko hitzak baino ez zaizkit ateratzen. Esker oneko hitzak, ni ezagutu gabe bilatu eta eta bultzatu nauen harentzat, behin eta berriz. Eskerrik asko nire hitzak lozorrotik esnatu izanagatik.