HIRIGINTZA, ARTEA ETA ZIENTZIAREN ARTEKO JAKINTZA-ARLO ZABALA

Hirigintzak arkitektura oinarri du, batzuentzat soilik ikuspegi artistiko batetik bada ere. Jakina beste diziplinetako adituekin elkarlanean aritu beharra dago, eta prozesu horretan dimentsio soziologikoa kontuan hartzekoa da, izan ere, hiria gizakiaren habitata den heinean, gizakiaren zerbitzura dago, H. Lefebvrek esaten zuen hiria produktu soziala dela [Lefebvre, H. Espazio eta politika. 46 orrialdea]. XIX. mendetik aurrera ekonomiarekin, lurraldearen eraikuntza prozesuan ematen den gainbalioak hartzen duen garrantziagatik, zuzenbidea eta ingeniaritza jakintza arloekin duen erlazioa areagotu zen. XX. mendetik aurrera, hiritartze fenomenoa, lurraldea hiri bihurtzekoa, ordura arteko muga fisikoetatik at hedatzearekin batera, eta lurraldearen antolaketa dimentsio zabalago batetik arduratu beharrak, ekologia eta ingurumenaren jakintza-arloekin erlazionatu zuen gagozkion diziplina. Halaber, lurraldea botereak kudeatu izan du historian zehar. Beraz, hirigintzaren helburua hiriaren, lurraldearen eraikuntza izaki, paisaiak duen interesarekin, bertako biztanleriak gizatiarturiko espazioaz izango duen pertzepzioa eta harremana proiektatzea artearen esparrutik abiatzen den disziplinatzat jo dezakegu, ondoren, irudikatutakoa gauzatzeko baliabide eta tresnak teknika eta zientziaren esparruan kokatzen baditugu ere.

Hiria aldi berean eraikitako espazioa da, hau da, errealitate fisikoa, urbs, bertan bizi direnek sortutako errealitate soziala, civitis, eta unitate politiko-administratiboa, polis.

Historian, denboran zehar lurraldearen okupazio mailakatua eman da mendi hegaletatik haranen hondorantz, ibaiek higatuak izan diren erliebetarantz, eta kostalderantz, non lehenengo hiriguneak eraiki ziren. Hiri paisaia eta naturaren artean oreka mantendu izan da duela ia mende bat arte, baina industria arotik aurrera, hiri-garapen kapitalistarekin espazioaren transformazio lasterrak esku-hartze antropikoaren gehiegikeriak nabarmendu zituen lurraldearen paisaian.

Hiriaren euskarri fisikoaren aldaketa eta hiri-hazkunde formak I

Gizakiak bizi irauteko leku batean kokatzea erabakitzen duenean bertako errekurtsoen ustiapena medio lurraldearekiko lehen lotura finkatzen du.

Euskarri fisikoaren antolaketa prozesuan, non erabilera batzuk ematen diren eraikuntza jakin batzuei lotuak, barreiatutako habitata eratzen da; Euskal Herriko ipar isurialdeko orografía malkartsuetan, mendi hegaletan isolatutako baserriek naturagunea egituratzen dute. Ustiapen unitate hauek eliza baten inguruan elkartzen direnean kopuru txikian, elizatea izeneko antolaketa unitatea eratzen da, landa paisaiaberria sortuz.

Landa-lurrean nobleek zuten domeinutik at giza finkamenduak sortu zituzten erregeek euren interes ekonomikoak edo estrategiko/militarrak sustraituz, eta orduztik, Ertaroan hiribilduak fundatu zirenetik, eraikitako espazioaren bilakaera heterogeneoa izan da denboran.

XVI-XVII. mendetan hiribilduen periferian, hau da, harresietatik kanpoko mugan hainbat ordena monastikoren komentu fundazioak eraiki zituzten garai hartako obra maisuen zuzendaritzapean harginek eta zurginek. Antolaketa sozial berriaren bizikidetza unitateari erantzuten zion arkitekturak, eraikin tipo zehatzak, barne hartzen zituen hainbat erabilera; eliza edo kapera eta lau hegaletako klaustro edo lorategi-patio baten inguruan lerrokatzen ziren zelda edo erlijiosoen gelak, errefektorio edo jangela, kapitulu edo biltzar gela besteak beste. Baratze-lursail zabalei lotutako monumentu unitate hauek hiribilduen transizio espazioan hiri-paisaia berria itxuratu zuten; komunitate edo elkarkidetza bizitzarako, atsedenerako eta otoitzerako, heziketarako edo irakasteko etxe forma berriak ziren.

Ordena feudalaren transizioan noblezia zakarrari diplomazia gailendu zitzaion, komunitate erlijiosoetatik gorteetara hedatu zen kultura; lehen entziklopediaren argitaratzea, lurrun-makinaren aurkikuntza, zientzia eta ezagutzaren difusioa eta teknikaren bilakaera izan ziren argien mendeko gertakari garrantzitsuak. Orobat, Euskal lurraldeen kokapen geografiko estrategikoak ere ahalbideratu zuen itsasoz sendotzea merkataritza harremanak Asiarekin eta Amerikarekin ez ezik baita Europa iparraldearekin ere, gizartearen progresioan, eta kulturaren zabaltzean eragina izan zuena.

