EUSKARAZ, JO!

Pilota arloko xaxaria, arraia, kintzea eta ados terminoak aspalditik daude jasota euskarazko hiztegietan, baina garrantzitsua da jokoaren jatorria eta izaera ere ondo jasota ote dauden aztertzea, haren izana eta izena errespetatze aldera. Artikulu honen bidez, hitz horien jatorria eta esanahia argitzeko bidea ireki nahi da.

***

Hitzaurrea

Jean Haritschelhar euskaltzainburu eta pilotari ohiari egindako marrazkia ikus daiteke Xabier Euzkitzek aurkeztutako Bisitaria saioko fotograma honetan. Jean bera pasakan jokatzen ageri da, trinkete batean, eskularrua eskuin eskuan lotuta duela. “Euskara” idatzita duen pilota jo du, eta eskularruan txirrist eginez eraman.

Iturria: EITB, Bisitaria:

https://www.eitb.tv/eu/bideoa/bisitaria/4104917946001/45260/jean-haritchselar/ 2012/10/03 (37:04 minutua).

Pasaka izeneko pilota jokoan, pilota bizirik –hots, jokoan– dagoen bitartean, jokalariek ahalmen bat dute: iruditzen bazaie arerioari pilotak ez diola txirrist egin eskularruan, epaileari “nola?” edo “zer da?” galdetu diezaiokete. Epaileak, pilotak eskularruan ondo txirrist egin duela iruditu bazaio, “jo” erantzungo dio; txirrist ondo egin ez duela uste badu, berriz, “hartua”. Pasakan hartua esaten zaion horri atxikia deritzo esku-pilotan eta laxoan.

Zehatz-mehatz esanda, esku-pilotan, epaileak “atxikia” adieraziko du jokalariak pilota une batez bada ere hartu egin baldin badu; hau da, pilotari kolpea eman beharrean bultza egin badio. Eskularruarekin, ordea, pilotariak ez du pilota kolpatzen, eskularruaren eskumuturretik sartu eta puntatik ateratzen du, erremonteko mugimendu bera eginez. Puntarekin hartu eta xistera edo punta volearen mugimendua eginez jaso badu, “hartua” adieraziko du epaileak. Xistera jokoan, atxiki ttipia deritzo errebotean edo joko garbian egiten den pilota hartu eta botatzeko mugimenduari; xistera handiarekin jokatzean, berriz, atxiki handia esaten zaio.

Ikusi dugunez, euskaraz pilota arloko hitz asko ditugu, baina hitz horiek euskaratik al datoz? Euskaldun jaiotako jokoa al da pilota?

Pilota joko tradizionaletik datozen hitzen esanahia

Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian gure joko maitearen historiaren zati handi bat aurkituko dugu. Besteak beste, pilota jokoaren oinarrietara joanez gero, honela dago jasota xaxari hitza, bote-luzean, laxoan eta errebotean epaile eta esatari lanetan aritzen den pertsona izendatzeko erabilia:

xaxari (L-côte, BN-baig ap. A; Dv, H), txaxari (Lar <chaisari>), xatxari, xaxalari (H).

“Chazador” Lar. “Marqueur, au jeu de paume” Dv. “Chazador, contador de partidos de pelota” A.   Igandez, Eskualherrian, / eder laboraria! / Elizan, kantaz lorian; / plazan, pilotaria; / xahartu’ta, jar-harrian / juje’do xaxaria. ZbyRIEV 1909, 108. Pilotari zahar batzu eman ziren xaxari / Eta Pello bilo zuri paso-marran yuyari. Dib Bertsularien gudua1905, 3. Ikusi nituen pilotariak, galtza xuritan, xatxaria, herriko xantrea, mokanes gorria lepoan. Sokorri Gazte (sept.-oct.) 1957, 1. Artean zituztela, juja ta xaxari / sei gizon eskularruz joka pilotari. Gazte Junio 1959 (ap. DRA). Kondaria edo guk erraiten dugun bezala xaxaria, Xalbador izanen omen da. Pentsa zer persuak aterako dituen! Herr 21-12-1961 (ap.DRA). v. tbn. SoEg Herr 4-4-1967 (ap. DRA).

 (Fig.).   Zer egin zare, koplari zaharra, / gure anjeren xaxari zuhurra. Rob in Onaind MEOE 443.

