MINTZANET

Mintzanet euskara online eta doan praktikatzeko aukera da. Bertan, bidelagunak (euskaraz ongi dakitenak), eta bidelariak (beren maila hobetu behar dutenak) elkartzen ditugu Internet bidez euskaraz aritzeko.

Mintzanet proiektuak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldunei zein Euskal Herrian bertan daudenei euskaraz jardun ahal izateko doako aukera ematea du helburu hasiera- hasieratik. Hori bai, normala den bezala, elkarren arteko komunikazio bermatzeko gutxieneko euskara maila bat izatea lehenesten da betiere (bidelariek A2-B1).

Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz aparte, bestelako ondorio positiboak ere baditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldun kopurua handitzea.

Funtzionamenduari dagokionean, erabiltzaileak galdetegi bat bete behar du, egitasmoaren koordinatzaileak euskara ikaslearen aukerak, maiztasuna eta ohiturak ezagutu ahal izateko eta egokituko zaion solaskidea ahalik eta hoberen aukeratu ahal izan dezan.

Izen-ematea: www.mintzanet.net –en

Proiektu honek Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udalaren babesa dauka, besteak beste. Maramara enpresak kudeatzen du.