Donostia erre zutenekoa

Asko eta luze idatzi da Donostiak 1813ko abuztuaren 31n pairatu zituen hesitzeaz, erasoaz eta suntsiketaz. Luis Murugarrenek, Jose Berruezok,… eta berriki Javier Sadak beren ekarpen eta iritziak eman dituzte, baina ni, gehien bat, bat nator Antonio Mendizabalek, 1991ko abuztuaren 31n, Euskaldunon Egunkarian plazaratu zuen teoriarekin, non Donostia suntsitzeko eta bere biztanle guztiak labainaz pasatzeko espainiar jeneralen aldetik emandako aginduak zeudela zioen, ezin baitut sinetsi su emate eta suntsitze hura Wellingtonek kontrolatu ezin izan zituen mertzenarioen mozkorraldi edo eromen kolektiboaren ondorio izan zitekeenik, urte luzez espainiar agintarien aldetik sinestarazi nahi izan diguten bezala.

Egia esateko, beti susmatu dut azken baieztapen hori faltsu samarra zela, baina orain Antonio Mendizabalen artikuluak begietan nuen azken lausoa ezabatu dit. Eta esaten ari naizena hobeto ulertzeko egin dezagun orain historia pixka bat.

1.- Konbentzioko Gerraren ondorioak.-

1789. urtean Frantziako Iraultza izan zen eta buruzagi iraultzaileen asmoa iraultza mundu osora zabaltzea zen. 1794ko abuztuaren 1ean, izugarrizko armada handia bidali zuten Pirinioetara, eta bertan, Colomera jeneralaren agindupean zegoen armada espainiarrak, etsaiaren handitasuna ikustean, ihesari ekin zion. Konbentzioko Gerra deitu izan denaren tenorea zen.

Frantsesen etorreraren berri eduki zuelarik, Gipuzkoako Foru Aldundia Getarian bildu zen egoera berriaren aurrean egin beharrekoaz deliberatzeko. Abuztuaren 3an, Donostiako hiri gotortuaren aurrean Moncey mariskal frantsesa eta haren agindupeko armada azaldu ziren. Borrokarik gabeko bakea eskaini zuen. Donostian Joan Joxe Bixente Mitxelena zen alkate. Aldundiak eta udalak frantsesen eskaintza onartzea erabaki zuten, eta are gehiago, baita iraultzarekin eta Frantziarekin bat egitea ere. Eta horrela, aldundiaren erabakiaz, Gipuzkoa Frantziako lurraldea izatera pasatu zen. Aldundiaren benetako asmoa Frantziaren meneko estatu independentea sortzea zen, Gipuzkoarekin bakarrik, edota beste euskal lurraldeekin batera.

Madrilen oso gaizki hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren deliberoa eta gipuzkoarrak traidoretzat jo zituzten. Gertatutakoaren errua Xabier Munibek, Narrosek eta Altunak Bergaran sortutako Erret Mintegiari egozten zioten, aipatutakoek Volteire, Diderot eta Rouseau-ren entziklopedismoarekin eduki zituzten harremanengatik.

1795eko abuztuan, Espainiak eta Frantziak Suitzako Basilea hirian bakea sinatu zuten eta Espainiak Gipuzkoa bereganatu zuen Santo Domingo uhartearen truke. Hitzarmen honek oso ondorio larriak ekarri zituen aldundiko diputatu nagusientzat, auziperatu eta atxilotu egin baitzituzten.

2.- Napoleonen Gerraren tenorea.-

1808an frantsesak, Portugali eraso egin behar zioten aitzakiaz, Espainiaz nagusitu ziren. Napoleonen konfiantzazko senatore zen Dominika Joseph Garat uztariztarrak zazpi Euskal Herriak bere baitan hartuko zituen lurralde autonomo baterako proiektua aurkeztu zion, baina tamalez, egitasmo honek ez zuen aitzina egin.

Ordura arte frantsesen alde izandako gerraren norabidea aldatzean, egoera izugarri korapilatu zen. 1813ko uztailaren 19an, Castaños jeneral espainolak frantsesak garaitu zituen Bailenen. Segidan, Wellingtonen tropa ingelesak Lisboatik sartu ziren penintsulara, eta portugaldarrekin bat eginik, Ciudad Rodrigo hartu zuen hasieran, eta Badajoz hiria gero. Bi hiriak hartzean bertako biztanleria sarraskitu zuten.

