HIRIGINTZA, ARTEA ETA ZIENTZIAREN ARTEKO JAKINTZA-ARLO ZABALA (II)

Etxebizitza beharrak Mugimendu Modernoaren erronka nagusienetakoa bizitegi erabilerako eraikinetan zentratu zuen. Eredu makinistari jarraiki, gutxieneko bizi egokitasun baldintzak betetzen zituzten neurriz dimentsio minimoak zituzten etxebizitzen tipoa definitu zen, eta serietan ekoizteari ekin zitzaion, bizitegirako bloke multzoak eguzkiztapen irizpideei jarraiki antolatuz.

Hiriak funtzionalki banatu ziren hiru zonakatze nagusirekin: biziguneak, industriguneak, eta aisialdirako espazioak. Halaber, zonaldeon arteko zirkulazioa bermatzeko bideak aurreikusi ziren. Baina Arkitektura Modernoaren Nazioarteko Biltzarretan (CIAM, 1928-1959) finkatu ziren hirigintza modernoaren oinarri teoriko hauek zalantzan jarri ziren 70. hamarkadan, petrolioaren lehen mundu mailako krisi garaian, eta zoning teknikari jarraiki, erabilera eta dentsitatea bezalako parametroetan oinarritutako eta errutinaz gauzatzen zen plangintzan bilakatutako hirien kalitatea eta bizi egokitasun baldintzak desegokitzat jo ziren.

Etxebizitza eskaera ase bazen ere hirigintza funtzionalistak ez zion ekarpenik egin hiriaren eraikuntzari, eta hurrengo urteetan hiritan esku-hartzeko bi joera nabarmendu ziren, batzuk hiriak barne muinetik aztertu eta ekarpenak egin zituzten, hiri eta auzoen eskalan, besteak, ikuspegi zabalago batetik kanpo-periferietan murgildu ziren, lurraldearen okupazio neurrigabeak hainbat tokitan konurbazio eta metropolizazio fenomenoei hasiera eman zionean.

Hiri-espazioaren trazatua konplexua errekuperatu, interakzio soziala eta bizikidetasuna bermatzen zuten morfologiak sustatu, aisialdirako ekipamendu soziokulturalen eskaintza zabaldu, eta hirigunea auzoekin, eta hauek elkarren artean inbrikatzeko zuzkidura eta azpiegiturak diseinatzea izan ziren hiri funtzionalistaren dogmatismoa gaitzetsiz hiria barrurantz begira berregituratzeko ekimen nagusienak. Irizpideok hirigintzari buruzko legedian arau modura finkatu ziren bizi kalitatea bermatzeko gutxieneko estandarrak zehaztu zirenean. Hiriaren analisia eta eboluzio historikoa ulertzeko arkitekturatik abiatu zirenak, eta hiriaren forma arkitektura tipologiak proiektatuz definitu zutenak plangintza morfologikoaren aitzindari izan ziren. Oinarri eta metodologia honi jarraiki hirigune historikoak birgaitzeko planak ere sustatu ziren. Hori guztia garaiko joerak desafiatuz, Tendenza, italiar arkitekto talde neo-arrazionalistak sortutako mugimendu berriaren eraginpean.

Aintzat hartuta hirien tamaina historikoki baldintzatua izan dela higikortasunaren faktorearengatik, automobilaren erabilera zabaltzearekin batera, errepideak lurraldea kolonizatzen zihoazen heinean, hirietako nukleoetatik urrunduz erabilera anitzetako urbanizazioak irla moduan eraiki ziren, plataforma logistikoak, poligonoak, berrikuntza zentroak, parke teknologikoak, merkataritza gune handiak, kontsumoa gidalerro zuen gizartea hornitzeko; amerikartutako bizimodua gailentzearekin batera zentraltasun berriak sortu ziren hiriguneetatik at.