Mexiko, Kolonbia eta Ekuadorren chaza izeneko pilota jokoa gorde dute gaur arte. Hego Amerikan, K.a. xiv. mendearen inguruan, maiak jada pilota jokoan aritzen ziren, baina, antza denez, xv. mendean Europatik eramandako pilota jokoa gailendu zitzaion. Maien pilota jokoarekin loturarik ba ote duen esan ahal izateko, ikerketa zabalago bat egin beharko litzateke.

Hiztegien arabera, pilotaren jatorriarekin zerikusi handia dute euskarazko xaxaria eta arraia hitzek, antzinako gaztelaniazko chaza edo chazador hitzek, eta frantsesezko chasse hitzak. Jokoaren izaera erakusten dute. Gainera, esango nuke xaxaria, arraia, faire une chasse eta aintzinako jeu de Paume eta longe paume hitzek joko berean dutela jatorria. Frantsesetik itzulitako edo hartutako hizkera dela dirudi.

Euskaraz, luzeko pilota jokoez ari garenean, kintzeak irabazteko bidean arraiak egiten direla esaten dugu; pilotak arerioaren zelaian bote egin eta alboko lerroren batetik ateratzen denean lortzen dira arraiak. Euskaraz hamabost hitza daukagunez, pentsa liteke kintze frantsesezko quinze hitzetik hartu dela (latineko quindecim).

1 arraia (V-gip; Ht VocGr 380, Lar, Añ (G), Arch VocGr, VocCB), arrai, arrae (V-gip), arraa (V-gip), arra (Hb ap. Lh), arrea (S), erraia (Mic <erajea>, Añ (V)), erreia (V-gip), raia (Lcc). Ref.: Lh (arra); Etxba Eib (erreixia); Iz ArOñ(arráa); Elexp Berg.

 Raya, línea. “Raya, señal, raia, señalea” Lcc. “Ligne” Ht VocGr. “Raya, línea” Lar. “Venero, línea que señala las horas en los relojes del sol” Ib. “Lerroa, herrunka, arraia, la ligne, le rang, la raie” Arch VocGr. “Erreixia eiñ eban lurrian, nundik urten aitzen emoteko jokolarixeri” Etxba Eib. “Bidasoa ibaixa da erreixia, Españian eta Franzian artian” Ib. “Arráa bat […] raya […]. Arra/e bat” Iz ArOñ. “Raya. Kuaderno guztia arraixaz eta borroiz beteta dauka” Elexp Berg.

 (Lar, VocBN, Dv, H). “Chaza” Lar. “Signe au point oû la balle s’est ou a été arretée au jeu de paume, établissant la ligne qui doit être dépassée pour gagner le point suivant” VocBN. “Arrai, arraia, sin. de xaxa, t. de jeu de paume, point sur lequel la balle a été arrêtée dans l’enceinte supérieure” Dv. “Terme de jeu de paume. Arraia iragaitea, passer la raie” H. v. xaxa. Cf. infra ARRAIA EGIN, ARRAIA IRABAZI.   Pilota bat baratua denean paso-marraren eta erreboteko eskasaren artean, horri erraten zaio xaxa edo arraia. Zby RIEV 1908, 88. Plazaren zolako alderdikoek egin ahala egiten dute erreferaz jabetzeko. Hortako behar dituzte bi arraia joko berean. Ib. 88. Batek edo bertzeak kuante balin badu, orduan kuanteko arraia bakharra aski da zolakoen erreferarat eta erreferakoen zolarat aldaratzeko. Ib. 88.Erreferariak huts eginez, pilota handik atheratzen bada, erreferatua balitz bezala da eta lau metretan arraia. Ib. 88. Arraia bakotxa erreferan sarthu denarentzat paso-marra balitz bezala da. Ib. 88. Erreferaria da / beldur arraiaren, / Eta kuarentaduna / ados jaustearen. Ib. 93.

Lerroetara edo arraiatara jokatzea dute oinarritzat jeu de paume jokoak, gaur egungo bote-luzeak (xvi. mendeko artxiboetan juego de pelota deritzo) eta geroagoko laxoak (xviii. mendeko artxiboetan juego de pelota con guante deritzo). Bizirik eutsi dio, beraz, gaur egunera arte, gure kulturaren zati garrantzitsu batek.

