Evangelos Chrysosen hitzak (2003): Justiniano

Justiniano I.aren erregealdiaren ondoren (527-565),
erregealdi hotsandikoa inondik inora ere,
haren ondokoek inperio loriatsu eta distiratsu bat hartu zuten,
zenbait arrazoiri esker: Mendebaldean egindako birkonkista gerrak,
erromatar erakunde-egiturak izandako berritze handia 
(bai egitura legegileak eta bai administrazioak) 
eta hiriburuan bezala hirietan eta landa-eremuetan
egindako hirigintza-lan zabala.

Gauza jakina da Justinianok inperioaren agindupean jarri zituela
Italia, ipar Afrika eta hego Hispania,
militarki eskuetatik kendurik, hurrenez hurren, ostrogodoei, bandaloei eta bisigodoei.
Horrela, bat etorri ziren berriz 
Mediterraneoa eta erromatarren Mare Nostrum-a.
Mugak bere horretan utzi zituen, 
Danubion barrena iparralderantz eta Eufratesen barrena Ekialdean,
eta arrakastaz gauzatu zituen hitzarmen diplomatikoak,
nahiz eta bakea erosi ere egin behar izan zuen 
inbaditzaileei dirua emanda.
Gotorleku-programa handi bat hedatu zuen limes-ean
eta barnealdean, eta, horri esker, 
kanpoko mehatxuei aurre egin ahal izan zien.

Kanpo-politikan eta defentsa arloan erdietsitakoekin batera, 
Justinianok indar handia egin zuen 
Estatuaren eta gizartearen antolamendua eta funtzionamendua berritzeko; 
izan ere,batetik, antzinako arauak kodetu
eta lege berriak sortu zituen —Nobelak—,
eta, bestetik, antolamendu politiko, ekonomiko eta militarra artikulatzeko 
era berri bat sortu zuen, eta, era berean, gorabehera dogmatikoen aferan konpromisoa hartu zuen, ediktu moderatuak promulgatuz eta kontzilio ekumenikoak antolatuz.

Enperadore nekaezin eta —adiskideek zein arerioek aitortu bezala— ernai horrek
ongizatearen alde lan itzela eginagatik,
egitura hura ameskeriazkoa zela ikusi zen hura hil eta berehala.
[…] kanpo politika eta defentsa erori egin ziren denbora gutxian,
eta berehala azaldu ziren berreraikitze erromatarraren gogoak inperioari ekarri zizkion odoluste ekonomikoaren ondorioak.

Gainera, dogmaren gaietan adiskidetze-politika baten alde egin izanagatik, ez zen ez alde batekoen ez bestekoen estimukoa izan.
Gauzak horrela, enperadore hau, zeina bizantziar tronura igo zenetatik teologorik onena joa izan baita, heresiaren susmagarri izanik hil zen, eta kontrako jarrera zutenek erdeinatu egin zituzten haren iritziak.