ERLANTZ URTASUN ANTZANOREN HITZAK (2014): 1620-10-20

1620ko urriaren 20an
errege frantses batek inbasio militar bat egin zuen,
eta ediktu bat zabaldu,
tropen indarrez okupatu berri zuen lurraldea, hots, Nafarroa
Frantzia izanen zela handik goiti.

Nafarroaren independentziaren azkenaz ari gara,
azken itogarri bezain atsekabetsu eta bidegabe hartaz;
Europako Pirinioetako Estatu baketsua zena,
nazioartean aitortua gutienez 824. urtetik 1620 horretara arte,
aho batez defendatua izan zen parlamentuko agintarien eskutik,
nahiz eta alferrik, armetan eskas baitziren,
Espainiaren (hegoaldean) eta Frantziaren (iparraldean)
gero eta indar bortitzagoarekin alderatuta.

Konkistatzailearen ediktu hartan, gainera,
Frantziako hizkuntza inposatu zen ofizialki,
administrazio mailan, idatziz,
Nafarroako mintzo guzien gainetik;
hain zuzen, gaur den egunean nekez dirauten mintzoak.

Halaber, ediktua zabaldu zeneko egun haietan,
errege frantsesak Nafarroako unibertsitatea itxi zuen,
eta, berehala, beste bat zabaldu,
guziz ere bertze gisa bateko ideologia zuten irakasleak paratuta.

Egundainokoan, Nafarroako lurralde historikoak banatuak daude,
Frantziako departamenduetan
eta Espainiako probintzietan,
eta ez dago legezko protokolorik
milaka urteko lotura hori ezartzen eta aipatzen duenik.