Bitartean, 1810etik Cadizen bilduta zeuden Madriletik Mediterraneo aldeko hiri hartara ihes egindako politikariek, elizgizonek eta intelektualek Espainiako lehen parlamentua (Cadizeko Gorteak deitu izan zituztenak) osatu zuten. 1812ko martxoaren 19an konstituzio liberala aldarrikatu zuten. Aipa dezagun Hego Euskal Herriko foruek eta legeek ez zutela konstituzio horretan inolako lekurik.

Cadizeko Gorteetan ez zituzten ongi hartu Wellingtonek eta Castañosek hartutako hirietan egiten ari ziren sarraskiak, eta hori dela eta, zalditeria bat bidali zuten Castaños atxilotzeko eta kargugabetzeko aginduarekin. Tolosan hartu zuten atxilo eta haren ordez Freire jenerala bidali. Baina lehenago, eta zihoakiona susmatuta, Iruñea hartzen ari zen Wellingtonekin, sekretupean, batzartu zen eta badirudi bilera horretan Donostia zakuratzeko eta betiko suntsitzeko baimena eman ziola. Huraxe zen haren ustetan, Gipuzkoa frantses-zale eta traidoreak merezi zuen zigorra.

Iruñea hartu ondoren, Wellingtonen agindupeko armada ingeles-espainola Lesaka alderantz abiatu zen. Ugartemendia koronelaren menpeko euskal tropek, berriz, Donostia alderantz jo zuten. Ugartemendiak zioenez, haren asmoa Donostia, odol tanta bat isuri gabe, hartzea zen. 1813ko ekainaren 28an, Mendizabal teniente-jeneralaren menpeko Gipuzkoako boluntarioen batailoiak Donostiako harresietara iritsi ziren. Baina, eta hemen dago lehen misterioa, hiria odol isurtzerik gabe hartu behar zutenak, Donostiatik aldenduak izan ziren eta haien ordez, Graham jeneralaren agindupeko tropa ingeles-portugaldarrak ezarri zituzten Aieteko muinoetan.

Hiri gotortuan, Emmanuel Rey mariskal frantsesaren aginduetara, hiru mila eta bostehun soldadu zeuden.

3.- Donostiaren setioa. Uztaileko gertaerak.-

1813ko udaren hasierarako Napoleonen soldaduak erretiradan ziren fronte guztietan. Hala eta guztiz ere, zenbait hiritan, Iruñean eta Donostian kasu, gotorturik jarraitzen zuten. Rey mariskal frantsesak, hiru mila eta bostehun soldadu zituela, Donostiako gotorlekuaren defentsa hartu zuen bere gain. Soldadu kopuru honi gehitu zitzaizkien Donostian babestu ziren Foyren dibisioko zazpiehun gizonak. Reyk, hiria hobeto defenditzeko, batailoi bat San Bartolome komentuko gainean kokatu zuen, berrogei bat soldadu Santa Katalina zubia babesten eta hogeita bost gizon Santa Klara Klara uhartean bertako kapera gotortu ondoren. Donostia gotortuan babestu aurretik, harresietatik kanpo zeuden San Martin eta Santa Katalina auzoak errearazi zituen.

Ekainaren hogeita zortzian, Mendizabal jeneralaren gidaritzapeko armada Donostiara hurbildu zen. Honen agindupean zetozen Ugartemendia koronelaren menpeko gipuzkoarrez eta bizkaitarrez osaturiko bizpahiru batailoiak. Hogeita bederatzian, San Bartolome hartzen ahalegindu ziren, baina alferrik, ez baitzuten artilleriarik horrelako eraso bat ongi burutzeko. Hori ikusita, Donostiara ura zeraman urtegia hautsi zuten eta setioari hasiera eman. Bitartean, Pasaia eta Getaria hartu zituzten. Uztailaren hiruan, ingeles itsas-armada iritsi zen. Donostiako portua blokeatzeko asmoa zuen. Ingelesek hogeita sei kanoi eta zortzi mortero ekarri zituzten.