Juan Garmendia “Xaxaria”. Laxoa pilota jokoko finala, Arraiozen, 2012ko abuztuaren 4an.
Argazkia: Javier Carballo.

Pilota jokoaren beste bereizgarri bat tantoak kontatzeko modua da. Antonio Scaino elizgizon eta idazleak berak ere aipatu zuen Trattato di Giuoco da Palla (Venezia, 1555) lanean, pilota jokoari buruzko lehen liburutzat hartzen denean. Tantoak kontatzeko moduari buruzko hainbat teoria daude, baina argi dago erlazio zuzena duela jokoaren espazioaren proportzioarekin: joko eremuaren luzera 60 “neurriko” lursaila da, eta 15, 30, 45 eta 60 metro luze diren lau zatitan dago banatuta; pilota soro edo plazen proportzioa, berriz, 4 luze eta 1 zabal izaten da. Jokoaren helburua da ahalik eta eremu handiena eskuratzea, arerioari beretik kenduz.

Teoriak teoria, luzeko pilota jokoetan, kintzea lortu nahi bada, pilotak pilota soro edo plazaren atzeko muga gainditu behar du, edo, bi arraia jokoan daudenean, atzeko muga edo arraia bera. Kintzea bi aldiz eginez gero, pilotari taldeak treinta edo trente, lortuko du; eta beste kintze bat eginez gero, kuarenta edo kuante (frantsesezko quarante hitzetik); quarante cinq edo kuantezink alde batera utzi eta kuante onartu da, eta, euskaraz berrogei hitza edukita, hori ere frantsesetik hartua izan dela dirudi.

Pilota joko eder honen berezitasunetako bat da irabazleak nagusitasun argia erakutsi behar duela; ez dago erdibiderik. Izan ere, jokoaren irabazleak –hau da, 60ra iristen denak– bi kintzeko aldea atera behar dio arerioari, garaipena ez dadin zorte on hutsa izan. Edo, bi bider zorte ona izanez gero, ez dadin kasualitatea izan.

60ra iritsi aurretik bi taldeek 40na berdintzen badute, xaxariak, “kuante berdin” beharrean, “a dos, jaunak, a dos” esaten du. Baina, zer esan nahi du horrek? Bada, jokoa irabazteko, bi kintzeko aldea atera behar diola talde batek besteari. Behin eta berriz gogorarazten du, taldeetako batek bi kintzeko aldea lortzen duen arte. Berdinketa dagoenean, “a dos, jokoz eta oroz” esaten du xaxariak; partida irabazteko bi jokoko aldea behar dela, alegia.

Errebote jokoan, xix. mendeaz geroztik, 30na berdintzean, ez dute “trenta berdin” esaten, “ados” baizik (a eta dos elkartuta), ohartarazteko bi jokoko aldea behar dela partida irabazteko. “Kuarenta trenta” esan ondoren, “kuarenta berdin” esan ordez, “ados” esaten da.

A dos euskaraz, a dos gaztelaniaz, a deux frantsesez eta deuce ingelesez.

Juan Garmendia “Xaxaria”. Errebote jokoa Villabonako plazan, 1980an.

Argazkia: Javier Carballo.

xix. mendean, luzeko jokoen gainbehera heldu zen. Errebote paretetan, elizaurreetan eta beste hainbat lekutan, pleka, blaid, ble edo ple izeneko jokoa jarri zen boladan. Hemengo agintariak joko hori debekatzen saiatu ziren hainbat bando eta araudiren bidez, ez baitzuten plazetan luzeko pilota jokoak galtzerik nahi.

plekari (AN, L, BN, S; Dv), blekari (S; Foix ap. Lh). Ref.: A; Lh (blekan, plekari).

“Joueur de paume au mur” Dv. “Jugador de pelota a ble” A.   Kintzeek ez dute han akhabatzerik plekari lehertueri hatsak eskas egiten diotenean beizik. Zby RIEV 1908, 85. [Frantzian] plekariak sahetseko paretarik gabe artzen dire, Espainian baino meritu gehixagorekin. Ib. 85. Blekarietarik biga ukurtu ziren. JE Bur 31. Argitasun zonbeit emaiten nazkoten pilota-jokoaz eta plekariez. Herr 12-9-1957, 3. Xixtera ukaldian plekariak pilota behexten baitu, eta sak, hautatu zilhoan nehor ohartu gabe kokatzen. SoEg Herr 11-11-1965, 1. Kartielak ukhen dian blekari hoberena zen [Etxart-Larrau]. Herr(ap. DRA). Ikusiz plekariak / nihun pare gabiak, / oro oihuz hasten dia. Mattin 61.

