MANEX ASTOAREKIN

Urte hartako udazken hasieran, hau da, azken atsekabea gertatu eta handik aste batzuetara, mutikoa berriz ere adoretuta zegoenean, arratsalde batean, beren baserri ondoan, auzokoaren belar soro batean, haren asto beltza ikusi zuen Manexek. Asto zaharra euntze maldatsu batean ari zen belarra lasai-lasai jatean; bakarrik, patxadan eta bakean. Pentzearen aldapa ikusita, baserritar txikiak pentsatu zuen, beharbada ez zela batere zaila izanen asto beltzaren gainera igotzea.

Halaxe, ba, harantz abiatu zen segituan mutikoa. Langan barna sartu eta pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen hasi zen, lasai eta bestela bezala. Gertu samar zegoenean, Manex goxo-goxo hasi zitzaion hizketan belarriluzeari, ez uxatzeko. Lau hankadunak ez zuen zirkinik ere egin.

Hori horrela, mutikoak hurreratzen jarraitzeko aprobetxatu zuen.

-Potx, potx! –esan zion, samurtasunez.

Asto zaharrak bazkatzen segitu zuen, deus gertatu izan ez balitz bezala. Hori ikusita, baserritar txikiak konfiantza hartu, astoaren bizkarra laztandu “potx, potx!” esaten zion bitartean, eta momentu egokia iruditu zitzaionean, jauzi arin eta azkar batez, astoaren bizkar gainean jarri zen aida batean.

Asto beltzak berdin-berdin jarraitu zuen bere eginkizunetan, jaten, patxadatsu, bizkar gainera hosto arin bat erori izan balitzaio bezalaxe.

-Hau egina zegok! –pentsatu zuen Manexek bere baitan, dagoeneko lasaituta.

Bi hankekin, sabelean kolpetxo batzuk ematen hasi zitzaion astoari, “arre, arre!” esanez, ibiltzen has zedin; martxan jartzeko.

Asto beltzak berean jarraitu zuen, belarra jaten, burua goratu gabe. Mutikoak berriz:

-Arre, arre, asto! –ahoarekin soinu zoli egoki bat egiten zuen bitartean, astoa abia zedin. Hala ere, momentuz ez zuen deus ere lortu; animalia belarriluzea geldirik. Mutikoa dagoeneko urduritzen eta kezkatzen hasita zegoen, asto zaharra gaizki ote zegoen; gaixorik-edo.

Baina, halako batean, lau hankaduna esnatu, erreakzionatu eta jauzika hasi zen lasterka, dozena bat ezparak aldi berean eztenkatu izan balu bezala. Burua jaitsi, bizkarra astindu eta ostikoak ematen hasi zen bat-batean; nonbait, berandutxo izan bazen ere, bizkar gainean sumatu zuen zamak ez zion batere graziarik egin.

Manex gizagaixoa, horrek guztiak zeharo ustekabean harrapatu eta hantxe joan zen pikutara, hankaz gora, lurreraino. A zer bizkarrekoa hartu zuena, Jainko maitea! Eta hala ere, esan liteke nahiko zorte ona izan zuela, astoak ez ziolako ostikoz jo edota gorputza zapaldu.

Hori guztia gertatu eta gero, mutikoak berehala asto zaharra hantxe bertan utzi eta etxera abiatu zen apal eta batere harrokeriarik gabe. Etxean sartu eta mutu gelditu zen; isil-isilk. Inori ez zion hitz erdirik ere esan. Gauen, umil-umilki afaldu eta ohatzera. Gau hartan bai gustura hartu zuela ohea Manexek!