SUA! SUA!

Gaurko salba-ontziak haien plataformako euskarrietan

“Sua! Sua!” Gaueko bi eta erdietan, jauzian jaiki ginen, gaueko “toolpusher”-en Cajun ahots minkorrak iratzarriak. Tarrapataka, zerbitzu enpresen logelan ginen zortzi langileak, gure pijametan edo pijama gisa jantzia genuenarekin, lasterka pasabidera atera ginen.

“Toolpusher”-a putzua egiten zuen lan taldearen nagusia zen. Gau taldearena, erran behar nuke. Zeren usaian, itsasoan, bi taldek lana partekatzen dute, hamabina ordu. Lurrean, aldiz, hiru zortzi orduko talde daude askotan.

Hauez gain, normalki, eguneko talde bat dago, zuzentzeko eta lan administratiboa kudeatzeko. Zerbitzu enpresen taldeak, putzuaren aurrerapenarekiko lanen arabera, une desberdinetan, bizi dira plataforman. Haien langileetako bat nintzen, orduan etorria neurri elektrikoak putzuan hartzeko.

“Laster! Laster! Goazen!” entzuten zen, pasabidean sartuz, beste geletakoak topatu genituenean, guztiak harrituak eta kezkatuak, beldurtuak ez errateko. Itsasoaren erdian, sua ez da putzugile edo inoren adiskidea. Are gutxiago gauaren erdian, Ipar Itsasoan, hegoaldean izan arren, Holandako uretan.

Zuek egoera hobe irudikatzeko, plataformaren deskribapen laburra egiten saiatuko naiz. Asma ezazue Camembert kutxa bat, itsasoan ezarria mahaiaren gainean balego bezala. Ez da borobila, hiruki moldekoa baizik. Hirukia aldeberdina da, gutxi gorabehera. Hau da kroskoa. Burdinazkoa da.

Hirukiaren izkina banatan, zango edo euskarri batek, gehienetan bertikala, zeharkatzen du kutxa. Zangoa, mugikor enpresen lurreko antena bezalakoa irudituko litzaizueke, baina biziki handiago eta azkarragoa da. Plataforma osoak, zangoekin, ohikoan sei eta hamar mila tona artean pisatzen du.

Esplorazio edo ekoizpen putzua zulatzeko, atoiontzi bat edo biez lagunduta, plataforma portutik putzuaren lekura joaten da. Iritsi denean, kutxa eta zangoen artean dauden altxagailu edo jasogailu mekanikoak abiarazten dira.

Lehenbailehen zangoak itsas hondora beheratzen dira. Zango hauek oinak dituzte. Oinak burdinazko kutxak dira, forma desberdinetakoak. Hondoan ezarri ondotik, jasaten dute kroskoaren pisua zangoetan baita zangoen berezko pisua ere. Jasogailuak abian jarraituz, kroskoa uretatik ateratzen eta airean igotzen da. Hau aski da inguruetako galerna handienen olatuak saihesteko. Maiz, hogeita hamar metro inguru daude itsasoa eta kroskoaren artean.

“Salba-ontzira! Hementxe! Istriborrekoa da gurea!” oihukatzen zuten. “Ez! Ez da! Gurea da! Zuena da ababorrekoa!”

Nahiz eta igandero entrenamenduak egin, han gau erdian eta ohetik jauzian aterata, bakar batzuk apur bat galduak ziren.

Ariketa hauek eguerdian eginen genituen, apairuaren pixka bat aurretik, inori beharrezko atsedena ez kentzeko. Ohe bakoitzaren buruan, txartel bat zegoen, larrialdiko aginduak emateko, besteak beste, zein salba-ontzitara joan behar zen.

Ebakuazio alarma entzunez gero, berehala baina lasterkarik gabe salba-ontzira joan behar genuen, lantegian edo logelan salba-jaka hartu ondotik. Salba-ontziaren ondoan ginenean, eta bertan sartu aitzinetik, salba-ontziko pilotuak langileak zenbatu behar zituen.

