MANEX ETA ELURTE HANDIA

-Manex, gaur elurra mara-mara ari duk! Gelditu lasai ohatzean, eskolara joateko eguraldi txarra baitago. Gaur ez zarete joanen. –esan zion amak goiz batean semeari, jaikitzeko garaian. Izan ere, eskolaraino iristeko bi bat kilometro egin behar izaten zituzten oinez, eta dena euntze, gurdibide, zubi eta bidezidorretan barna.

A zer mauka, Manexena! Huraxe bai gustura entzun zuela mutikoak! Alegia, eskolarik ez eta gainera elurra! Zer gehiago eskatu ahal zuen?

Garai hartan, orain dela 50 bat urte, baserri haren inguruetan, elurte ugari eta handi samarrak botatzen zituen ia-ia urtero, salbuespenak salbuespen. Baserritar txikiak oso gogoko zituen elurtzak, neurri handi batean, beharbada, horrexegatik, alegia, elur-erauntsiak egiten zituenetan, amak baimena ematen zielako sasieskola egiteko. Eta, bai, elurra egiten zuen bakoitzean, Manex segundorik ere galdu gabe saiatzen zen aprobetxatzen denbora guztia; dena emanda! Arrunt gustukoa izaten zuen batez ere, elur ugari atertu gabe nola egiten zuen ikustea. Landak eta mendiak nola joaten ziren pixkanaka-pixkanaka zuritzen, elur geruza handitzen eta gizentzen. Aukera zuen guztietan kalera atera eta elurrarekin jostatzen zen, bakarrik edota anai-arrebekin. Batzuetan, panpinak eta irudiak egiten, beste batzuetan, batez ere aldapa handietan, elur gurpil antzeko bola erraldoiak egiten eta goitik behera botatzen, eta beste une batzuetan, pilotakadaz. Momentu batzuetan, Manexek berak ematen zituen pilotakadak, baina, beste askotan, berari tokatzen zitzaion kolpeak jasotzea, batik bat, gogoan edukita bera zela anai-arrebetan gazteena, eta, ondorioz, baita txikiena ere.

Baserrian bazuten elur lera bat, zurezkoa, anaia zaharrenek lehenagotik egina, eta, hartan ere hagitz gustura aritzen zen Manex gora eta behera, besteek uzten ziotenean, jakina. Zorioneko egun hartan, baserritar txikia jaiki zenerako bazeuden 15 zentimetro elur baino gehiago, eta, esan liteke egun osoan ia-ia ez zuela batere atertu, horregatik, gauerako oso elur geruza handia jarri zuen, 60ren zentimetro; mutikoa, pozak txoratzen hura ikusita! Baina, horrenbeste bota baino lehen, goizean eta bazkal aurrean ere bete-betean aprobetxatu zuen egoera hura, bakarka eta taldeka, gorago azaldutako moduan. Leran ibiltzen ere eman zuen bere denbora, libre harrapatzen zuenean, noski. A zer gozatua egun hartakoa!

Eta horrela, mutikoa ohartu orduko, gau iluna iritsi zitzaion eta etxean errenditu behar. Afaldu eta ohatzera joan zen, gogoratuz zeinen egun bikaina pasatu zuen.

Oheratu zenean, oraindik elurra mara-mara ari zuen eta horrek bultzatu zuen esna ere amets egitera, hau da, pentsatzera biharamunean ere eguraldiak berdintsu jarraituko zuela, eskolara ere, bezperan bezalaxe, piper baimendua eginen zuela, eguna jostaketa batean emanen zuela elurretan etxe inguruan, berriro ere elurra mara-mara botatzen ikusi eta miretsiko zuela eta abar, eta abar. Baina, bai zera! Biharamun goizean, amatxo bere logelan sartu zenean, oso ezberdina zen zerbait entzun zuen, bere zoritxarrerako:

-Tira, Manex, jaiki hadi, gaur elurrik ez dago-eta! Eskolara ez joateko aitzakiarik ez zegok.

-Zeeer? Nolaaa? Zer diozu, ez dagoela elurrik? -erantzun zion semeak asaldatuta, begietako makarrak garbitu baino lehen.

Mutikoa ziztu bizian jaiki, leiho ondora joan eta egun hartako errealitate gordina ikusi zuen bere bi begiekin. Izan ere, bera ohartu ez bazen ere, gauerdi aldean, haizea aldatu, giroa mendebaldu eta zeharo epeldu egin zuen. Horren ondorioz, gau osoa eman zuen euria barra-barra eginez eta, jakina, aurreko egunean pilatutako elur gehiena lurmendu eta urtu egin zen; hondar gutxi eta txiki batzuk baizik ez ziren gelditzen. Harrigarria bazen ere, halaxe gertatu zen. Manexek ezin zuen sinistu ikusten ari zena. Etxe ondoko errekatxoa erabat handituta zihoan, zarata izugarri handia eginez eta ur uherrekin.

Mutikoak, ezinbestean, bere burua prestatu, gosaldu eta zorroa hartuta, eskolara joan behar izan zuen bere anai-arreba batzuekin, euntze, gurdibide, zubi eta bidezidor guztiak zeharkatuz. Goiz hartako aldartea, aurpegiera eta umorea oso ezberdinak izan ziren bezperakoekin alderatuta, baserritar txikiaren baitan. Etsi eta aurrera!