MANEX ETA TRIKUA

Trikuak baditu hiru izen ofizial gutxienez, eta, Manexen baserrian horrelaxe deitzen zioten, baina Euskal Herriko beste lurralde batzuetan kirikino eta sagarroia ere esaten diote. Antza denez, trikuak gauzaleak dira, eta iluntzen duenean ateratzen omen dira janari bila. Besteak beste, honako animaliatxo hauek ditu bere menu barruan: barraskiloak, bareak, intsektuak, harrak, txoriak, sugeak eta abar. Norbaitek ukituz gero, berehala kiribildu egiten dira kirikinoak, beren burua babesteko; pilota bat bezala jartzen dira, inork kalterik egin ez diezaien.

Trikuak oso animalia bitxiak dira, esate baterako, azpiko aldean hankak eta atzaparrak ezkutatuta dauzkate ile gogor eta latz samar batzuekin, isatsa eta belarri txikiak ere gorderik, eta era berean zango motzak. Muturra kono egiturakoa daukate; zorrotza. Baina, gorputzaren gaina eta alboak arantzaz inguraturik dute, morkots baten moduan, beren burua ezkutatzeko.

Udaberriko goiz batean, Manex baserri inguruko errekatxoaren ondoan zebilen zer suma, eta, halako batean, zer ikusiko eta trikukume bat topatu zuen, oinez, bere martxan lasai-lasai zihoana, antza denez, berandu samar, eguna aspalditxoan argituta baitzegoen. Lasai-lasai, noski, mutikoa agertu zen arte; baserritar txikia sumatu bezain azkar, bildu-bildu eginda jarri baitzen, zer gerta ere. Manexek egundoko jakin-mina zeukan ezagutzeko nolakoak ziren trikuak azpitik eta barrutik; ezin zuen irudikatu, trikuak beti kiribildu egiten baitzitzaizkion, pixka bat hurbilduz gero.

Hala, bada, goiz hartan, kume hura ustekabean topatutakoan, Manexi begitandu zitzaion aukera polita izan zitekeela, saiatzeko ikusten ea nolakoa zen triku txiki hura azpiko aldean. Horretarako, zer bururatuko eta, makilatxo bat hartuta, animaliatxo gaixoa zanpatzen eta behartzen aritu zen, hankak ikusteko. Tripaz gora jarri eta hankatxoak aterarazten saiatzen zen makilarekin, baina pixkatxo bat ikusi orduko, trikua berriz ere pilota biribil bat bezala jarri eta mutikoak ezin izan zion barrualdea ikusi.

Minutu batzuk igarota eta oharturik modu hartan ezin zuela lortu nahi zuena, orduan hankekin eta makilatxoarekin erreka bazterreraino eraman zuen triku bolatxoa, arrastaka, eta geroxeago uretan sartu. Makilarekin beherantz zanpatzen zuen, itolarri hartan hankak eta burua ager zitzan. Pixka bat agertzen zituenean, Manex ahalegintzen zen azpiko aldea ikusten, baina biratu bezain azkar, berriz ere berehala ezkutatzen zituen hankak, isatsa eta burua, eta Manex, orduan, lehen baino irrika handiagoarekin gelditzen zen trikuaren barrualdea behatzeko.

Egia esan, mutikoari ez zitzaion bururatu trikua tripaz gora jartzea, makilarekin murgiltzerakoan, horrela, zabaltzen zenean, nahi zuena errazago ikus zezan, baina, ez, lehendabiziko aldian bezalaxe saiatu zen behin eta berriz, amorratuta, bihozgabe jokatuz, gero eta suminduago, bere helburua lortzearren. Baina, inola ere ez zuen erdiesten nahi zuen jomuga, eta eskuratzen zuen gauza bakarra zera zen, triku txikia gero eta gehiago itoaraztea, halako moduan, non Manexek beldur sentitu baitzuen kume hura hantxe bertan hil eginen ote zitzaion.

Gauzak horrela, baserritar txikia, izututa, ohartu zenean zer egiten ari zen animaliarekin, triku gaztetxoa uretatik atera eta aske uztea erabaki zuen berandu baino lehen, eta, jarraian damu sakona sumatu zuen kontzientzian; oso gaizki sentitu zen, eta zin egin zion bere buruari, sekula santan ez zuela halako ankerkeriarik berriz errepikatuko.