MANEX ETA ZAURIA

Irailean, oporrak bukatu eta Manexek berriz ere herriko eskolara joaten hasi behar izan zuen. Egun batean, goizeko hamaiketan, ohi bezala, jolas ordua iritsi eta haur guztiak kalera atera ziren.

Goiz hartan, dena delakoarengatik, Manexi eta bere mahaikideari oilategi bat bisitatzera joatea bururatu zitzaien. Horretarako, eskolatik abiatu eta gorantz jo zuten, herria aldapa handi batean baitzegoen kokatuta. Malda bat igo ondoren, bidea, tartea batean behinik behin, nahiko zelaia zen. Bukaeran, beste aldapatxo bat jaitsi behar izan zuten oilategira iritsi baino lehen.

Azken gauean, herrian euri dezente bota zuen eta horrexegatik, bide tarte hartan, lokatz pixka bat zegoen. Oilategira iristear zirela, goitik beherako maldatxo hartan, Manexen mahaikidea irristatu eta lurrera erori zen, ipurdiz gora. Ez zuen minik hartu, baina galtzak pixka bat zikindu bai. Aida batean jaiki eta berehalaxe iritsi ziren oilategira. Kanpoan, pixka batean kuxkuxean eta ikusmiran aritu ondoren, jarraian barrura sartu ziren.

Une hartan, oiloen artean, hiru hormatxori zebiltzan ahal zutena jaten: janari hondarrak, oilo-pentsua eta abar. Haietako bik, berehala aurkitu zuten zirrikituren bat alde egiteko eta halaxe joan ziren, ziztu bizian, hegaka. Hirugarrena, ordea, motelki eta baldarkiago ibili eta Manexen atzaparretan erori zen. Izan ere, Manexi ia-ia ezinezkoa gertatzen zitzaion, txori bat hurbil ikusi eta harrapatzen ez saiatzea. Hala ere, baserritar txikia segituan ohartu zen harrapatutako hegaztia hormatxoria zela, eta jarraian, aida batean gogoratu zuen zer jazo zitzaion uda hartan bertan, beste hormatxori bat atzeman zuenean herriko etxe baten ganbaran, beste lagun batekin, garia jotzeko garaian: kaiolarako balio ez, heldua eta basatia zelako, eta, azkenean, konjuru lekuan askatu egin zuen.

-Aizak, hi! Txori honek ez ziguk balio eta bota egin behar diat, E? -esan zion Manexek adiskideari.

-Ez, ez, ez! Emadak niri, hi! -eskatu zion bizitasunez mahaikideak baserritarrari, baina, ordurako, Manexek askatua zeukan txoritxoa eta laguna gogotik haserretu zitzaion.

-Baina, baina, hi!, baboa haiz edo zer? Ez al diat esan, ba, txori hori nahi nuela?

-Bai, baina, lehen ere esan diat nik, ba, hormatxori helduek ez dutela balio kaiolan edukitzeko! -ihardetsi zion Manexek irmotasunez.

-Ez niri adarrik jo, e! Aditu? -aurpegira bota zion lagunak-. Ba, nik nahi nian!, eta, hiri, zer axola zaik zertarako nahi nuen nik? -bukatu zuen mahaikideak amorru bizian.

Halako batean, ezkila dorreko kanpai hotsek hamaika eta erdiak jo zituzten. Manexek, estu eta larri:

-Berandu gabiltzak! Goazemak azkar!

Gauzak horrela, txoriaren kontua alde batera utzi eta eskola aldera abiatu ziren ziztu bizian. Lehenik, aldapan gora. Estutasun hartan, Manexi eskuin oinak irrist egin zion atzerantz, lokatzetan, maldan behera, eta belaunarekin jo zuen lurra. Zoritxarrez, parean, kareharri txiki zorrotz bat zegoen eta hark zauri sakon bat egin zion mutikoari belaunburuan. Gainera, galtza motzetan zebilenez gero, odol jarioa are nabarmenagoa zen oraindik. Baserritarrak, ikaraturik, zera eskatu zion lagunari:

-Aizak, hi! Nik izebaren etxera joan beharko diat zauri hau sendatzera. Hik, mesedez, esaiok maistrari zer gertatu zaidan! Gero joanen nauk!