Plekarekin, banakako norgehiagokak nagusitu ziren, garaiko ikusleen zorionerako; izan ere, betiko pilota jokoak ez zitzaizkien hain erakargarriak iruditzen. Horrekin batera, herri arteko taldeen garaia atzean utzi eta idoloen garaia iritsi zen. Taldeetako pilotari onenak banakako norgehiagokatara gonbidatzen zituzten. Partida horiek tantotara jokatzen ziren, batzuetan bietako bati abantaila emanda, eta partida berean eskularrua, pala eta eskua erabiltzen zituzten. Partiden iraupena ere desberdina izan zitekeen: 60 tantora, 80 tantora…

Usadioaren arabera, azken tantoan berdinketa baldin badago, jokalarietako baten edo bestearen nagusitasuna argi uzte aldera, azken tantoa ados egitea erabaki daiteke; hau da, a ella egin beharrean –gaur egun tenisean tie-break edo muerte súbita deritzona–, ados egitea. Halakoetan, 21na berdindu bada, 23 tantora luzatzen da partida; 22na berdinduz gero, 24 tantora… Hala eta guztiz ere, aukera hori ez dago araututa.

Enpresa gizonek, plekarekin negozioa egin zezaketela ohartu zirenean, pilota joko hori ikuskizun bihurtu zuten. Pilotariak, artisten modura, plazaz plaza eramaten zituzten, jendea erakartzeko. Herri arteko pilota jokoaren gainbeherarekin batera, pilotariak zirko berri haren protagonista bilakatu ziren, eta frontoiak, antzoki.

xix. eta xx. mendeetan, euskarazko hiztegietan jasotako xaxari, arraia, kintze eta ados hitzak alde batera geratzen joan ziren, pilota jokoa bezala. Pleka zen nagusi.

Krisi garai hartan, galtzear zegoenaren garrantziaz konturatu zirelako, akaso, bolada berri horren aurka agertu ziren hainbat idazle, kultur gizon eta herri gizon; besteak beste, Gorosabel, Antonio Peña y Goñi eta San Martin mediku nafarra. Pilota jokoaren gainbehera kritikatu zuten, eta plekaren balio eskasak azpimarratu. Baina alferrikakoa izan zen.

Hala eta guztiz ere, historiak arrazoia eman zien kritiko horiei. Ehun urte geroago, gure herrietako plaza nagusiak guztiz eraldatu ondoren, plekaren oinordekoa den pilota joko berriak ez du herri kirol baten itxura izpirik. Pilota joko berriaren industriak amua jartzen jarraitzen du ikusleak eta kirolariak erakartzeko, baina ez du zerikusirik herritik sortutako betiko pilota jokoarekin.

xx. mendean turismoa izan zen Iparraldeko industrietako bat, eta, beraz, amu modura erabili izan dira gure pilota jokoa eta pilota joko berria, oso estimatuak baitira; galduta zegoen antzinako xaxarien oihartzuna ere berreskuratu da plekatik eratorritako pilota joko berrietan; esate baterako, antzerkizko xaxariak egoten dira ezker paretako edo frantsesez pelote au mur à place libre eta pelote au mur à gauche deritzen modalitateetan, nahiz eta ez duen batere zentzurik jokoaren izaeran. Izan ere, ezker paretako pilota jokoan ez da arraiarik adierazi behar, baina antzerkizko xaxaria horiek banakako tantoak kontatzen dituzte, turista eta ikusle ezjakinentzat pilota joko berriaren antzerkia apaintzeko. Hegoaldean, ezker paretako pilota jokoa asmatu zen lekuan, ez da halakorik egiten. Beraz, ezker paretako pilotalekuetan, antzoki bat izango balitz bezala, eta jokoaren zentzuarekin loturarik gabe, “a dos, jaunak, a dos, beatzi berdin”, “sakeak bi, errestoak esperantza” eta horrelakoak esaten ausartu dira, ikusleei eta, batik bat, jokoari egiten ari diren kalteaz eta iruzurraz konturatu gabe. Herriko plazan luzeko pilota jokoa ikusten egongo balira bezala!

