MANEX TIRAGOMAREKIN

Handik egun batzuetara, baserri inguruan, Manexek langa baten ondoko beste sagarrondo batean, kaskabeltz handi batzuen kumeak beren gurasoekin zebiltzala ikusi zuen, adarretan, hegaka, adar batzuetatik beste batzuetara; habiatik hegaldatu berriak. Oraindik oso gaztetxoak ziren, eta hegal kontuetan trakets zebiltzan, normala den bezala: astiro, baldarki, segurtasunik gabe eta hegaldi oso motzak egiten zituztela.

Mutikoak berehalaxe izan zuen burutapen bat, alegia, etxera joan, tirabikea hartu, larrainean ezker sakela harri koskorrez bete eta txorikumeen bila abiatu. Poliki eta kontu handiz hasi zen hurbiltzen txoritxoengana, ez izutzeko. Kumetxoak ez ziren konturatu, eta, ondorioz, ezta asaldatu ere. Baserritar gaztetxoari iruditu zitzaionean nahiko hurbildu zegoela, ordurako prestatuta zeukan tirabikea, txorikume baten aldera bideratu, arreta handiz apuntatu, ongi-ongi kalkulatu…, baina harritxoa jaurti baino lehen, hegaztitxoa beste adar batera mugitu zitzaion; zorte txarra!

Manexek egoera egonarri handiz hartu eta berriro ere saiatu zen apuntatzen. Txorikume berberarekin jardun zuen, eta tirabikea ongi bideratuta zeukala iruditu zitzaionean, hantxe bota zion legarra, baina, zoritxarrez, ez zuen jo hegaztia, ondoko adartxo bat baizik. Txorikumea arriskuaz ohartu bezain laster, alboko lizar batera joan zen bere hegaldi baldarrean. Baina, sagarrondoan bazeuden oraindik beste bi kaskabeltz kume. Haietako bat aukeratu eta hari saiatu zitzaion hirugarren aldiz harri koskorra botatzen. Patxadaz kalkulatu, apuntatu eta berriro jaurti. Eureka! Oraingoan bai! Azkenean, txorikumea harriarekin jo eta lurrera botatzea lortu zuen gure mutiko bihurriak; goitik behera eta jira-biraka joan zen txoritxo gaixoa lurreraino.

Manex pozak txoratzen, tirabikea lurrera bota, eta ziztu bizian abiatu zen txorikumea harrapatzera; lasterka. “Azkenean! Hauxe nirea duk, ba!”, pentsatu zuen bere baitan. Txoritik hurbil zegoen. Makurtzen hasi zen bere harrapakina hartzeko, baina, hara!, a zer ustekabea! Azken momentuan, lumaduna hegaldatu eta bere muturraren aurrean ez zion hanka egin, ba? Mutikoak ezin zuen sinistu ikusten ari zena; ez zuen inola ere onartu nahi gertatzen ari zitzaiona, baina, azkenean, tamalez berarentzat, ontzat hartu beste erremediorik ez zitzaion gelditu.

Eta, zer izan zen, ba, gertatu zena eta Manexek inondik inora ere ulertu ezin zuena? Zein misterio arraro izan zen hura, txorikumea hil ondoren berpiztu al zen, ba? Ez, ez, ez! Hantxe ez zen inolako ezkutukorik gertatu. Pasatu zena zera izan zen, mutikoak urduritasunarekin indar gutxiz bota ziola harrixka txoritxoari eta horren ondorioz, kaskabeltz txikia zorabiatu, txepeldu eta lurreraino joan zen goitik behera, sagarrondoaren adar eta hostoen artean, baina behin behean zegoela, soropilean, eta segundo batzuk igarotakoan, berriro ere ernatu eta hegan egiteari ekin zion, Manexen atzaparretatik ihes egiteko eta aske izan zedin.

Ordurako, Manexen eskarmentua ez zen nolanahikoa galbide eta galera haietan, baina hala eta guztiz ere, berriro ere egundoko muturrekoa hartu zuen; frustrazio galanta.