JARDUERA FISIKOA ETA ELIKADURA

Aurreko idazkian esaten genuen Farmazialarien Kontseilu Nagusiak antolaturiko “Jarduera Fisikoan Nutrizio-Hezkuntza” kanpainan, Nafarroako 104 farmaziak (4.500ek Estatuan) parte hartu dugula. Kanpaina, apirilaren 3an hasi zen eta ekainaren 15ean bukatu da.

Farmazialariok kanpainan jarduera fisikoaren garrantzia azpimarratu dugu, bai osasunari eusteko, baita gaixotasunak prebenitzeko eta kontrolatzeko ere. Era berean, jarduera fisikoan nutrizio ohitura gomendagarriez mintzatu gara.

Esan dugu gelditasun fisikoa arrazoi guztietatik hilkortasuneko laugarren arrisku faktorea dela. Lehenengo hiruak, tentsio arterial altua, tabakoaren kontsumoa eta glukosa maila altua odolean dira. Atzetik, gainpisua eta obesitatea, kolesterol maila altua odolean, sexu-transmisioko gaixotasunak, alkoholaren kontsumoa, gaztaroko malnutrizioa eta erregai solidoen kutxadura geratzen dira.

Jarduera fisikoak hiltzeko arriskua gutxitzen du. Ariketa fisikoa egiteak gaixotasun kronikoak, obesitatea eta gaixotasun kardiobaskularrak saihesten laguntzen du, funtzio kognitiboa eta bizi-kalitatea hobetzen ditu, zahartze osasungarria izatera eramaten du.

Elikagaien konposatuek funtzio desberdinak betetzen dituzte: urak, proteinek eta mineralek egitura-funtzioa dute, karbono-hidratoak, koipeak eta proteinak energia-iturriak dira, eta ura, proteinak, mineralak eta bitaminak metabolismoaren erregulatzaileak dira.

Fruten eta barazkien konposaturik garrantzitsuenak ura, karbono-hidratoak, zuntza, mineralak eta bitaminak dira. Esnearenak ura, karbono-hidratoak (laktosa), proteinak, koipeak, mineralak (kaltzioa, magnesioa, fosforoa, zinka) eta bitaminak (A bitamina). Haragienak proteinak, mineralak (burdina, potasioa, fosforoa, zinka) eta bitaminak (B12 bitamina). Arrainenak proteinak, koipea (omega-3), mineralak (iodoa) eta bitaminak (D bitamina). Arrautzenak proteinak, mineralak (fosforoa, selenioa) eta bitaminak (A, D, B12). Lekaleenak karbono-hidratoak, proteinak, zuntza, mineralak eta bitaminak. Laboreenak karbono-hidratoak, proteinak, zuntza (bihi osokoak), mineralak eta bitaminak. Fruitu lehorrenak koipeak (omega-3), zuntza eta bitaminak (E bitamina).

Kirolariek nutrizioa egokitu behar dute. Elikagai batzuk funtsezkoak dituzte, esaterako oliba olioa, barazkiak, haragia, arrainak, arrautzak, laboreak, ogia, arroza, patatak, pasta, lekaleak, fruitu lehorrak, esnea, jogurta eta gazta. Bestalde, ura eta beste likido (edari isotonikoak adibidez) asko edan behar dute, baita elikagai koipetsuak gutxitu eta edari alkoholdunak murriztu ere.

Deshidratazioari aurre egin behar zaio. Izan ere, deshidratazioaren ondorioz pisuaren %2 gutxitzen bada, nekea eta kalte organikoak gertatu ahal dira. Hori dela eta, ariketa fisikoa egin baino lehen, egiten den bitartean eta ariketa bukatu ondoren, ura edan behar da, eta ariketa fisikoa luzea edota intentsitate handikoa bada, edari isotonikoak hartu beharko dira.

Beraz, ariketa fisikoa guztiz gomendagarria da. Norberaren gaitasunei egokitu behar zaie. Eliteko kirolaria izatea ez da beharrezkoa eta inoiz ez da berandu hasteko.

Pello Iturria Sarasibar