MEATZARITZA? EZ, MILA ESKER!

Bilboko Ingeniaritza Eskolan Meatze graduaren desagertze-prozesuari hasiera eman zaion unean hausnarketa bat egitea gustatuko litzaidake. Badirudi erremedio gabeko galera dela hau aspaldi gure lurraldean mineralak ustiatzen zituzten meatze handiak itxi zirelako eta gaur egungo harrobiak (eraikuntzako produktuen fabrikaziorako erabiltzen diren harrien ustiaketa instalazioak) txikiak izanik langile gutxirekin baliatzen direlako. Beraz, gure lurraldean lanbide honetan aritzeko bideratuak dauden ikasketak mantentzea bere zentzua galdu duela dirudi.

Hala ere, munduko industria guztientzat funtsezkoak dira lehengaiak prezio ahalik eta merkeenean lortzea euren lehiakortasuna bermatzeko. Printzipioz, lehengai asko dituzten herrialdeetako industriek abantaila izango dute, atzerrikoek prezio altuagoak ordainduko baitituzte material berdinengatik muga-zergak direla eta, besteak beste. Gure industria merkatuen gogaberen aurrean bereziki sentikorra da lehengai gehienak, energia barne, atzerrian erosten baititu. Agian, pentsa daiteke birziklapen sistema eraginkorrekin gure enpresen beharren zati garrantzitsu bat ase zitekeela. Egia da hainbat metal, zeramika eta polimero birzikla daitezkeela produktu berriak sortzeko, baina zoritxarrez lehengai guztiak ezin dira metodo honekin lortu prozesu hauetan degradazioak gertatzen direlako. Beraz, derrigorrean lehengaien iturri berriak behar dituzte.

Tamalez, mineralak ez dira lehengai berriztagarriak, agortu egiten dira goiz ala berandu eta honek inplikazio garrantzitsuak ditu: gaur egun aberatsa den herrialdea lehengai estrategikoak dituelako, bere erreserben ustiakuntza masiboa egiten badu egunen batean galdu egingo ditu guztiz.

Munduko potentzia ekonomikoak egoera honetaz jabetuta, lehengaien ez-ohiko iturrien bila hasi dira.Historian zehar alboko herrialdeetako aberastasunetan fijatu baziren ere, orain ikusita lur-gainazalean gero eta zailagoa izango dela euren lorpena, alde batetik arazo teknikoak direla eta baina baita ere arazo sozio-politikoengatik, beste posibilitate batzuk aztertzen hasi dira era serio batean. Bi dira gaur egun meatzaritzari iragartzen zaizkion bide berriak: alde batetik ur-azpiko meatzaritza eta bestetik espaziokoa.

1. Irudia: Nodulu polimetaliko baten adibidea. Iturria: WikimediaCommons

Ur-azpiko meatzaritzan hainbat saiakuntza egin dira eta aspaldi de Beers enpresak diamanteak ustiatzen ditu era eraginkor batean Namibiako kostaldeetan [1]. Ildo honetatik jarraituz, sakontasun handietara aurki daitezkeen nodulu polimetalikoak (ikus 1. Irudia) ustiatzeko interesa piztu da burdinan, manganesoan, kobrean, nikelean, kobaltoan eta lur arraroetan aberatsak izaten ohi direlako. Emaitza itxaropentsuak lortu dituzte Japonian eta Nautilus enpresak [2], kobrea eta urrearen lorpenerako, Papua Ginea Berrian egin dituen saiakuntzetan. Pazifiko aldean egin dira proba gehienak, oraindik Atlantikoan Europar Batasunak ez du argi nola kudeatu asunto hau [3]. Izan ere badira bi oztopo nagusi ustiaketa mota honetan: alde batetik, teknologia garatu beharra dago automatizazio-gradu handia lortzeko errentagarria izan dadin eta bestetik, ingurugiroan sortuko diren kalteak zeintzuk diren aztertu beharra dago, sakontasun handitara dauden ekosistemak maila handi batean ezezagunak baitira. Horiek ezagutu gabe zaila da aurresatea zeintzuk kalte jasango dituzten meatze ustiakuntzaren eraginez; horrela, arrisku hauek agerian uzten saiatzen ari dira ekologian eta maila legegilean lan egiten duten hainbat erakundeek [4]. Bide luzea iragarri zaio ustiakuntza modu honi Europan, baina ez horrenbeste legeri malguagoak dituzten herrialde ez (horren) aurreratuetan.

Espazioari dagokionez, Lurretik gertu igarotzen diren asteroideen ustiakuntza aztertzen ari dira zenbait enpresa pribatu. Mineralak eta ura izango lirateke lehengai interesgarriak eta gaur egun urrats garrantzitsuak ematen ari dira hauen lokalizazioan Estatu Batuetako Planetary Source (Washington) [5] eta Deep Space Industries Inc. (Kalifornia) [6] enpresak, adibidez.

2. Irudia: Asteroideen ustiakuntza. Iturria: NASA

Nahiz eta EEBBk eta Luxemburgok [7] gai honetan lehenengo postuak hartu nahian egon, badira zenbait kuestio konpondu behar direnak ustiakuntza efektiboa izan aurretik. Jakina, kasu honetan ere teknologia merkea eta automatizazio-gradu handia behar dira, baina horretaz gain 1967. urtean ehun herrialdeek Outer Space Treaty (OST) izeneko akordioa [8] sinatu zuten. Bertan planeten jabegoa ez zela herrialde baten esku geratuko eta euren erabilpen militarra ezin zela egin adostu zuten, besteak beste. Hau horrela, arazo politikoak sor daitezke marko legal berri bat sortzen ez den arte.Asteroideak enpresa pribatu baten jabegoa izan daitezke ala ur-internazionalek duten tratamendu berdina emango zaie? Hor dago eztabaida.

Mundu mailan guzti hau gertatzen den bitartean, gure txokoan Meatze Ingeniaritzako gradua desagerraraztea erabaki da zaharkitua omen dagoelako. Funtzionatzen ez duenak ez du merezi mantentzea diru-galera baino ez delako. Ados egon naiteke arrazoiketa honekin baina, hala ere, enbidia sentitzen dut zenbait herrialdeek dituzten ideia berri eta zoroekin eta horiek aurrera eramateko dituzten baliabide teknologiko eta ekonomikoen aurrean. Pena sentitzen dut ere, guretzat fikziozko gaiak direnak eurek errealitate bihurtuko dituztelako egunen batean eta ziurrenik hor gutako inor ez delako egongo, meatzaritza alorrean lan egiten behintzat…

[1] De Beers Group: https://www.debeersgroup.com/the-group/about-debeers-group/mines/namibia/marine-mining [2018-10-03]

[2] Nautilus Minerals: http://www.nautilusminerals.com/irm/content/default.aspx [2018-10-03]

[3] European Commission: https://ec.europa.eu/growth/tools-databases/eip-raw-materials/en/content/environmentally-responsible-deep-sea-mining [2018-10-03]

[4] Harvard Enviromental Law Review: http://harvardelr.com/2018/04/16/broadening-common-heritage/ [2018-10-03]

[5] Planetary Sources: https://www.planetaryresources.com/ [2018-10-05]

[6] Deep Space Industries Inc.: http://deepspaceindustries.com/ [2018-10-05]

[7] Mining.com: http://www.mining.com/luxembourg-joins-race-to-conquer-space-mining/ [2018-10-05]

[8] United Nations Office for Outer space affairs: http://www.unoosa.org/oosa/en/ourwork/spacelaw/treaties/introouterspacetreaty.html [2018-10-05]