Erlantz Urtasun Antzanoren hitzak (2014): Mambises (Mambiak)

Historialariak oraino ere eztabaidan aritzen dira

mambiak” direla eta.

Singularrean “mambi” da, eta kontua da substantibo eta adjektibo hori

espainiarrek Kariben izaniko kolonietako jendeari errateko ibiltzen dela,

zeinak bide militarretik altxatu baitziren XIX. mendean,

eta, bereziki, kubatar independentisten zati bati,

nahiz eta, egia da, orobat ibiltzen den

kanariarrei —zalantzagarria— eta batez ere filipinarrei errateko.

 

Irakurria dut hasiera batean

espainiar tropek erabiltzen zutela

Santo Domingoko matxinatu taldeak mespretxuz izendatzeko,

eta, espainiar armada azpiratua izan, uhartea utzi

eta Kubara bildu zelarik, berriz ibili zutela kontzeptua,

aldi horretan kubatar separatistak izendatzeko.

 

Itxura guztia du kolonizatzaileentzat

kontzeptu nabarmen ezkorra eta baztertzailea baldin bazen

bertzaldera hartu zutela haien aurka borrokatzen zirenek; alegia,

ontzat jo eta berendu egin zutela mambi matxinatu izendapena.

 

Okupatzaileen aurka zeuden herritarrek diruz lagunduta,

orobat erbestean Ameriketako bertze herrialde batzuetan aberastu zirenek,

lurraldeak askatuz joan ziren, eta, gerra-hornidura handituz,

aihotzen eta fusilen infanteria ukan zuten,

zalditeria eta zenbait artilleria, tailerrak, ospitaleak eta mailaz mailako hierarkia,

hasi soldaduetatik eta maior jeneraleraino.