Eskolako mahaikidea isilik gelditu zen; ez zion deus ere erantzun eta ikastetxe aldera abian jarri zen lasterka, baina ez zegoen bere onean. Amorrazio puntu handi bat zeukan, Manexek txoria ez ziolako eman.

Bitartean, ordu laurden baten buruan, gutxi gorabehera, Manex izebaren etxerako joan-etorria egin eta eskolan agertu zen lasai samar, lehenengo sendaketa izebak eginda.

Maistrak, mutikoa ikusi bezain azkar, tente jarrita, serio eta kopletarako itxurarik gabe:

-Nondik heldu haiz hi hain berandu? -emakumeak zorrotz eta kopetilun, erdara batuan.

-Izebaren etxetik -mutikoak, nahiko patxadatsu.

-Nola, izebaren etxetik? -maistrak, haserre.

-Bai! Zera, Albertok ez dizu deus ere azaldu edo zer? -Manexek, harrituta.

-Ez! –Modu lehorrean-. Eta, zer argitu behar zidan, ba, Albertok? -irakasleak, nagusikeriaz.

-Ba, jostaldian eroriko bat izan dudala, zauri bat egin eta izebaren etxera joan naizela sendatzera. Begira ezazu, belaun honetan gertatu zait! Ikusten al duzu esparatrapua? -mutikoak behatz erakuslearekin ikusarazi zion lekua, espainiera garbian.

-Egia al da hori, Alberto? -emakumeak ikasleari, txantxarik gabe.

-Ez! -Manexen mahaikideak, maltzurki-. Hori atzo egin zuen; gaur goizean, eskolara etorri orduko, esparatrapua hortxe zeukan, -bukatu du Albertok, mendekuarekin pozik. Manexek, ordea, gorrotozko begirada zorrotz bat bota zion mahaikideari, zeharo harrituta; zur eta lur!

-A, bai, e? -esan zion maistrak baserritar txikiari, harropuzkeriaz eta gailentasunez-. Joan arbelera oraintxe bertan eta idatzi hogei aldiz “Ez naiz berandu iritsiko eskolara!”, eta beste hogei aldiz “Ez diot gezurrik esanen maistrari!”. Eta gogoratu bukatu arte ez haizela eskolatik kanpora aterako! –mehatxu egin zion irakasle erdaldun zipotzak.

Manex ez zen ausartu protestatzera eta arbelera joan zen kuzkur-kuzkur eginda, bi esaldi haiek hogeina aldiz idaztera, baina amorruz beteta joan ere. Ez zuen inola ere ulertzen Albertok zergatik egin zion joko zikin hura, deus ere azaldu gabe. Txoriaren gertaera gogoratu bai, gogoratu zuen, baina, egia esatera, ez zuen pentsatzen horrela jartzeko modukoa zenik. Dena den, hantxe idatzi behar izan zituen berrogei esaldi madarikatu eta aspergarri haiek, isilik eta apaltasunez. Bihotz onekoa zen, baina, momentu haietan, benetako gorroto gorria sentitu zuen bere mahaikidearenganako.

Egun hartan umilduta eta lotsagorriturik atera behar izan zuen eskolatik, ikaskide guztien aurrean gezurti batean moduan agertu eta gero. Burutik mendekurako gogoa eta grina ezin zituen kendu.

Hala ere, denborak aurrera egin zuen eta handik egun batzuetara, eskolan gauza bitxi bat gertatu zen. Egunero bezala, goiz hartan ere ikasle guztiak maistrarekin eskola barruan ari ziren lanean, lasai samar, antza denez. Irakaslea, bere mahaian, oholtza txiki baten gainean, ikasleen ariketa batzuk zuzentzen. Minutu batzuk igarotakoan, dirudienez, ariketen zuzenketa bukaturik-edo, zutitu eta oholtza hartatik jaitsi zen emakumea, ikasleen ingurura joateko. Baina, halako batean, maistra ikasleen mahaien artean ikuskatzen zebilenean, egundoko burrunba entzun zen ikasgela hartan. Ikasleek buruak ziztu batean altxatu zituzten beren liburuetatik; izuturik! Maistrak, harrituta, era berean itzuli zuen lepoa bere mahai aldera, jakiteko zer arraio gertatu ote zen han.

