MANEX ETA HORMATXORIA

Uda hartan, eguraldi bero eta lehor samarra egin zuen Manex bizi zen herrian, eta, beraz, laboreak (garia, garagarra, oloa eta abar) oso ongi ondu ziren uztail bukaerarako. Hala, bada, hil horren amaiera aldean, egun batean, mutikoaren aitak, seme zaharrenarekin, behi pare bat uztarrian lotu, eta, gurdia, galburuz eta lastoz ongi beteta, herrira joan behar zuen garia jotzera.

Eskolan oporrak zituzten udako hilabete haietan, eta, horregatik, gure mutikoari atsegin gertatu zitzaion, uda erdian berriz ere eskolako lagunak ikusteko ideia. Jakina, baserrian bizi izanik, udan zehar ez zituen oso maiz topatzen, eta aukera hura horretarako aprobetxatu nahi izan zuen, besteak beste. Gauzak horrela, aitari baimena eskatu eta hark onespena emanda, berehalaxe abiatu ziren herrirantz aita, anaia zaharrena, Manex eta behi parea, atzean gurdia zeramatela.

Ordubete pasatxo kostatu zitzaien herrira iristea behi gurdiarekin, eguraldi sargoria zutela, eta beheko plazatxo batean zegoen garia jotzeko gailuaren ondoan kokatzea, beraien txandaren zain gelditzeko, izan ere, herriko kontzejuak makina bat zuen, behar zuten herritar guztiek erabil zezaten laboreak jotzeko.

Horiek horrela, Manexek berehala aprobetxatu zuen itxoin behar izate hura, lagun batengana jotzeko. Elkar topatu, herrian zertan ari ziren azaldu eta aida batean joan ziren gari-jogailua zegoen plazatxo aldera. Nekazariak hantxe ari ziren goizerdi bero hartan, batzuk garia jotzen eta gainerako guztiak beren txandaren zain. Manex eta laguna, erne, begira-begira.

Hainbat minutu igarota, pixka bat asperturik, hauxe esan zion lagunak Manexi:

-Tira, hator gure etxera eta ikusiko duk zenbat gari atera zitzaigun guri atzo!

Lagunaren etxera iritsi eta hark berehalaxe ganbarara eraman zuen Manex. Ganbara hartan, gari ale mordo ikaragarria zegoen pilatuta, horma baten ondoan. Usain atsegin eta goxoa zerion. Baina, handik oso gutxira, bi mutikoak segituan ohartu ziren etxetxori (txolarre, hormatxori, paretatxori, kurloi) bat ganbaratik atera nahian ari zela, leiho txiki batean. Hegaka zebilen gaixoa, baina talka egiten zuen zerbaiten aurka. Izan ere, leihoa sarez itxita zegoen eta txoriak ez zuen inola ere modurik ihes egiteko. Talka eta talka jarraitzen zuen burdin harien kontra, larri eta estu. Lumaren bat ere galtzen ari zen, kolpeen indarra zela eta. Hura ikusita, Manex, senaz-edo, ziztu bizian abiatu zen zoritxarreko hormatxoriarengana. Mutikoa ia gainean zuela konturatuta, hegaztiak beste leiho batera egin zuen hegan, baina hantxe ere topo egin zuen sare madarikatuarekin. Bi mutikoak hurbilduta, beste leiho batera egin zuen ihes berriro ere etxetxoriak, hegaldaka, baina guztiz alferrik, leihotxo hark ere burdin hari malapartatua baitzuen. Egiazki, ganbara hartan leiho guztiek zuten sarea, horretarako, hain zuzen ere, txori garau jaleak ez sartzeko eta janaririk ez lapurtzeko.

Berandu baino lehen harrapatu zuen Manexek txolarrea, adiskidearen laguntza pixka batekin. Txoria polita zen: txikia, moko-motza eta lumadi arre ilunekoa. Pixka batez haren edertasunaz gozatzen aritu ziren. Manexek laztanak egiten zizkion buruan. Hormatxoria, bitartean, larri eta estu; izututa mutikoaren eskuetan, baina ezin zuen hanka egin. Jarraian, lagunaren eskuetan ezarri zuen, hark ere esperientzia atsegin hura proba zezan.

Horrelaxe aritu ziren bi mutikoak minutu gutxi batzuez kurloiarekin, jostatzen eta ferekatzen, baina, halako batean, Manexek gogoratu zuen zer gertatu zitzaion aurreko urteetan atzemandako txori heldu guztiekin, alegia, arrazoi batengatik edo beste batengatik, denak galdu zituela. Kezkatuta eta arduraturik gelditu zen. Berriz ere ez zituen pasatu nahi garai haietako penak, trago txarrak eta sufrimenduak. Eta orain, zer egin? Nola jokatu beharko luke etxetxoriarekin? Zer komeni zitzaion?

Hurrengo minutuetan, lagunari laburki kontatu zion zer-nolako atsekabeak igaro zituen, aurreko txori heldu guztiak hil zitzaizkionean, eta, horrexegatik, segituan hasi zen pentsatzen zer egin hormatxoriarekin.

-Etxera eramaten badugu, seguru asko, hil eginen zaiguk. Orduan, zer? Eta, aske uzten badugu? -proposatu zuen Manexek.

-Hik nahi duan bezala! -erantzun zion lagunak.

-Ala, hik nahi al huen etxera eramateko? -galdetu zion Manexek.

-Ez, gure etxean ez diagu zaletasun handirik txoriekiko -lagunak erantzun.

Orduan Manexek erabakitasunez pentsatu zuen etxetxoria askatu behar zuela. Horretarako lagunak eta biak herriko goialdera jo zuten. Eliza aurrean estalpe txiki bat zegoen, lau zutabetxo zituena, hormarik gabe eta lau isurialdeko teilatutxo batekin. Huraxe aukeratu zuen gure mutikoak txoritxoa askatzeko.

Izan ere, Manex ohartuta zegoen, herriko apezak batzuetan hantxe egiten zizkiola konjuru batzuk zeruari edota izadiari, eta berak ere antzeko zerbait egitea erabaki zuen, bere buruari garrantzi handiagoa emateagatik-edo.

Horiek horrela, bi lagunak konjuru lekuan kokatu herri aldera begira, Manexek hormatxoria besoaz goratu, pixka batean pentsatu eta hauxe oihukatu zuen txoria askatu bitartean:

-Hoa, hoa airean eta aske bizi ahal duan bitartean!

Txolarrea pozak txoratzen urrutiratu zen hegan eginez. Bi mutikoek behetik gorantz jarraitu zioten begiradarekin. Txoria airean desagertu zenean, herritarrak garia jotzen ari ziren plazatxora jaitsi ziren bi gaztetxoak. Manex, aita eta anaia zaharrenarekin elkartu, eta gari-jotze lanak bukatutakoan, poliki-poliki baserrirantz abiatu ziren, behi gurdiaren abiaduran.

Manexek ez zekien ongi zergatik, baina sentipena zuen, egun hartan ekintza on bat egin zuela. Hala izanen al zen?