Nafarroako Artxibo Handian ezagutu nuen Fernando Maiora, behiala Trabukoren surrean nenbilela, eta ezagutu nuen ordukotz ohartu nintzen gihar fineko gizona nuela, nahiz izakera zakar samarrekoa. Geroztik baditut leituak haren liburu franko, eta aztertuak ere bai, batzuk. Haietako bat “Injurias, coplas, frases”, erlikia askoren artean, honako perla hauxe dakarrena: “que el dicho Garcia de Zaro hera un menguado, zirol, picaro, y questo lo dijo una y muchas veces (145 or., Artaxoa 1645)”.
Ikustekoak dira zirol horren gainean gure euskaltzain, filologo eta etimologo eminenteek esandakoak, eta behin eta berriz, ez buru ez buztan errepikatuak, hasi 1596ko errefrau hartatik (RS.21) eta egundainokoan, ikustekoak direnez! Oroitzen gure Alfontso Irigoien filologo bizkaitar finak ateratako ondorio sekulako haietaz?
“Entre los refranes de Oihenart que no fueron publicados en Paris en 1657, conservados en un cuaderno manuscrito y publicados en 19671 hay uno que no ha podido ser traducido y que vamos a tratar aquí de hacerlo. Se trata del refrán incluido entre los de la Soule con el núm. 343 y repetido en el 217, el cual está leído como haur ola corola, con una nota que dice: «es incomprensible para mí: cirola ocurre en RS 21 y 275, traducido «çapatero», pero debe tratarse de otra palabra. Podría leerse corola, que tampoco da sentido».
“Pienso, sin embargo, que la lectura de çirola tendría pleno sentido, teniendo en cuenta que haur puede utilizarse en suletino en el sentido de ecce latino, tanto para el primero como para el segundo grado. Así haur ola çirola se traduciría por «he ahí el taller zapatero», es decir, que sería el equivalente. del conocido refrán castellano zapatero a tus zapatos”.
Bego hutsaren gaineko hutsa bere horretan, gure Oteiza jainkotuaren ohoretan, bihotz nereko Alfontsoren “zapatero a sus zapatos” harrigarriro eder hori! Nire jakinduria urria da eta horregatik libertitzen naiz taigabe emendatzen. Hala eta guzi, iruditzen zait askotan, errefrau batean sar nazakela neure iragaite guzia. Esate baterako: “zital zirola, nork gudura haroa?” errefrau hain zalagardatuan. Zein hoberik hiretzako, esanen lidake, euskal sen apurrik gelditzen zaion edozein goizuetar edo leitzarrek, hementxe inguruan bertan. Eta halaxe da, famaren arabera, arima eta gorputz, bete betean harrapatzen nau. Baina nire inguruko jende xalo honek, azkeneko euskaldun jende agrafo bixi honek, badaki ederki ni ez naizela zapataria, nahiz eta mila bider adituak dituen zirola, xirola, xirolka… eta gisako epitetoak, adjetiboak edo dena delakoak.
Nola ez saia bada, ni neu haragitua naukan usario eder honen alde? neure egia ttipi honen bila?… Hara non izan zuen oker honek hasiera: çitel çirola, noc gudura aroa? Pusilanime çapatero, ¿quién te lleua a la guerra?”. Horra lehen okerra: çapatero gaizki dezifratu hori, funtsean ez baitzen çiqatero baizik. Eta euskaraz zital, jakina. Ez hori bakarrik: zital hori cicatero izateaz gainera, nola euskal hala erdal erroak, bi biak ziqät arabiar klasikoa izan lezakete lehen iturri. Ikus googlen “cicatero” hitzaren etimologia, edo Corominasek dioena. Horra beraz, sorreran çicatero = zital begien bistako sinonimia baino ez zena, norbaitek zirol = zapatero bihurtu. Eta lapsus ttiki honen lizunbean gehiago barrendu gabe, horra egia ttipi batek zenbateko lizunkeria sala dezakeen?… Oroit aurreko oin-ohar beltzaz: unibertsala baitu lema ahuspeztua nazioginak: ezina zikinez egina. Eta zergatik isildu nik, zikin guziaren azpiko egia ttipi hau, neure inguruko euskaldun jende fin guzia lagun, neure sena eta iragaite osoa haragitzen dituela jakinik? Bistakoa baita erdara zaharretik ez hain aspaldi euskara berrira ekarritako errefrau eder honetan, zirola ez dela pusilánime besterik. Neure gorpuzje xelebre honi fin begiratzea aski!…
Begira, ordea, maisuetan maisuena omen den Joseba Lakarra jaunak zirol honi buruz esandakoak, Euskaltzaindia Euskararen Lekukoak 19 liburuan, 1996ko azken edizio kritikoan, 222 eta 256 orrietan:
Ez hori bakarrik: pusilánime ordez zapatero bihurtzean zirol, hurrena çiqatero baino ez den zital hitzari ere sekulan bereak izan ez dituen esanahiak leporatu baitizkie gure hiztegigile txit gorenek. Ikus bestetan beste, Orotariko Euskal Hiztegian: “zitel (A, que cita RS). Cobarde, apocado”. Horra berez zirol hitzari dagokion esanahia, ez buru ez buztan, zital hitzari atxekia. Horra jainkokeria absurdo bategatik inork aintzat hartu nahi ez didan egia ttipi fina. Egia ttipi finak ukatuz, ukazioz ukazio, egiten baitira egia handiak, Nazioak eta Aberriak, eta ahularen aldeko Jaun errukitsuaren dotrina helburutzat hartuta gainera, nola bestela?…
Eta neure gorputz arimak haragitzen dituen egia ttipi honek, neure inguruko euskaldun finek ahoz eta Maiorak dokumentuz jasotako usario bixi honek, ezin badu lekurik izan euskal hiztegian, euskal NAZIOGINTZA HANDIAN, nola eska lezake euskal nazioginak bere EGIA TTIPIAK leku izan dezan ESPAINIA/FRANTZIA HANDIAN?… Zertarako ari euskaraz, zertarako saiatu, etxean bertako GEZUR HANDIAN ezin baditu nork bere EGIA TTIPIAK bilatu? Argimuttur oro, taigabeko otoitz naziogileak itotzen badu? Sinisten dut errezatu edo isildu, besterik ezin badu?…
1 Erne pasarte beltz honi. Zenbat aldiz eta zeinen lizun errepikatu den gure euskalgintzan,
gure naziogintzan? Unibertsala izan baita geuk aldrebestu lema fina:“ezina zikinez egina”.