Uztailaren bederatzian, ingelesez, portugaldarrez eta nazionalitate askotako mertzenarioez osaturiko armada aliatua iritsi zen. Graham jenerala zen armadaren burua. Jeneral honek bere gain hartu zuen Donostiaren setioa. Mendizabal jenerala eta bere ostea, Donostia ingelesen esku utzirik, Bidasoa aldera borrokatzera bidali zituzten, Donostiatik aldenduz. Handik zenbait egunetara, Hernani hartu berria zuen Wellington jenerala ailegatu zen eta berari eman zioten Donostia hartzeko agindua. Berehalaxe, hiri gotortua hartzeko plana burutu zuen. Itsasbehera baliatuz, Urumea ibaiaren aldeko goierako hamalau metro zuen harresian zulo bat egin eta bertatik sartu. Hauxe zen bere asmoa. Horretarako hogei kanoi kokarazi zituen Txofreko dunetan. Bertatik harresia bonbardatu eta zuloa zabaldu egin nahi zuen. Hori eginda, hamalauan Pirinio aldera abiatu zen bertako armadaren burutza hartzeko. Graham gelditu zen, berriz ere, Donostia hartu behar zuen armadaren buru.

Uztailaren hamabostean, San Bartolomeko gaina eraso egin zuten, baina azkenean, atzera egin behar izan zuten, muinoan ehun eta berrogeita hamar soldadu hilik utzirik. Uztailaren hamaseian, etengabeki bonbardatu zuten San Bartolome komentua, eta ondorioz sutan utzi zuten. Uztailaren hamazazpian, San Bartolome komentua defenditzen zuten frantsesek hura utzi eta San Martin auzoko hondakinetan babestu ziren. Horixe izan zen aliatuek Donostiako gotorlekua hartzeko espero zuten momentua, baina artilleria eta infanteria barra-barra erabili bazituzten ere, lau orduko gatazka odoltsu baten ondoren, atzera egin behar izan zuten. Hemezortzitik hogeira, bi egunak barne, aliatuen artilleriak etengabe zigortu zituen Donostiako harresiak. Uztailaren hogeita batean, Graham jeneralak errendizioa eskatu zion Rey jeneral frantsesari, baina honek ez zuen horretaz hitz egin nahi izan.

Hogeita bian, aliatuen artilleriak Urumea aldeko harresian, Amezketa eta Hornos izeneko dorreen artean, hain zuzen, berrogeita hamar metro luze zuen bretxa edo zuloa egin zuen. Ordurako Wellington jenerala itzulia zen Pirinioetatik eta setio lanak bere gain berrartuak zituen. Azken honen aholkuei jarraituz, hogeita hirurako Hornos eta San Telmo dorreen arteko harresian hamar metro luze zuen bigarren bretxa bat zabaldu zuten. Egun berean, suak bretxa ondoko lehen etxeak hartu zituen. Hiri barruan ia urik ez zutenez gero, gaizki samar ibili ziren sutea itzaltzeko. Gaur boulevarra dagoen istmo edo hondarrezko pausu estuan babesleku bat eraiki zuten hurrengo erasoa bertatik egin ahal izateko.

4.- Castañosen agindua agerian geratu zenekoa.-

Egun berean, hau da, uztailaren 22an, tropa aliatuan soldadu zebiltzan portugaldarrak Astigarragako baserrietan lapurtzen aritu ziren. Hauek garbi zabaldu zuten Castaños jeneral espainiarrak Donostiari su emateko eta donostiarrei lepoa mozteko agindua emana zuela. Hori entzutean, donostiar askok, arrunt ikaraturik, etxeak eta ondasunak utzirik, ihesari ekin zioten, eta azkenean, frantsesek ateak itxi behar izan zituzten hiria hutsik gera ez zedin.

