2018/08/14 2018/08/19 BILBAO- PRAGA- BILBAO MLYNAROVICE-TIK PASATUZ

SRDCE ME = BIHOTZEKO HUTSUNE ENEA

Eguzkia goian zela abiatu ginen Donostiatik Bilbo aldera, bihotzeko hutsune honekin, bihotz-zati bat baitago Zilarrezko Itsasoan hondoratuta. Arratsaldeko 18:30ak inguru CZECH AIRLINES konpainiako hegazkin batean hegaldatu nintzen beste hamabost euskaldunez osatutako talde batekin, horietako hamaika, segan egiteko prest Txekian antolatutako txapelketa batean, Bohemia eskualdean. Itzulpen-lanean laguntzeko joan nintzen beraiekin, eta Txekia ere ezagutzen dudalako.

Bihotzeko hutsuneak ezin bete,

eta aurrera segi behar,

iragana atzean utziz,

beti aitzina!

Euskal Herrian sega txapelketa desberdin jokatzen da. Duela gutxi ospatu zen aurtengo Euskal Herriko sega txapelketa, eta aurtengo txapeldunekin joan naiz bidaia honetan: Julen Gabirondo eta Alaitz Imaz, besteak beste. Euskal Herriko sega txapelketan segalari bakoitzak ordubeteko lana du, eta ordubete horretan belar gehien lortu duenak irabazten du. Europako txapelketetan ez da belar-pisurik neurtzen, eta nork bizkorrago eta hobeki belarra ebaki, hura da txapelketako garaile.

Bilbotik Pragara horrelako gogoetekin eta bestelako poemekin nenbilela 21:00etan iritsi ginen Txekiako hiriburura. Han, aireportuan itxaroten gintuen Lenkak, gure euskal lagun txekiarrak, eta hark Hostelera eraman gintuen, check-in lehenbailehen egiteko. Ordubete hostelean erregistratzen egon ondoren eta maletak gure geletan utzita, kalera atera gara ostaturen batean zerbait afaltzeko. 23:30ak ziren eta berandu zen zerbait afaltzeko, jatetxeak itxita zeudelako. Hala ere, non-stop taberna bat ikusi genuen, SIXIES izenekoa eta hantxe sartu ginen. Sukaldea itxita zegoen, baina garagardoak eskatu genituen, jakirik ezean, ogi likido horrek beteko gintuelakoan. Garagardoarekin batera poltsako patatak eskatu genituen, tripa-zorriak engainatzeko. Gero, gure ostatura joan ginen atseden hartzera.

BEGIAK ITXI ETA HATZA MAPAN JARRI

Biharamunean Cafe Calma kafetegira joan ginen gosaltzera hamazazpi lagun, eta eguna Praga ezagutzeko probestea erabaki genuen. Abuztuaren 15a zen, Euskal Herrian jaiegun handia, baina Txekian lanegun arrunta. Pragako alde zaharrean ibilaldia egin genuen turisten artean, eta gero jatetxe batean bazkaldu genuen bapo. Segak, segapotoak eta arraitzak edo zorroztarriak bien bitartean Mlynarovice herrixkara iritsi ziren, txapelketa jokatuko zen tokira alegia.

Sabela ardoz, garagardoz eta janariz ongi beteta, Pragako muinoan gora abiatu ginen Eiffel dorretxora, handik Praga hiriburu osoa ikusmiran izateko eta handik argazki ikusgarriak ateratzeko. Begiak itxi eta hatza mapan jarrita, GPSa aktibatu genuen Pragako gaztelu aldean ibiltzeko. Pragako gaztelu famatura jaitsi ginen, eta handitasun hartatik paseatzen ibili ondoren, Mala Strana aldera joan ginen jatetxeren batean zerbait afaltzeko. Afaldu genuen goxo eta lagun onekin, eta gure hostelera joan ginen, biharamunean abiatu behar baikenuen txapelketa-gunera.

HEJ RÁNO RANKO NEZ VYJDE SLUNKO/

AIZU, GOIZA ALTXATZEN DA, EGUZKIA ATERA BAINO LEHEN

Goiza altxa zen, eta eguzkiarekin batera gure ohiko gosaltzeko kafetegira joan ginen lasaitasun osoz. Goizeko 10etan utzi dugu ostatua gosaltzera joateko eta gosaldu ondoren maletekin autobus-geltokira joan ginen Mlynarovice aldera joateko, Pragatik hegoaldera 150 kilometrora.