Denek, berehala eta ikaratuta, hauts-hodei erraldoi bat ikusi zuten beraiengana zihoana, mamu mehatxatzaile baten moduan, eta maistraren mahai gainean zabor eta hondakin mordo ikaragarri handi bat agertu zen, goitik eroria. Dirudienez, mahai haren gaineko sabai aizuna zaharkituta eta hondaturik zegoen, eta dena gain behera joan zen tximistaren pare. Maistra hari-haritik libratu zen. Hura estutasuna!

Egoera pixka bat baretu zenean, irakasleak neska-mutil zaharrenetako pare bat, alkatearen bila bidali zuen kontatzeko gertatutakoa eta laguntzera joan zedin. Bien bitartean maistrak gainerako ikasle guztiak kanpora bidali zituen, jostatzera, gaztetxoen segurtasuna bermatze aldera, alkate jauna iristen zen bitartean. Handik minutu batzuetara ailegatu ziren alkatea eta bi neska-mutikoak, beste bi gizonezkorekin, pala, erratza eta saskia eskuetan zituztela.

Hiru gizonezko haiek segituan ekin zioten eskolako zaborrak bildu eta ateratzeari. Zoru guztia garbitu ondorenean, sabai aizun aldera begiratu eta hondakin gehiago erortzeko arriskurik ez zegoela iritzi zioten alkateak eta. Ondorioz, beraiek hanka egin eta haurrek eskola barruan jarraitu zuten ikasten.

Momentu jakin batean, Albertok eta beste mutiko batek elkarri begiratu eta barre algaraka eztanda egin zuten, gogoratuta maistrak zer-nolako arriskua pasatu zuen berrogei bat minutu lehenago. Hura ikusita, irakasleak haserre bizian jarri eta bi mutikoak, beste guztien aurrean belauniko jartzera behartu zituen, zigor gisa. Gainerako ikasle guztiek berriz ere lanean jarraitu zuten, harik eta Albertori berriro ere barregalea etorri zitzaion arte, oraingoan berari bakarrik. Hantxe hasi zen, lehenik, irribarre isilean, gero, zarata pixka bat eginez, eta, azkenik, barre algara ozenetan lehertuta. Jakina da, batzuetan, zenbat eta isilago egon behar den, orduan eta zailago gertatzen dela, eta, huraxe bera suertatu zitzaion Albertori ere, aldi hartan.

Maistra andreak hura entzunda, sumindurik eta ozpinduta jarri eta Albertorengana joan zen aida batean, bi aldiz pentsatu gabe. Mutikoaren ondora iritsi bezain laster, egundoko belarrondokoa eman zion, hitzik ere esan gabe. Alberto, lurrera, muturrez aurrera! Zaplaztekoak berebiziko zarata atera zuen, eta, horren ondorioz, beste ikasle guztiak mutu eta izuturik gelditu ziren bat-batean. Mutikoa negarrez hasi zen. Hala ere, maistrari, nonbait, ez zitzaion aski zigor iruditu, eta segituan hauxe agindu zion:

-Tira! Zutitu eta hoa arbelera tximista baino azkarrago, deabru hori! Hartu klariona eta idatzi berrogeita hamar aldiz “Ez diot maistrari barrerik eginen!”. Mugitu! Berehala, ergel halako hori! Eta gogora ezak bukatu arte ez haizela etxera joanen, madarikatu alaena!

Alberto gizajoak ez zuen beste ihesbiderik izan, segituan idazten hastea baino, lehenbailehen bukatu ahal izateko, oso ongi bai baitzekien hantxe ez zuela erruki eta barkamen zipitzik ere izanen.

Egun hartan, Manex pozik atera zen eskolatik, mendekua gauzatuta, baina, baita pixka bat ikaratuta ere.