Hemen agertzen zaigu argi eta garbi zer den Castañosek eta Wellingtonek Iruñea aurreko bilera sekretu hartan hitzartu zutena. Graham ezezagunaren agindupeko armada ingeles-portugaldarrak hiria hartu behar zuen, etxeak zakuratu eta erre, eta donostiarrei lepoa moztu. Horrela eginez gero, Castaños eta tropa espainiarrak inolako erantzukizunik gabe azalduko ziren denon begien aurrean.

Donibane Pasaiara ihes egindako donostiarrek gutun bat igorri zioten Lesakan zen Wellingtoni, portugaldarrek aitortutako aginduaz galdetuz. Ingeles jeneralak aginterik gabeko soldadu portugaldarrei ez zitzaiela inolako jaramonik egin behar erantzun zien.

Uztailaren hogeita bostean, bigarren erasoaldi handia burutu zuten. Hornabekeko (kanpo aldean kokaturiko gotorgunea, harresi batez loturiko bi baluartez osatzen dena) beheko aldea lehertu zuten bertako defendatzaileen artean laborria sortaraziz. Huraxe izan zen erasoaldi handirako seinalea. Bi mila soldadu hondarrezko pausu estuan egindako babeslekutik irten eta harresira hurbildu ziren defendatzaileen metraila desafiatuz. Zurriolatik lehen bretxara sartzen ahalegindu ziren, baina alferrik, frantsesen artilleriak izugarrizko sarraskia sortu baitzuen ingelesen osteetan. Osora ehun bat hildako eta laurehun bat zauritu eduki zituzten. Frantsesen aldetik, berriz, hemezortzi hildako eta berrogeita bederatzi zauritu.

5.- Donostia sarraskitu eta suntsitu zutenekoa.-

Abuztuaren hamabostean, frantsesek San Napoleonen eguna handikiro ospatu zuten. Urgull mendiko gazteluan Vive l´Empereur zioen suzko txartela ezarri zuten. Hogeita seian, Wellingtonek berrehun bat gizon bidali zituen uhartea hartzera. Berehalaxe menpean zuten. Bitartean, eta etengabe, hirurogeita hiru kanoik Donostia bonbardatu zuten. Hogeita hamarrerako, frantsesen artilleria ia osoa hondatuta edo zerbitzutik kanpo zeukaten.

Abuztuaren hogeita hamaikan, hirugarren eta azken erasoaldi handia burutu zuten. Eguna ilun samarra esnatu zen, goiz-goizetik hodei beltzak eta laino handiak izan baitziren nagusi. Hori dela eta, goizeko zortziak arte ezin izan zuten artilleria erabili. Ordu horretatik aurrera ingelesen artilleriak ez zuen atsedenik hartu. Hamabietan itsasbehera zen eta horretaz baliatuz bretxatik sartu nahi zuten. Hori gauzatzeko, hamaikak aldera, infanteriak eraso egiteari ekin zion, bretxara behin eta berriro hurbilduz. Haatik, frantsesek ez zieten zulotik sartzen utzi. Baina ingelesek erasoaldi hura galdutzat ematen zuten momentuan ustekabe handia gertatu zen. Bonba galdu bat frantsesek bretxaren atzean zeukaten bolborategian erori zen eta sekulako eztanda sortu. Hirurehun bat soldadu frantses txiki-txiki eginda gelditu ziren eta bretxa ingurua defentsarik gabe. Rey jeneralak etxez etxeko eta kalez kaleko defentsa agindu zuen hasieran, eta handik ordu betera, dena galdua ikustean, Urgull mendiko gaztelura erretiratzea.

Arestian aipatu bezala, frantsesek ordubetez eutsi zioten kalez kaleko eta etxez etxeko borrokari. Urgull mendiko gazteluan gotortzea zen beraien helburua. Kalez kalezko borroka horretan zazpiehun bat soldadu frantses hartu zituzten preso eta ohore militarrez tratatuak izan ziren. Donostiako alkaideek ingelesaren agintariekin hitz egin zuten populazio zibilari zor zitzaion errespetua eskatzeko, eta dirudienez hitz onak jaso omen zituzten. Baina, tamalez, Donostiako biztanleak eta haien ondasunak babestu beharrean, biztanleria bortxatzeari eta sarraskitzeari, lapurreria egiteari eta etxeak erretzeari ekin zioten inolako oztoporik gabe.

