MIHILUA

Mihilua, Foeniculum vulgare Mill. Apiaceae. Landare honi izen desberdinez deitzen zaio, hala nola hinojo, cenojo, abrojo, migula, milo, anís, anís silvestre, perejil de gitano eta beste.

Landare belarkara, iraunkorra, 250 zentimetro goierakoa izan daiteke. Erraboil handiak, trinkoak eta jangarriak, kukulu formakoak, zurtoinaren atal basalak dira, oinetako geruzak alegia. Mihilua adartsua da, zurtoinak lerro argiagoak ditu, berdea. Hosto basalak eta zurtoinaren erdiaren aldekoak 3-4 pinatisektak, hari-formakoak, peziolodunak. Hosto basalak laster erortzen dira, zurtoinekoak gero eta txikiagoak muturreraino. Lore horiak, ginbail edo unbela txikiak osatzen dituzte, eta hauek, berriz, ginbail handi bat, braktearik gabekoak. Fruitua oboidea, lau bat milimetro luze, glabroa, aromatikoa, marra nabariak ditu. Landareak anis-usain oso atsegina du. Ekainetik irailera bitartean loratzen da. Lugorritan, ezpondatan, bide ertzetan, soroetan eta sasi artean bizi da.

Asian eta Europako Hegoaldean oso antzinatik ezaguna, Amerikara ere iritsi zen. Landare honi gaitz guztiak sendatzeko ahalmena egotzi zaio. Euskal Herrian oso ezaguna eta erabilia da.

Landarearen fruituen egosketaren ura erabiltzen da batez ere. Hostoak gutxiago eta fruituekin nahastuak. Fruituak karminatiboak, eupeptikoak, antiespasmodikoak eta galaktagogoak dira. Urdaileko eta koloneko mina arintzen dituzte, digestioa egiten laguntzen dute, edoskitzaroko esnearen jariaketa estimulatzen dute. Halaber, hanturaren aurkako eragina dute eta konjuntibitisari aurre egiteko erabiltzen dira, baita bronkitisaren aurka ere, eragin espektoratzailea baitute. Anetola duen olio esentzial bati zor dio sendatzeko ahalmena batez ere. Zenbait herritan, mihiluaren fruituak zopatan jaten dira, baita gordinak entsaladatan ere. Era berean, ahoko zauriak sendatzeko mihiluaren fruituak eta hostoak murtxikatu egiten dira. Bestalde, fruituen egosketaren ura adatsa garbitzeko eta ilea indartzeko erabiltzen da.

Eragin diuretikoa ere badu. Kasu honetan, ordea, olio esentzial bera duten sustraiak fruituak baino eraginkorragoak dira. Bestalde, Euskal Herrian, bronkitisari aurre egiteko, mihiluaz egindako kataplasmak erabiltzen dira. Kataplasma horrela prestatzen da: landarea ondo txikitu eta olioz sueztitu egiten da. Zuringoak elur-punturaino jo ondoren, olioari eransten zaio. Horrekin guztiarekin kataplasma egiten da. Halaber, sabeleko minari aurre egiteko mihilu-anisa prestatzen da, eta batzuetan, edari horri luzokerrak edo gingak gainerazten zaizkio.

Mihilua sukaldaritzan ere gero eta gehiago estimatzen da. Anis zaporekoa da, balio energetiko baxua du, karbono hidratoetan eta zuntzetan oso aberatsa da. Azido folikoa, B3 bitamina, potasioa eta zenbait mineral ere baditu. Erraboilak eta zurtoinak entsaladatan jan daitezke, baita erreta edo egosita ere. Zenbaitetan kimu berriak jaten dira gorputza garbitzeko. Halaber, hosto lehorren eta fruituen menda-anis zapore eta usain gozoa direla eta, sukaldaritzan ongailu gisa erabiltzen dira.

Mihilua bere zapore gozoagatik beste landarerekin batera erabiltzen da askotan, infusioei zapore gozoa ematearren. Halaber, Nafarroako hegoaldeko zenbait herritan, mihiluaren fruituak erabiltzen dira olibak ontzeko. Era berean, Foru Erkidegoko Erriberako zenbait herritan, duela urte batzuk, ardoa egiteko garaian, ardoa upeletan sartu baino lehen, upelak mihilu freskoaren egosketaren urarekin garbitzen ziren. Mihilu ur hori, hain zuzen, egun osoa uzten zuten upeletan; gero, ura bota eta upela prest zegoen ardoz betetzeko. Edakera ona ematen omen zion ardoari.

Bestalde, Nafarroako iparraldeko leku askotan, mihilua jartzen zuten etxeetan, horrela, makur guztietatik aske geratzen ziren.