IÑAKI ZABALETA: “110. STREET-EKO GELTOKIA”

“Nekaturik zihoan 42. Street-ean zehar, lanbropean, gabardina handi bat soinean eta ingeles estiloko kapela buruan. Haize bustiak jo ez zezan zerbait makurturik zeramatzan bizkarrak, eskuak poltsikoetan eta lepokoa sudurzuloetaraino. Hotza zen urtarrileko ilunabartze hartan Manhattanen. Jendea erruz harat-honat, etxerako bideak hartzen, bulego dorretan egun osoa kalefakziopean lanean pasa ondoren.

Grand Central Station-go sarreran egunkaria eskatu zion, egunero bezala, zimurrez beteriko agure zaharrari. Eskuak atera-sartu azkarra egin zuen egunkaria ordaintzeko eta, New York Times galtzarbean jarriz, geltokiko berotasunera sartu zen. Have a nice day“, egunkari saltzailearen agurra juxtu ailegatu zitzaion haize hotz boladarekin. “Egun atsegina izan ezazu”, nahiz eta honelako esaldietara ohiturik zegoen egon, zenbaitetan, pentsatzen jartzean, arrotz egiten zitzaizkion Josebari, kortesiazko usadio ihartuen kera hartzen zien, ilunabarretan batez ere”.