EUSKARAK POLITIKA BEHAR DU

Gure Hizkuntzaren aurkako eraso eta irain etengabeen segidak baino gehiago asaldatzen nau gaur egun borondate oneko euskalgintzaren epelkeriak, egoera larriaren aurrean jardun nagusi bilakatu duenean erasoen ohiko salaketa antzua eta hizkuntza politika eraginkorragoen eskakizun inozoa. Badakigu Herri menderatu zaharron gaitza dela pairatzen ditugun arazoen jatorria identifikatzeko zailtasuna eta, ondorioz, soluzio egokia aurkitzeko gaitasun eza. Jakitun izan beharko genuke arazoaren diagnostiko zehatza egiteko eginkizun hain funtsezkoan arreta handiagoa jarri ahal izateko. Gurean, baina, agerian gelditu da gaitza termino egokietan planteatzeko zeregin funtsezkoenean euskararen aldeko mugimenduak huts egin duela, arazoari hain soluzio inozentea proposatzen dionean. Eskubideen urraketaren salaketa alde batean, politika egokiagoen aldarrikapena bestean: Hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko baliorik ez duen txanponaren bi aldeak; Inperialismo bortitzaren atzaparretan harrapaturik bizi ez garelako uste ustelaz osatua.

Mendeak dira inperialismoaren mende erortzearen zoritxarra pairatzen dugula. Horixe eta ez besterik, gure hizkuntza honaino ekarri duen gaitza; mendeetako politika suntsitzailearen ondorioak, egungo datu tristeak. Diagnostikoak dakar soluzioa. Arazoa inperialismoaren atzaparretan erori izana baldin bada, soluzioa hortik ihes egitea izango da.

Alferrik baita egiten diguten astakeriengatik auhenka, gu desagerrarazi beste desiorik ez dutenei gurekiko errukia eskatzea. Botere arrotzak beretzat diseinatutako “euskal” itxurako instituzio /sukurtsaletan egin litekeen politika eraginkorrenak ere ez baitu inoiz euskarak behar duen normalizazio bere esku izanen. Euskararentzako normalizazioa, hizkuntza osasuntsuen maila bertsua lortzeari esaten badiogu, noski. Espainola, frantsesa, ingelesa, alemana… Ez dut ezagutzen hizkuntza hegemoniko hauen aldeko hizkuntza politikarik. Hauek politika dute, hitz handietan. Indarra. Inposizioa. Estatu propioa. Kito. Hori da munduan arrakasta duen politika linguistiko bakarra. Horixe hizkuntzaren normalizazioa.

Hizkuntza politikak egoera larrian dauden hizkuntza gaixoei ezartzen zaizkie, erremediorik gabe hiltzera doan gaixoari zainketa paliatiboak ezartzen zaizkion gisan. Helburua agerikoegi izango lukeen benetako politika suntsitzailea, hizkuntzaren aldeko itxurarekin mozorrotzeko. Eta guk, gizagaixook, menderatzaileari mozorroa kentzeko gaitasunik ere gabe, sinetsi egiten dugu hortik etor dakigukeela konponbidea. Hizkuntza heriotzatik salba dezakeen botika bakarra, hizkuntza menderatu duen estatu horrengandik askatasuna lortzea da. Independentzia. Hizkuntza hori beharrezko bilakatuz inposatu egingo duen estatu propioa. Horixe euskararen ezagutza legez inposatuta, erabilera bermatu ahal izango duen egitura politiko bakarra.

Baina inposatzea ez omen da ona. Horratx inperialismoak sartu nahi izan digun intoxikazioa: Inposatzaile konplexua. Baita lortu ere. Zenbat aldiz entzuten dugu euskaldunen ahotan ez dugula guk jendea euskara ikas dezan behartu behar, erakarri egin behar dugula jendea. Begi bistakoa, alabaina, planteamendu honek ukan duen arrakasta. Arrakasta bai, espainol eta frantsesentzat, baina.

Zer egiten digute, bada, inposatzea ez bada, espainolek eta frantsesek, guk, euskaldun akonplexatuok, euskara gure herrian ikastera behartzearen ez egokitasunaz mintzo garen bitartean? Euskarak bizirik iraungo badu, berrezarri egin behar dugu bere lurraldeetan. Hori lortzeko gai izango den estrategia baten diseinuan aritzea litzateke normalizazioaren alde egoki pentsatzea. Horretan datza, hain zuzen ere, normalizazioa. Hori egin dezakeen erakunde politiko bakarra Euskal estatu independentea delarik. Euskararen aldeko borroka, garaipenaren aukera ekar diezaiokeen planteamendu bakar honen arabera antolatu ezean, aktibismo antzuan ari gara.

Euskararen aldeko mugimendua Herriaren askapen mugimendutik apartatuta, euskaltzaletasun otzan, apolitiko eta batere arriskutsuaren bidetik eraman nahi izatea, hizkuntzaren alde borrokatzeko dugun arma bakarrari uko egitea da. Estatu propioaren aldeko borroka ere ez den euskalgintzak menderatzailearen indarraren menean uzten du ustez salbatu nahi duen kuttuna. Hiltzeko arrisku etengabean.

Unescok esana da erabilera %33a baino baxuagoa duten hizkuntzak galtzeko zori eta arriskuan daudela. Beraz, euskara galtzeko arrisku bizian dagoela esatea ez da iritzi bat, errealitate krudela baizik. Horixe du harrapatuta gauzkan inperialismoak helburu, horixe beregandik askatu ezean euskarak duen halabeharra.

Politikaren beharra egunetik egunera hil ala bizikoago zaigun honetan euskara politizatu behar ez dela oraindik defendatzen duten euskaltzaleak, hizkuntzen aldeko batailen jokalekuaren jakitun ere ez dira.