Emakume asko, ihesbidea bilatuz, estolda zuloetan ezkutatu edota teilatuetara igo baziren ere, gehien-gehienak soldadu ingeles eta portugaldarren hatzaparretan erori ziren. Donostiak infernua zirudien, lurrera etorritako infernu gori-goria. Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, ekaitz izugarri handi batek hiria astintzen zuen, euri zaparrada, trumoiak, tximistak eta guzti. Soldadu sartu berriak etxeetan sartzen ziren den-dena lapurtzen, baita biztanleek jantzirik zeukaten arropa ere. Kaleetatik barrena, noraezean, Donostiako biztanleek, biluzik edota erdi biluzik, babesa bilatzen zuten bitartean, soldaduek umeak eta zaharrak hiltzen, emakumeak bortxatzen inolako adinik errespetatu gabe, jarraitzen zuten. Egun hartan soldadu aliatuek Donostian egin zituzten balentriak kontaezinak dira baita pertsona krudelenentzat ere.

Donostiak bazituen garai hartan zazpi mila bizilagun gutxi –gorabehera, eta setioaren orduan hiru mila eta bostehun edo lau milaren artean zeuden barruan. Sarraskiaren ondoren, Donostiako udalak egindako txostenetan irakur daitekeenez, mila eta berrehun biztanle erail zituzten gau odoltsu hartan eta seiehun etxe inguru kiskali. Bakar-bakarrik Trinitate Kalean zeuden hamasei etxeak salbatu ziren, bertan ofizialeen bizitokiak ezarri zituztelako. Udaletxea ere erre zuten, eta Santa Maria eta San Bizente elizak salbatu ziren bertan ospitaleak ezarrita zituztelako. Horretaz gain, esan beharra dago Donostian zeuden emakume guzti-guztiak bortxatuak izan zirela –haurrak eta adinekoak barne–, eta 1600 familia ekonomikoki lur jota gelditu zirela.

6.- Azken gertakizunak.-

Soldadu aliatuek piztutako suak astebete iraun zuen, eta bitartean inork ez zuen ezer egin itzaltzeko. Sute handi hartatik, bakar-bakarrik salbatu ziren Trinitate kaleko etxeak (Gaur gertatutakoaren oroitzapenez Abuztuaren 31 kalea deitzen dena), ofizial britainiarrek bertan hartu baitzuten aterpe.

Irailaren 8an, Urgull mendiko Lamota gazteluan gotorturik segitzen zuten soldadu frantsesak errenditu egin ziren, eta britainiarrek gerra ohorerekin hartu zituzten preso. Egun berean, arratsaldeko 3etan, Zubietako Aizpurua baserrian bildutako donostiarrek, zurbil, zikin eta oinazetan zirela, negarrek eta lantuek etengabe mozten zuten isilaldi luze baten ondoren, hiria berreraikitzea erabaki zuten. (Honela kontatzen da, Aizpurua baserrian egindako bileraren aktan).

Dena den, hiria berreraikitzeko zailtasun handiak izan zituzten, hiria berriz berreraiki ez zedin aginduak baitzeuden. Horrela izaki, hasieran, berreraikitze lanak debekatu zituzten, eta momentu batetik aurrera baita hildakoen hiletak ere, jadanik burutuak zirenak solemnegiak izan omen zirelako. Inork ez zuen inoiz soldadu bakar bat ere zigortu. Inork ez zuen inolako ahaleginik egin lapurtutakoa berreskuratzeko. Inork ez zuen inoiz gertatutakoaz inolako argibiderik edota ardurarik eskatu. Inork ez zuen inolako indemnizaziorik bideratu, eta inork ez du gaurko egunera arte, Donostian egindakoaz barkamenik eskatu. Hortik atera kontua!

Historiak ez gaitu euskaldunok ongi tratatu, eta espainiarren eta frantsesen arteko gerra eta gorroto guztien gatazka-zelai eta jomuga izan gara beti. Itxaro dezagun etorkizun hurbil batean euskaldunok gure ama-lurra, arrotz inposaketarik gabe, eder eta libre eraiki ahal izatea. Geroak hori zor digu euskaldunoi.