Hainbat urte igaro badira ere, xix. mendean plekarekin kritiko agertu zirenei arrazoia eman behar diegu beste behin ere: gure plazak erabat aldatu dira, eta, hori ez ezik, plekaren oinordeko den pilota joko berriak (gaztelaniaz, nuevo juego de pelota) hizkuntza eta jatorrizko pilota jokoaren esanahia eta izaera bereganatu nahi izan ditu.

Esaten ari garena argi eta garbi ikus daiteke ados hitzaren esanahiaren bilakaeran: erabat errotuta dago gure hizkuntzan, eta, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, ez du esan nahi “jokoa irabazteko bi kintzeko aldea” egotea, baizik eta “tanto kopuru berean” egotea. Eta hori ez da hitzaren ez jatorrizko ez oraingo esanahia; euskal pilota joko tradizionalean ez, behintzat. Eta zein da, bada, hori gertatu izanaren arrazoia? Aspergarri gerta daitekeen plekaren kontaketa-sistema erakargarri bihurtu nahi izatea? Pleka joko berriaren hitz apurrak ugaritu eta aberastu nahi izatea?

Ados hitzaren jatorria

Hona hemen zer zioen eta dioen Euskaltzaindiako Hiztegiak1:

ados

1 adb. Tanto kopuru berean39an ados eta batek galdu behar.

Hona hemen zer zioen eta dioen Orotariko Hiztegiak2:

2015ean Orotariko hiztegiak esaten zuena.

ados (B ap. Izeta BHizt2; Lar, H).

1. Empatado en el juego. “A dos, en el juego de pelota, ados” Lar. “Égalité, ou égal en points, au jeu de paume. Ados egin dute, ils ont fait autant de points l’un que l’autre. Ados dire, ils sont égaux” Dv. “Terme de jeu de paume: à deux de points” H. “Hacer los mismos tantos en un partido de pelota. Ados erabiltzen da Baztanen, batez ere pilotan, laxoan ari direnean eta berdintzen direnean: Ados yaunek ados!” Izeta BHizt2. v. allos.   Bi alderdiak kuantean berdintzearekin, biak jausten dire trenterat eta oihu egiten da ados. Zby RIEV 1908, 88. Erreferaria da / beldur arraiaren, / Eta kuarentaduna / ados jaustearen. Ib. 93. Oraino 24-na ados ziren halere. Arraya Herr 23-3-1961 (ap. DRA).

2018an Orotariko hiztegiak esaten duena.

ados (B ap. Izeta BHizt2; Lar, H).

1. (Estar, etc.) empatado en el juego de pelota (es decir, a falta de dos tantos para ganar el juego; v. Harlh BMB2012 (I), 89ss). “A dos, en el juego de pelota, ados” Lar. “Égalité, ou égal en points, au jeu de paume. Ados egin dute, ils ont fait autant de points l’un que l’autre. Ados dire, ils sont égaux” Dv. “Terme de jeu de paume: à deux de points” H. “Hacer los mismos tantos en un partido de pelota. Ados erabiltzen da Baztanen, batez ere pilotan,laxoan ari direnean eta berdintzen direnean: Ados yaunek ados!” Izeta BHizt2. v. allos.   Bi alderdiak kuantean berdintzearekin, biak jausten dire trenterat eta oihu egiten da ados. Zby RIEV 1908, 88. Erreferaria da / beldur arraiaren, / Eta kuarentaduna / ados jaustearen. Ib. 93. Oraino 24-na ados ziren halere. Arraya Herr 23-3-1961 (ap. DRA).

 (Estar, etc.) empatado (siguiendo sistemas de puntuación distintos del tradicional). “Il est loisible d’entendre au cours d’une partie des annonces telles que: Ados Jaunak ados, bosna berdin (égalisation à cinq points)” Harlh BMB2012 (I), 98.

Orotariko Euskal Hiztegiak, 2015etik 2018ra, atondu badu ere ados hitzaren esnahia eta jatorria. Hala ere, Jean Haritschelarrek Bouletin du Baionne a dos jaunak a dos en ñabardura azaltzen da, hau da, onargarria dela plekan ados tantotan berdintzen denean esatea.

