Zenbat zineten?

Gaur ere, egun hartan gertatu zitzaigunari buruz, oraindik pixka bat lotsatia gelditzen naiz.

Egun hartan, Darwinen behaketa nagusi batetik eskapatu genuen: “Bizirik irauten duena ez da indartsuena, ongien moldatzen duena baizik”, nire hitzetan. Espezieak aipatzen zituela, uste dut; gu, aldiz, ingeniaritza ikasleak ginen hiruak. Hala ere, noiz behinka, pentsaketa hori balia genezake gure onurarik handienerako.

Hiruzpalau lagun ginen, lagun baino gehiago izanez, gaur egun adiskide erranen genuke behar bada. Urteak joanki, gure kopuruari buruz ez naiz gehiago ziurra, beraz hiru erranen dizuet. Eskola berean ikasketak eginez gero, denbora librean gauza asko elkarrekin egiten genituen. Horietako bat zen eskiatzea. Okzitaniako Tolosan bizi ginenez, batez ere Pirinioetako elurretan ibiltzen ginen.

Eski alpinoa praktikatzen genuen. Eslalom lehiaketetan ere parte hartzen genuen. Zuetariko batzuek ere, behar bada ezagutu zenuten bizitza estilo hori, unibertsitate edo eskoletan. Bai kurtsoen segitzea beharrezkoa zen, agiriak lortzeko eta ondotik lana lortzeko, baina kirol baten edo batzuen praktikak orekatzen zizkigun adinaren bizkortasuna eta ikaste ordu luzeak.

Garai horretan, goizero ohetik jaikitzen ginen, hezur minik gabe, eskiatzeko edo beste kirol batean trebatzeko prest. Ordu bateko luzatzeak ez ziren ezinbestekoak eguna hasteko! Baina horrekin aski! Bestela gaur egun negua ez dugula pasatuko pentsatuko dute gazteek.

Beraz, arrazoizko maila batean eskiatzen edo eskiatu baduzue, gauza bat badakizue. Eskiatzerik gozoena elur fresko, berria da, ez euriak busti duena, ez arratsaldeko eguzkiaz urtu eta ondoko gauez izoztua dena. Horrez gain, lehen markak jabetzen badituzue, jendetzak elurra masakratu, sarraskitu aurretik, bai, hau da nirvana! Hala ere, ziur aski, Pirinioetako elurra biziki aldakorra dela badakizue ere eta leku apropos bat aurkitu orduko baliatu behar da. Ordu bat edo bi berantago baliorik gabe izan daiteke!

Eta orain, ziur aski, ulertuko nauzue eta menturaz horrelako gertakari bat ezagutu edo ezagutuko duzue. Hiruak ginen beraz, egun hartan, elur berriaren ehizan, eslalom lehiaketagatik pixka bat harroak izanagatik ere, elur berriko nirvanaren bila. Baina egun hartan nirvana hori lortzeko, pista markatuetatik atera behar zen, zeren eta elur jautsirik ez baitzuen izan bezperan.

Horrela, mendi mazelan zuhaitzen arteko xenda bat segituz, elur berriz estalitako aldapatxo baten goi aldera iritsi ginen. Pinu batzuk barreiatuak zeuden gure gainean, menditxoaren hegalean. Beste batzuk ere aldapatxoaren bi aldeetan, gure mailaren azpian, berari alboko mugak ezartzen zizkiotelarik. Beraz erdigunea udan larre bat zela, zuhaitzik gabea, pentsa daiteke. Hirurehun bat metro luze, berrehun bat metro zabal, errekatxo batekin bere azpian, doi-doia behera makurtua bere erdiguneko lerroan, han zen eskiatzailearen nirvana, markarik gabe!

Aldaparen azpitik pixka bat urrunago, gu eta “legezko” eskiatzaileen artean, ikusten genuen igogailu mekanikoa. Tira-haga bakoitzeko eskiatzailea, mendi izugarri handien artean ezarritako miniatura zen, gure lekutik ikusia. Garaiko igogailuaren abiaduran, gelditua izan balitz bezala, eguzkia gozatzen edo bere arnasa hartzen zuen.

Mekanikaren zurrunga ia-ia asmatzen zen, elurrak isildua. Itzultzen ziren tira-hagek, kotoizko isiltasun hau, burdinazko soinu erregularraz puskatzen zuten, ikusezinezko artalde baten ezkilek. Lasaitasun horrez gain, zuhaitzek segurtasun sentimendua ematen ziguten, usaian den bezala elur berria denean. Horrelakoetan, zuhaitzek elur geruza lurrean iltzatzen dutela oharkabean iruditzen zaigu gutariko askori, hau da, mendia gutxiegi ezagutzen dutenei. Eta orain, nor lehena?

Hiruetako bat handi eta gihartsuena zen, ni ertainekoa eta hirugarrena txiki baina gihartsua ere. Leku aski zegoen, bakoitzak bere marka egiteko besteei trabarik egin gabe. Kasik momentu berean abiatu ginen, handiak ezkerra hartuz, txikiak eskuina eta nik, gutxi gorabehera, erdialdea. Handiak lasterrago abiatuz hogei bat metro nik baino azpiago eskiatzen zuen eta txikia nire mailan zen.

Besteek sentitu zutena ez dezakedala azaldu, bistan da. Baina nik, lurra nire eskien azpian lerratzen hasi izan balitz bezala inpresioa izan nuen. Eta segundo berean elur geruza urratzen zela, bankisa urratzen den bezala, berrogei edo hirurogei zentimetroko loditasun batekin, ikusi nuen. Nahi gabe hartua nuen abiadura, xantzaz kontrolatu nuen. Baina handia borrokatzen ari zen elur solido blokeen kontra, ahalegin erraldoiak eginez gainean gelditzeko, ez bloken azpian harrapatua izateko, eskiek tiratuz. Txikiak larreko aldea jadanik kasik lortua zuen eta zailtasun gutiz larretik atera zen.

Aldi horretan, Darwinek eskapatzen utzi gintuen. Erraten dute horrelako momentutan aurreko bizitzaren filmak, era lasterrean bezala, zeharkatzen duela gure burua. Badaiteke. Beharbada gertatu zitzaidana da. Baina berrogei bat urte pasatu dira eta horri buruz ez nuke zin eginen.

Izugarrizko zorte handia genuen, izugarri bi zentzuetan! Haize plaka edo xaflaren (frantsesetik zuzenean itzultzen dut “plaque à vent”) goiko partean ginen, abiatu zenean. Gutarik inor zauritu zen. Baina, garrantzitsuena dena, uste dut, inor ez zela gure azpian! Pixka bat baino gehiago inarrosiak, zangoak dar-dar, poliki-poliki eskiatu genuen igogailuaren abiapuntura.

Han zegoen igogailuko langilea. Bistan da eszena osoa ikusi-entzuna zuela, hainbat elur tonak ikaragarrizko abiaduraz jausten errekaraino, elur errauts hodei batean!

Gizona ez dizuet deskribatuko, menditar zimurtua, hainbat urtetan eguzkiak errea, ziur aski ikusi izan duzuen asko bezalakoa, bere mendiko zoko bakoitza bere poltsikoa bezala ezagutzen duena baita bere sortze egunetik ordu arte istripuen zerrenda ere.

Gizonaren begirada ez dizuet ere hemen deskribatu nahi.

Bi hitz erran zizkigun: “Zenbat zineten?”

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (64. zenbakian)