Hortaz, aurrerapen zientifikoek eta berrikuntza teknologikoek lurraldearen konkistan ateak zabaldu zituzten, topografia malkartsua menderatzea ahalbideratu zuten eta komunikazio bide berriak eraiki ziren, zaldiz tiratako kotxeentzat, natura eta giza-finkamenduen arteko erlazio idilikoaren lehen haustura.

Lehenengo sektoreko eta artisautza jarduerek makinen bidezko manufaktura prozesuei bide eman zien, eta ondasunen gehikuntzak eta oparotasunak, ongizate materialaren zabaltzeak merkataritza kapitalismoaren hedatzea ekarri zuen. Ekoizpen egitura eraberrituz ekonomia suspertu zen. Garai industrialaren lehen urratsekin batera fabrikak hiribilduen eta ibaietako ibarren inguruan finkatu ziren, batetik eskulanaren gertutasunagatik eta bestetik, eskaintzen zituen baliabideengatik, energiaz hornitzeko ez ezik baita hondakinak isurtzeko ere!

XIX. mendean inbertsio kapitalarekin batera industrializazio prozesua eman zen. Mendearen bigarren erditik aurrera lurraldearen egituratzean komunikabide sarea trenbideekin osatu zen, haran nagusiak ildaskatuz hiri nagusietara arte iritsiko zen garraiobidea. Hiri handienetan demografiaren hazkundearekin batera ekonomia berriaren adierazle bi klase sozial nagusitu ziren: industri-kapitalismoaren balioak bere egin zituen burgesia eta esku-lana, langile edo proletariotza. Bizitegirako espazio egokiagoa sustatu zen hiribilduak babesten zituzten harresiak eraitsi zirenean eta hinterlandaren urbanizazioari ekin zitzaionean, higiene eta zirkulazio baldintzak hobetzeko aitzakirekin. Zabalguneak Ildefons Cerdà (1815-1876) hirigile katalanaren Urbanizazioaren Teoria orokorrean oinarritutako hirigintza teknika estreinatuz eraiki ziren. Bide batez, hirigintza zientifikoaren oinarri modernoak ezarri ziren, eta sistema kapitalistak lurzoruaren eraldaketan gainbalioaren kontzeptua txertatu zuen.

XIX. mende bukaeran hainbat hiriren hazkundea funtzionalki eta formalki definitu zen zabalgune proiektuen bidez, trazatuaren eta ordenantzen zehaztapenarekin; bide-sareari lotuta, sestrak eta lerrokadurak batetik, eta bestetik eraikinen formak, hau da, altuera, profila, hondoa, eta kaleranzko fatxada zabalera. Egun, etxe-irlen tamaina eta formek, eta bide-trazatuek identifikatzen dituzte tokian tokiko zabalgune dezimononikoak. Hiriaren arrazoizko hedapena mugagabea izan zitekeen, sare orotogonalaren garapena lurraldearen formak baino ez zuen eragotzi.

XX. mendearen lehenengo herenean hiri-paisaiaren eraldaketak herri eta hiri txikitan ñabardurak izan zituen, haietan ere eragina izan baitzuen bigarren industria iraultzak. Biztanlegoaren zerbitzura hainbat zuzkidura eraiki ziren: eskolak, merkatuak, hiltegiak, errukietxeak, hilerriak hirigunetik kanpo, eta baita azpiegitura berriak ere, telefonoa esaterako. Langileentzako etxebizitza arazoari aurre egin zitzaion, gutxieneko bizi egokitasun baldintzak betetzen zituzten etxe merkeak eraikiz, estatuak bultzatuak batzuk eta besteak industria enpresariek bermatu zituzten. Lorategi-hiriak hazkunde forma eredu gisa landa gunetik gertu kokatu ziren, eta uztartzen zituen naturaren onurak batetik eta hiriek eskaintzen zituzten baliabideak eta zerbitzuak eskura izatea bestetik.

XX. mendearen bigarrenaldian, 50 eta 70 hamarkaden artean eraikitako espazioaren bilakaera ezohikoa izan zen; esku-lana beharrezkoa izanik, migrazio fenomenoak eraginda populazioak ordura arte inoiz ez bezala gora egin zuen. Etxebizitza beharrari aurre egin behar zitzaion eta industria ekoizpen unitate txikiak ibai hondoak okupatu zituzten tokietan, bizitegi erabilerako eraikuntza bloke sinpleak, krujia bikoitzekoak, mendi hegaletan gora eraiki ziren, garatzea aurreikusten ziren lursailen muga fisikoak errespetatu gabe, hiri-eremuen arteko loturarik gabeko hiri paisaia monotono bat oinordeko utzita.

Ia seigizaldiren zehar ehundutako lurraldearen transformazio baretua, eraikitako erritmoaren eta espazioaren arteko erlazioari dagokionez, XX. mendean jasandako eraldaketek desorekatu zuten.

Donostia-Baiona, lurraldearen forma.

Donostia-Baiona, 1950. urtean.

Donostia-Baiona, 1970. urtean.