Hirien garapenak aberastasuna sortzeko hazkunde forma konplexuak eragin zituen, tradiziozko hiria konpaktua, dentsoa eta jarraitua bazen ere, hiritartutako eremuen dimentsioa bestelakoa zen, eta espazio geografikoan sortu ziren lurralde-elementu morfo-anitzak: komunikazio arteria gisa azpiegitura linealak, barreiatutako baserriak landa-guneari lotuak, soilik bizitegi erabilerara egokitutako jatorrizko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenak, muga nahasiak zituzten hedapen tamaina desberdinetako hiriak, zabalguneak, langileen auzoak, eremu industrialak, hiri-bilbetik urrun osasun zerbitzuak, kulturguneak eta hirugarren sektoreko jarduera isolatuak, esaterako.

Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera lurraldetasunari erreparatu zioten erakundeek; lurralde antolamenduaz arduratu beharra zegoen garapen jasangarria eta oreka lortze aldera, eta Europar Lurralde Antolamendurako Gutunak kontzeptua horrela definitu zuen: gizarte ororen politika ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoaren isla-espaziala, non bere helburua lurraldeen garapen orekatua den eta espazioaren antolamendu fisikoa. Honekin batera hiri-plangintza lurralde plangintzatik abiatu arazi zen, marko berri bat goitik beheranzko zehaztapenekin, hainbat diziplinaren arteko zeharkakotasuna exijitzen zuena, lurralde eskalak dakarren osotasun geografikoa, ekonomikoa, errealitate soziala eta politikoa kontuan hartuta, hau da, hainbat administrazio arlo edo sailen beharrak jakintza arlo anitzetatik saretuz, eta helburuak adostuz, konplexutasun maila ikaragarria bada ere. Lurralde antolamendua plangintza fisikoan oinarritzen zen herrialdeetan, gurea kasu, zonifikazioaren teknika erabiliz banatu zen espazio geografikoa, plangintza funtzionalaren oinarrian interes sektorial partikularrak agerian geratuz.

Bestalde, mundu digitalaren garapenak, IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) baliabide informatikoek, internetek espazioaren eta denboraren arteko loturak apurtu eta ahalbideratu zuen hirien espazio-denbora konfigurazio berria, birtuala, non erlazio esferak, pertsonalak, profesionalak, ez ziren egongo leku jakinetara errotuak, ezinbestean.

Alabaina, XXI. mendeko gizartea fluxuen (kapitalaren, informazioaren, teknologiaren, irudien, soinuen eta sinboloen) inguruan eraikita egon dagoela pentsatzen bada ere, (Castells, M. La era de la información. La sociedad red) giza garapena testuinguru kultural baten baitan baino ez da ulertzen. Hiria energia eta indar ekonomikoen eremu bektoriala ez ezik, proiektatutako eta eraikitako egitura edo euskarri fisikoa ere bada, gizarte balioak dituena, eta beraz, faktore soziologikoak bereizgarri dituena, hau da, gizarte-kapitalaren ezaugarriak ardatz harturik, elkarlana, leialtasuna, tolerantzia eta konfiantza (Florida, R. Who´s Your City?: How the creative economy is making where you live the most important decision of your life, eta Landry, C.The Creative City: A tool kit for urban innovators), eta beraz, sormen bideak sendotzen dituzten printzipioetan oinarritutako eraikitze prozesuak diseinatzean, eta justizia espaziala bermatze aldera, eskualde-oreka eta dibertsifikatutako hainbat interes sektorial erantzukizunez egituratzean ez ote dago lurralde antolamenduaren gakoa?

 

ONDORIOAK

Garaian garaiko botereak zehaztu ditu irizpide tipologiko eta morfologiko batzuk, hiribildu errealak, zabalgune burgesak, hiri-metropoliak, e.a. globalizazio fenomenoan murgilduta, datozen urteetara begira erronka nagusia da inguru fisikoaren ardura izan eta paisaia erakargarriagoak proiektatzea. Hirigintzaren zeregina arkitekturaren ikuspuntutik tokian tokiko birlurralderatze prozesuak sustraitzen dituzten esku-hartzeak izango direlakoan, XXI. mendeko hiritartzearen forma espazialak jadanik gizatiartutako lurraldean dauden hiritarturiko elementuak eta sistemak, ustiapen teknologikoak ekoiztutako ondarea birgaitzearen eta berroneratzearen ondorio izango dira, historiari, identitateari, kulturari atxikituta egongo direnak.