GARRAISKA

Garraiska, Melissa officinalis L. Lamiaceae. Modu desberdinetan deitze zaio Nafarroan: melisa, menta, salvia eta beste. Jatorria Mediterraneoko arroan du. José María de Lacoizqueta-k idatzitako Diccionario de los nombres euskaros de las plantas liburuan (Iruña, Imprenta Provincial, Iruña. 1888) dio gaztelaniaz, besteak beste, toronjil, toronjil de limón, cidronela deitzen zaiola; frantsesez, melisse citronelle, citronade; euskaraz, larania, toronjilla, garraiska, eta Manuel Larramendik idatzitako hiztegi hirueledunean dio garraiska garracha-tik datorrela, hau da, garratza, bere zapore min eta mikatzagatik (Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latin. Donostia, 1745). Loreek erleak erakartzen dituzte, nektarretan oso aberatsak baitira. Hortik datorkio izena, hau da, melissa grezieraz erle melifera edo Apis mellifera esan nahi du.

Landare iraunkorra, belarkara, 20-100 zentimetro goierakoa, zurezko errizoma, zurtoin tenteak, iletsuak, lauangeluarrak, guruintsuak, oso adartsuak. Peziolo luzeko hostoak, obalatuak, aurkakoak, horzdunak, nerbiazio arras nabarmena dute, glabroak edo ile finez estalita, berde argiak. Loreak hostoen galtzarbetan ateratzen dira. Ezkila formako kaliza, tamaina desberdineko bi ezpainetan zatituta. Bi ezpaineko korola, tutu formakoa, zuria, arrosa edo horixka. Fruitua tetraeskizokarpoa, obalatua, iluna, distiratsua. Hosto zein loreen usainak limoiarena gogoratzen du. Uda eta udazkenean loratu egiten da. Lur nitrofiloetan, leku hezetan, itsasertzetik mendialderaino, baratze, bide-bazter zein ezpondatan bizitzea gustukoa du.

Sendagai gisa, hosto zein adar loredunen infusioak, tinturak edo estraktu hidroalkoholikoak erabiltzen dira. Oso landare ezaguna da Euskal Herrian. Aldehido, terpeno eta alkoholetan aberatsa den olio esentziala du. Halaber, taninoak, azido fenolikoak, osagai mikatzak, flabonoideak eta muzilagoak baditu.

Jateko gogoa pizten du. Urdail-hesteetako espasmoak, hileko mina, meteorismoa, behazun arazoak, asaldu neurobegetatiboak, antsietatea, loezina eta zirkulazio arazoak arintzen ditu. Era berean, hotzeriaren aurka erabiltzen da izerdiarazlea eta baltsamikoa baita.

Infusioak ere bainu lasaigarriak prestatzeko erabiltzen dira. Bestalde, ekimosiak edo ubeldurak tratatzeko landare freskoaz prestaturiko konpresak erabiltzen dira, eta landare freskoaren zukua, berriz, intsektuen ziztaden aurka.

Sarri askotan, beste landarerekin batera, urduritasun, liseriketa zein zirkulazio arazoei aurre egiteko erabiltzen da.

Prestakin topikoek, krema moduan, ezpainetako herpes sinplearen aurkako eragina dute, mintz zelularretan birusaren adsortzioa ekiditen baitute.

Aromatizatzailea ere bada, eta farmazia- eta elikagai-industrian erabiltzen da, baita lurringintzan ere.

Goian aipaturiko gaitz horiei guztiei aurre egiteko, farmazietan, aspaldidanik, Karmeldarren ura (agua del Carmen) dispentsatzen dugu. Errezeta XVII. mendekoa da, eta errezetaren egileak fraide karmeldar oinutsak izan omen ziren. Lacoizquetak ere bazekien Melissa officinalis medikamentu askoren osagaia zela, horien artean, karmeldarren urarena, hain zuzen ere. Karmeldarren ura Europako zenbait farmakopeatan (italiarrean, germaniarrean, espainiarrean, australiarrean) azaltzen da. Osagaiak, garraiska eta beste zenbait landare usaintsu (kamamila, luisa belarra, ezki lorea, laranjaren azala, Zeylango kanela, intxaur muskatua, aingeru belarra, martorrien hazia eta isipu belarra) dira. Prestakina, bada, landare usaintsu horiekin egindako distilatu hidroalkoholikoa da. Hau da, landare horiek, itxitako ontzi batean, leku fresko batean, lau bat egunez alkoholetan beratzen eduki ondoren, distilatu egiten da. Aparteko distilatu hori, behar den graduaziotan jarri ondoren, karmeldarren ura izango da. Landare usaintsu horiek eragin espasmolitikoa, koleretikoa eta karminatiboa dituzte, halaber lasaigarriak eta urdaileko bizkorgarriak dira. Beraz, karmeldarren ura estresarekin lotutako sintomei aurre egiteko erabiltzen da, hala nola, urduritasunari, urdail-hesteetako asalduei eta hileko minari. Hiru-lau koilaratxokada eguneko, infusio batekin edo ur azukreztatuarekin edo azukre-kozkor batekin hartu ahal dira. Kontuan hartu behar da prestakin horren eszipienteak %55 alkohol etilikoa, bolumenetan, duela (2,2 gramo 5 mililitroko da horren baliokidea), beraz, haurrek ez dute hartu behar, ezta alkoholismo, epilepsia, ultzera peptiko, gastritis eta kolitis ultzeroso kasuetan ere. Era berean, alkohola dela eta, dosi handiek eta luzaroko tratamenduek mendekotasun arazoak sor ditzakete.

Pello Iturria Sarasibar