Garai hartan, 1974an, salba-ontzi guztiak uretara beheratzen ziren bi kabletatik zintzilikaturik. Ura ukitu ondotik, pilotuak kako sistemaz salba-ontzia libratzen eta agian plataformaren zangoetatik urruntzen zuen. Mekanika aski konplikatua zen eta olatu sendoekin ekintza aski menturazkoa zen.

Mekanika-zaleei erran behar diet -besteek barka iezadazue, otoi!- segurtasun sistema bat zegoela kakoetan. Izan ere, kakoen irekitzea ezinezkoa zen kableak tentsioan zirelarik, ariketetan edo mantentze probetan istripuak saihesteko. Hala ere, bi kableen tentsioa batera kentzea, olatu handiak zirelarik, bai menturazkoa zen! Horregatik, ariketetan, uretara beheratzea eta nabigazioa biziki eguraldi onaz baizik ez ziren egiten.

Hurrengo urteetan, istripu batzuengatik, ariketako beheratzea osoki debekatu zuten, eta berantago, ia industria osoa salba-ontzi mota aldatzen hasi zen. Gaurkoek kablerik ez dute eta jauzi bat egiten dute, euskarri batetik, plataforma edo itsasontzitik uretara. Eta jauzia kalkulatua da salba-ontzia urruntzeko momentu berean.

Beraz, pixka bat urduri geunden, ebakuazioaren ideiagatik. Baina egiazko aukerarik ez zen. Helikopteroz ebakuazioa ez zen pentsatzekoa. Hau da, plataforma sute kasuetan, helikopteroa ez daiteke hurbildu, guztiz ulergarria den bezala.

“Ez arnastu! Ez arnastu! Fite pasa hemendik!” erraten ziguten zubian ziren suhiltzaileek. Salba-ontzira joateko, soto baten sabaiko irekiduraren ondotik pasatu behar genuen. Soto honetan bertan sua piztua izana zen kautxuzko piezen biltegian.

Horri buruz, badakizuen bezala, telebistan gurpil azalak erretzen dituztenean prefekturen aurrean, ke beltz-beltz lodi eta gizena egiten da. Hobe da ez arnastea!

Baina jadanik entzuten zaituztet: “Zer egiten zenuten kautxuzko piezekin horrelako lekuan?”. Erantzuna sinplea da. Iturginek bezala, hodi eta iturrien likido eta gasak gelditzeko, kautxua edo goma leku askotan erabiltzen genuen.

Hala ere, zubitik pasatuz eta sotoa ikusiz, gure kezkarik handiena ez zen arnasa. Suhiltzaileak erabiltzen ari ziren sute ur hoditik, Manneken Pis-ek egiten duen bezalako ur turrusta ateratzen zen!

Aldi berean pasatzen genuen bidetik ez urrun, zubiaren burdinazko xafla goritua ikusten genuen. Bada, guretako batzuk haien gelako tongak baizik ez zituzten oinetan!

Xantzaz, azken finean, denak salba-ontzietan enbarkatzeko prest ginelarik, suhiltzaileek sutea menperatu zuten eta sute alarma bukatu zen.

Logeletara itzuli ginen baina, egia erran, zaila izan zen gau hartan lokartzea.

*Esplorazio plataforma tipo honek muga bat du itsasoaren sakontasunari buruz: 100 edo 150 metro. Ura horren baino sakonagoa denean, beste tipoak erabiltzen dira, bai barku formako itsas ontziak, bai “semi-submersibles”, hots partez murgiltzen diren plataformak.

Ingelesez irakurtzen dutenek artikulu interesgarri bat aurkituko dute, argazki eta eskema batzuekin, “jack-up” plataforma dena sakontzeko:

http://www.slb.com/~/media/Files/resources/oilfield_review/ors89/apr89/4_jack_up.pdf

Gehiago ikusteko, Googleez, “jack-up”, “semi-submersible” eta “freefall lifeboat” gako hitzekin, hamaika dokumentu aterako dira.

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (65. zenbakian)

————————–

Lagun badaiteke, azpian eta alboan argazki tipiko, internetetik hartuta