BANAKETAK (1)

Banatzea erabakitzen duten gurasoek argi izan behar dute bikote harremana akitu dela baina seme-alaba jakin batzuen guraso direnez bikotekide ohiarekin gutxieneko komunikazioa mantendu beharko dutela.

Seme-alabei gurasoen erabakia jakinaraztean argi utzi behar zaie banaketaren arrazoiak helduei dagozkiela, bikotea dela akitu dena ez guraso rola. Helduen arteko harremanari, bizi proiektuari, zailtasunei… loturik hartu dutela bikote izaten uzteko erabakia. Oso garrantzitsua da seme-alabei adieraztea beraiek ez direla erabakiaren arduradun, ez dela beraien errua izan.

Adierazpena egiteko egoki da bi gurasoek aldi berean eta egoera goxo eta lasai batean erratea banatuko direla. Arrazoi adostuak emanez eta berehalakotasunean gertatuko diren aldaketak aurreikusiz: etxea, eskola, ordutegiak, egonaldiak… eta behin betiko erabakia dela, ilusio faltsurik ez egiteko.

Umeek gurasoen erabakiaren aitzinean izan ditzaketen erreakzioak ezberdinak dira denboran zehar eta adinaren arabera: larritasuna, beldurra, lasaitasuna, tristura, haserrea, kaosa, baztertzea, abandonua, estresa, errudun sentimendua, sintoma psikosomatikoak… Eta aldaketak sumatu daitezke loan, elikaduran, ikasketetan…

Babesa eta ziurtasuna emate aldera komeni da ahal den neurrian haurraren eguneroko ohiturekin jarraitzea, aldaketa aunitzeko garaian errutinei, eskolari eta lagun harremanei eustea erreferentzia puntu egonkorrak izango baitira. Eta eskolako irakasleekin banaketa prozesuaz mintzatzea, ikasleen jokabidea ulertu eta laguntze aldera.

Hausturaren ondoren bikotekide ohiarekin harreman ona eustea ez da erraxa, nekeza ere suertatu daiteke elkarrekin egon behar izatea, komunikatzea… tentsioak eta eztabaidak edo iraganeko minak berpiztu daitezke baino guraso ardurak betetzen segitzeko esfortzu hori egin beharra dago.

Gizarte zerbitzuak, hezkuntza edo osasun alorreko profesionaletan apoiatzen ahal dira orientazioa jasotzeko. Familia bitartekaritza zerbitzua ere existitzen da.

Banaketak mina, galera, egoera berriak, ahultasunak,… eragin ditzake eta komeni da norbere burua sendotzeko, indarberritzeko laguntza profesionalak bilatzea.

Gaia pertsonen ongizate ikuspegitik aztertu dugu. Baina kontziente gara prozesu judizialek banaketetan presentzia handia dutela eta maiz energia gehiegi borroka judizialean inbertitzen direla ongizate pertsonal eta seme-alaben ongizatearen gainetik. Hortaz gomendatzen dugu lehentasuna norbere ongizatean eta seme-alabenean jartzea, borroken gainetik gutxieneko elkar-ulertze eta errespetua lehenetsiz: guraso betiko izango garelako.