Almitza elkarteko segalariak, lagunak, Lenka eta ni neu joan ginen Pragatik Prahatice hirira. Bidean herri askotatik igaro zen autobusa, tartean PISEK herritik, non Txekiako harrizko zubirik zaharrena dagoen. Autobidean kilometro bakoitzeko iragarki-ohol handi horietako bat, baina duela bi urtetik iragarki komertzialak debekatu dituenez gobernuak, ohol bakoitzean Txekiako bandera handi bat dago.

Arratsaldeko zazpiak inguru iritsi ginen Prahatice herrira eta hantxe jaso gintuen David Voborsky segalari txekiarrak eta txapelketaren antolatzaileak. Tipo xelebre eta nahikoa hippya iruditu zitzaidan baina ez nion garrantzirik eman. Herri hartan jatetxe batean afaldu genuen, Volary herrira joan aurretik. Izan ere, Mlynarovice Volary herrian dago, eta hantxe lo egingo genuen etxeetan. Volary inguruan Boubin izeneko oihan jatorrizko eta birjin bat dago, baina gauez iritsi ginenez, ez genuen gauza askorik ikusi. Etxe desberdinetan sakabanatu gintuzten, eta beraz, gauez ez ginen elkartu eta horrek euskal segalariak biziki haserretu zituen, baina biharamunean zelaiak ikuskatu behar genituela eta, atseden hartzea erabaki besterik ezin genuen. Milaka izarren azpiko hotelean lokartu nintzen.

PIVO PROTIVIN = GARAGARDO BOHEMIARRA ETA ARDO MORAVIARRA PAREZ PARE

Goizean goiz esnatu ginen ostiralez, eta goizeko eguzkia atera baino lehen goiz jaiki nintzen. Inguruan natura eta basoak nituen. Etxean hartu gintuen laguna baserri batean bizi zen eta antolatzailearen ezagun bat zen.

Volary herrian geunden eta handik Mlynarovicera joan ginen, eta hantxe elkartu ginen guztiok, euskaldun guztiok eta antolatzailea.

NOSTALGIC MUZEUM

Museo nostalgikoan ez ginen sartu Pragan, baina nostalgiko eta malenkoniatsu jarri nintzen, bihozmindu ninduen mutilaz oroitzean, ene iragan sentimentalaz gogoratzean: KAPULLO! Atera zitzaidan ahopetik. Gizon oro kapullo hutsak izan dira enetzat, amaiera zoriontsurik ez badut izan ere, eguneko eta gaueko “presente” eta opari txikiekin goxa dezadan bihotza: goizeko eguzkia, bart gaueko izarrak, oheratu aitzineko garagardo inguruko solasaldiak euskaraz, txekieraz eta alemanez. Gizonak espezie berezi batzuk dira, emakumearekin zerikusirik ez dutena. Badira salbuespenak baina orokorrean guretik urrun dira hitzetan eta ekintzetan. Burmuina behar ez den tokian dute eta horrela pentsatzen dute.

Euskal segalariak bai mutil segailak eta lerdenak! Ligatzeko aukerarik ez, baina jende jatorra da. Almitza.eus elkartetik lauzpabost gizonek eta bi emakumek parte hartuko dute Txekiako sega txapelketa honetan, baina lehenbizi gosari-legea egin genuen Mlynarovice herrixkako Dabid antolatzailearen etxean, hamaikak inguruan. Euskal segalariak soilik zeuden, oraindik ez baitziren iritsi ez alemanak ez eslobeniarrak, eta euskal segalariek zalantza zuten ea txapelketa jokatuko zen ala ez, antolatzaileak esan zuelako belarrik ez zegoela. Lehenbizi txapelketako zelaiak ikuskatu behar ziren, larunbatean jokatu behar omen zen txapelketa baino lehen. Hura zen hura adar jotzea antolatzaileen aldetik! Esan ez zigun ba Dabid Voborsky berak euririk egin ez zuelako egin ez zegoela belarrik? Zelaien egoera ez zegoen prest oraindik txapelketa baterako, eta asko eztabaidatu ondoren, euskal segalariak haserre handik aldegitea erabaki zuten.

