ARTOA

Artoa, Zea mays L. (Poaceae), urteroko landarea da. Mundu guztian laboratzen den gramineoa. Erdialde eta Hego Amerikan sortua da. Estatu Batuetako hego-mendebaldeko tribu indiarrek duela milaka urte jada artoa ezagutzen zuten. Izan ere, 7.500 urte baino gehiago dituzten landare horren aztarnak aurkitu izan dira Mexiko Berrian. Amerindiar guztiek (inkak, aztekek, maiek etab.) landare sakratutzat hartzen zuten. Kolonizatzaileek Europara ekarri zuten, 1520an.

José María de Lacoizqueta jakintsu handiak dio artoari euskaraz maizá deitzen zaiola, baita artoa Bertizaranan, eta arthoa lapurteran (Diccionario de los nombres euskaros de las plantas, 1888, faksimile-edizioa. Nafarroako Gobernua. 1994. Eduardo Gil Bera-k prestatuta).

Zurtoin gogorreko landarea. Hostoak metro bat luze izan daitezke, zabalak oinean, zorrotzak muturrean. Udan eta udazkenean loratzen da. Landare monoikoa. Lore arrak muturrean, emeak alboetan, buruxkatan biltzen dira. Lore eme askoren artean artaburuak osatzen dituzte. Lore eme bakoitzetik estilo luze bat irteten da eta guztiak, elkarturik, artaburuaren muturretik ateratzen dira, artoaren bizarra osatuz. Fruituak arto aleak dira, kolore desberdinetakoak izaten dira.

Artoa oso elikagai ona da. Bere irina erraz digeritzen da. Artoaren almidoia, bestalde, oso erabilia da farmazia- eta elikagai-industrian. Haziaren olioak gantz azido asegabeak ditu eta hiperkolesterolemiaren eta arteriosklerosiaren aurkako eragina du.

Bide topikoan (azalean ematen dena, alegia), bainuetan edo kataplasmetan, erabiltzen da zenbait gaitzi aurre egiteko (ekzemak, iktiosia, psoriasia, larruazaleko lehortasuna eta baginako mukosaren distrofia esaterako).

Lur desberdinetan lantzen da, sail ureztatuetan zein lehorretan, itsas mailan zein lur garaietan. Aukeran, lur joria, eguzkitsua eta ureztatua nahiago du. Hirurehun bat barietate desberdin ezagutzen dira.

Euskal Herrian, antzinan, garia ez zegoenean, artoa jaten zen ezinbestez. Ezaguna da esaera zaharra, “elur melur ez nauk hire beldur, etxean badiat nahiko arto eta egur”. Egun, ordea, taloa jatea modan dago, eta bestela ere, nork ez du inoiz goxo-goxo palomitarik jan?

Artoaren bizarra pixeragilea da, eta oso erabilia Euskal Herrian. Bizarra abuztuan eta irailean jasotzen da, eguzkitan lehortu, xehatu eta kristalezko ontzi batean gorde. Berrogei bat gramo artobizar eta litro bat ur, infusioa prestatu, iragazi, eta hiru-lau katilukada eguneko hartu. Infusio hori gernu-aparatuko infekzio-kasuetan likidoa kanporatzeko hartzen da, baita giltzurrunetako litiasien eraketa saihesteko eta gainpisuari aurre egiten laguntzeko ere. Eragin diuretikoa flabonoideei eta gatz potasikoei zor die.

Giltzurrunetako gutxiegitasun-kasuetan infusio horiek kontuz hartu behar dira zeren likidoen metaketa organismoan gerta baitaiteke, baita kardopatia-kasuetan ere arretaz hartu zeren potasio gehiegi kanporatzen bada kardiotonikoen eragina handiagotu ahal baita.

Pello Iturria Sarasibar