Euskaltzaindiak ez ditu aldatu pilota joko, pilotari, xaxari, arraia eta kintze hitzen esanahia eta jatorria, pilota joko historikoari dagozkiolako; xvi.-xix. mendeetatik pilota joko edo plazako joko zuzen deritzenei (bote-luzea, errebotea eta laxoa), alegia. Euskaltzaindiak aldiz, hiztegian sartu du, ados hitza, a dos hitzari aipamenik ere egin gabe, pelota joko berriak (bleka edo plekak) pilota joko tradizionalaren hitzak hartu duela esan gabe.

Nire ustez, pilota joko tradizionaletik datozen hitza (a dos) esanahia ez da behar bezala zaindu. Betiko pilota jokoa inoiz aldatu ez bada ere, Euskaltzaindiak pilota joko berriari iparraldean egokitu zaion hitza eta esanahia onartu du. Hiztegian ez dira ondo bereizten pilota jokoa –plazetan eta kaleetan jokatzen dena (laxoa eta errebotea luzean, eta pasaka motzean)– eta pilota joko berria edo pleka. Euskaltzaindiak plekari eman dizkio hitzak, izana eta izena, eta umezurtz utzi du euskara horrenbeste hitzez hornitu duen euskal pilota joko tradizionala. Uste dut zuzendu egin beharko lukeela hutsunea, ados hitzak ez baitu berdinketa esan nahi pilota jokoan. Hiztegia zaintzen ez badugu, galdu egingo ditugu gure herriko historiaren parte den pilota jokoaren izena eta izana.

Euskarak handik eta hemendik hartu dituen hitzak eta esamoldeak euskara batura ekartzea legezkoa eta beharrezkoa den bezala, uste dut errespetatu egin behar direla pilota jokoaren bilakaera jasotzen duten esamoldeak, haren izena eta izana biltzen dituztelako. Hizkuntza aldatu egiten da denborarekin, baina, pilota jokoa bizirik dagoen bitartean, hitzen esanahia errespetatu egin beharko litzateke.

Ondorioz, honats egiten dudan ekarpena, Euskaltzaindiak kontutan hartu dezan:

ados

1 adb. Bi kintze falta jokoa irabazteko. A-dos jaunak a-dos! Pilota joko tradizionalean (kontaketa kintzetara izanda 15,30,40 eta 60 edo jokoa dena), jokoa lortzeko bi kintze tako aldea lortu behar dela adieraztea, 40 tara berdintzen dutenean. Bi taldeek 30 berdin etara jaisten dutelarik puntuazioa.

2 adb. Tanto kopuru berean. Ados jaunak ados!. “A dos jaunak a dos” etik egindako moldaera bitxia. Iparraldean pleka, bleka edo pilota joko berrian puntutara (kontaketa banaka eta ez kintzetara) berdintzen dutenean egiten duten adiera. Joko tradizonalean duen esanahiarekin zerikusirik ez duena.

Bibliografia

Gonzalez Abrisketa, O.: “Pelota Vasca un ritual una estetica”. Bilbo, 2005.

Blazy, E.: “La pelote Basque”. Paris, 1929.

Sacaino, A.: “Trattato del giuoco della Palla”. Venezia, 1555.

Gorosabel, P.: Diccionario Histórico Geográfico Descriptivo del los Pueblos (…) de Guipuzcoa”. Tolosa, 1899.

Peña y Goñi, A.: “La pelota y los pelotaris”. Madril, 1892.

Abril Rey, E.: “Dos siglos de pelota vasca. En defensa del juego del rebote”. Donostia, 1971.

Basterretxea, A.: “Euskaldunen pilota jokoa”. Bilbo, 2009.

Sagaztizabal, Fco J.: “Apuntes Durangueses sobre el nuevo juego de pelota”. Bilbo, 1996.

Arraztoa, T.: “Laxoa Guante. La modalidad ma santigua de la pelota”. Iruñea, 2004.

Bringas, M.: “Estrategia, Táctica y Técnica en la pelota vasca”. Gasteiz, 2003.

Haritschelhar, J. “A dos Jaunak A dos” Le Bulletin du Musée Basque, Bayona 2012