Libertatea hemen badugu

galde egin gabe nehork

elgarri esku eman dezagun

gosturik ere zernahi

(Mendiaga)

Arratsaldeko 16:00etako autobusa presaka eta korrika hartu genuen ihesean bezala hango fundamentu eskasa ikusita hamazazpi pertsonok, Volarytik Pragara atzera itzultzeko. Koldar hippy arduragabe alaena! Skoda... tamalez, ezin segan egin antolaketa-faltagatik. Larunbateko txapelketa ustela bertan behera gelditu da:

ez dago belarrik.

Aio txapelketa…

Pragan ginen berriro ere ostiral iluntzean eta sega-kutxa eta guzti, gainera! Autobus-geltoki ondoko jatetxe batean afaldu genuen garagardoz eta ardoz bustirik, eta taxiz joan ginen maletez kargaturik hostelera.

LARUNBATA, USTEZKO TXAPELKETAREN EGUNA

Cafe Calma kafetegian gosaldu genuen ohi bezala, lasaitzeko asmoz, eta gero penak ahazteko Pragaren beste aldera joan ginen: Viserhrad. Handik ere, Pragako gaztelutik bezala, Praga hiriko ikusmira handia dugu, eta hantxe egin genuen “familia-argazkia”, hantxe bazkaldu eta iluntzean Vltava ibaiertzean afaldu genuen, eta gau giroaz gozatu garagardotan eta izozkitan.

FLYING WITH PASSION

Goizean goiz iratzarri ginen hostelean, aireportura joan behar genuelako Euskal Herrira itzultzeko. Amesgaiztoak izan omen nituen, oihuka aritu omen nintzen eta nik ez nekien zergatik.

Bart Pragako azken gaua filosofikoa izan zen, linguistikoa, politikoa: zergatik jendeak erdaraz egiten du Euskal Herrian, euskaldun oso izan arren? Gai horri buruzko tesia egin nahi zuen Euskal Herrian bizi zenean gure Lenka Niznanska antropologo eta euskaltzale txekiarrak, eta horren inguruan eztabaidatzen aritu ginen, filologo hauxe tartean.

Feminismoaren akatsez ere aritu ginen bart garagardoa edanez batera, eta ondorio batera iritsi ginen: feminismoak ez luke emakumeen afera soilik izan behar; izan ere, feminitatea eta maskulinitatea denon baitan dago, eta ezin esan dugu neska ala mutila sentitzen garen. Denaren gainetik pertsona bat naiz, neure akatsekin eta bertuteekin.

PRAHA VACLAV HAVEL AIRPORTera irtsita, eta han gosaldu ondoren, gure enbaxadore eta gida Lenkarengandik agurtzeko tenorea iritsi zitzaigun hamasei euskaldunoi, eta hala, hegazkina hartu genuen WITH PASSION SINCE 1923.

Grinarik gabe ez dago bizitzarik,
odol hotzeko poeta triste bat ote naiz?
arriskurik gabe ez dago ezer lortzerik.
galdu ala irabazi,
har ditzala nik jokatutako karta guztiak
ene maite galduak.
Galdu ala irabazi,
gure bihotza beti badugu nolabait betetzerik,
jende gaiztoz eta onaz.
Txarrak zauritzen digu barnea, urratu bihotza;
baina onaren laztanak, muxuak eta hitzek konpontzen urradura, zartatutako arima.
Gauzak planeatu bezala atera ez arren,
frustrazioak frustrazio,
amorruak eta penak bizkarrean
hegan abiatu naiz zerura
txar guztiak airera jaurtitzeko,
urtu daitezen eta bilaka lurrunezko euri.
Euri-ura maitasunez eroriko da lurrera
eta berriz bizi berriz poztuko gara,
emetasunez ereinez hazia.
Erraten didaten poeta jendea arraroa dela,
besteak leihotik kanpora begira daudelarik
gu poetok idazten jartzen garelako.
Eta bai, sufritzen dugu
eta maitatu, uneoro.
Arraroa ez dakit,
baina odol berokoen artean
odol hotzekoa ez ote naiz izango ni?
beharbada euskal herriak poeta gutxiago
eta pertsona bero, grinatsu, aktibo, militante gehiago
behar ditu,
gogoz aritzen dena
euskaratik eta euskaraz natural,
gutxiago idatziz eta gehiago ekinez.

Ainara Maia Urroz